Unicajako entrenatzailea

Ibon Nabarro: «Taldea kudeatzea da entrenatzaile batek egun daukan lan nagusia»

Pablo Lasorekin eta Roberto Iñiguezekin batera, azken urteetan goi mailan titulu gehien irabazi duen Euskal Herriko saskibaloi entrenatzailea da Nabarro. Bost irabazi ditu azken bi urte eta erdian, Unicajarekin.

Ibon Nabarro Unicajako entrenatzailea. CARLOS DIAZ / EFE
Ibon Nabarro Unicajako entrenatzailea. CARLOS DIAZ / EFE
ainara arratibel gascon
2025eko apirilaren 5a
05:05
Entzun 00:00:0000:00:00

Ohikoa izaten da askotan etxetik urrun joan behar izatea bidea egiteko. Hala gertatu zaio Ibon Nabarrori (Gasteiz, 1976). Saskibaloi entrenatzaile izan nahi zuen, eta lehen urratsak egiteko Tenerifera joan behar izan zuen. Ondoren, bederatzi hilabetez Baskonia entrenatzeko aukera izan zuen, baina Malagan lortu du loria, Unicajan. Gasteizko esperientziaz argi mintzatu da. «Goizegi iritsi zitzaidan, eta ez nuen disfrutatu. Orduan bizi izan nituen gauzetako asko beste modu batera kudeatuko nituzke egun dudan eskarmentuarekin»

Hamar urte dira Baskonia utzi zenuenetik. Zer moduz joan dira urte hauek?

Bizkor pasatu dira. Esango nuke pertsona eta entrenatzaile moduan garapen bat izan dudala, eta biak eskutik joan direla.

Ondoren, Manresan, Murtzian eta Andorran aritu zara entrenatzaile, eta, orain, Malagan, Unicajan. Nolakoa izan da bidea?

Entrenatzaileak, normalean, behetik hasten dira; ni, berriz, Baskonian hasi nintzen, Euroligako talde batean. Esperientzia hori goizegi iritsi zitzaidan. Ez nuen asko disfrutatu. Manresan oso baliabide gutxi izan nituen taldea osatzeko. Beste taldeetan egoera hobetuz joan zen, gaur arte.

Entrenatzaile zarenetik urratsik handiena Unicajan egin duzula uste duzu?

Unicajan izan dut lan egiteko baliabide gehien. Nik ez dut makila magiko bat. Garai aproposean iritsi naiz hona, eta asko gozatzen ari gara. Momentua oso polita da, 2005 eta 2007 bitartean egon zen tokira eramaten ari garelako kluba.

Jendea egiten ari zareten jokoa nabarmentzen ari da, batez ere erasoan. Oso talde erakargarria zarete jokatzen ikusteko.

Juanma Rodriguez kirol zuzendariak eta biok antzeko ideiak dauzkagu jokatzeko moduaz eta saskibaloia hartzen ari den norabideaz: postu ezberdinetan jokatzeko gai diren jokalariak gero eta garrantzitsuagoak dira, jokoa gero eta fisikoagoa eta bizkorragoa da, hirukoak gero eta garrantzi handiagoa hartzen ari dira... Horrekin batera, multzoak duen izaerak ere asko laguntzen du. Taldean pentsatzen duten jokalariak ditugu. Fokua non jartzen duzun ere erabakigarria da. Irabaztea garrantzitsua da, baina niretzat inportantea da ere taldeak zer transmititzen duen: balioak, jokatzeko era bat...

«Irabaztea garrantzitsua da, baina baita taldeak zer transmititzen duen ere: balioak, jokatzeko era bat...»

Entrenatzaile zarenetik garairik onenean zaude?

Espero dut ezetz [irribarrez]. Klubean oso eroso nago: lan egiten uzten didate; nahi genuen jokalari multzoa lortu dugunean, ahalegin handia egiten dute horri eusteko... Horri esker, ez gara denboraldiro hutsetik hasi behar izan, eta gehiago garatu ahal izan dugu gure jokatzeko era. Ez nuen inondik inora espero horren aro arrakastatsu bat izatea. Are gutxiago hain denbora gutxian. Bi urte eta erdian bost titulu irabazi ditugu; izugarria da. 

Gasteizen arrakasta hori lortu ez izanaren arantza duzu?

Ez nuke halakorik esango. Niretzat saskibaloia ez zen Gasteizen hasi. Tenerifera joan behar izan nuen lanbide honetan hasteko. Baina garbi dut gertatu ziren gauzetako asko beste modu batera kudeatuko nituzkeela orain. Pentsa, denboraldi hartan 24 jokalari pasatu ziren taldetik. Orduan ez nengoen gaur egun nagoen bezain prest. Baskonian eman nituen 8-9 hilabeteak master baten parekoak izan ziren niretzat.

Bueltatzea gustatuko litzaizuke?

Ez dut horretan pentsatzen. Batetik, oso zoriontsu naiz hemen; eta, bestetik, Baskoniak izan zezakeen entrenatzailerik onena dauka. Pablo [Laso] Europako hiru entrenatzaile onenen artean dago. Ni nire bidea egiten ari naiz; gaztea naiz oraindik, eta ez dakit zer gertatuko den etorkizunean.

«Baskoniara itzuli? Zoriontsu naiz hemen, eta Baskoniak izan dezakeen entrenatzailerik onena dauka: Pablo [Laso]»

Esku onenetan egon arren, berriro ere oso denboraldi gorabeheratsua egiten ari da Baskonia. Zer ari zaio gertatzen azken denboraldietan?

Informazio asko falta zait diagnostiko bat egiteko. Alde batetik, esango nuke jokalari asko aldatu izan dituela, eta denboraldiro hasi behar izan duela hutsetik. Beste alde batetik, Euroligako taldeek apenas duten denboraldiaurrea egiteko aukera, talde moduan egokitzeko. Gainera, egutegia oso exijentea da: ostiralean, Istanbulen ari zara jokatzen, eta, igandean, Murtzian. Ez da erraza, askotan aurkariak aste osoa izan duelako partida prestatzeko. Zuk, berriz, apenas egiten duzu lan sasoi bat, eta normalean indarberritzeko izaten da: luzatze ariketa batzuk, jaurtiketa saioren bat eta ezer gutxi gehiago. Talde guztiek hobetu dute maila, eta egoera horretan ez da erraza irabaztea. Egia da oso gorabeheratsu ari dela, baina, ACB ligako titulurako kanporaketetara sailkatuz gero, aurkari oso arriskutsua da. Pazientzia izan behar da. Pablok ere denbora behar du lan egiteko.

Hamar urtean garapen handi bat izan duzula aipatu duzu. Zertan?

Askotariko egoerak kudeatzea egokitu zait. Klub batzuetan nik egokitu behar izan dut eman dizkidaten jokalarietara, eta beste batzuetan, berriz, nik nahi nituen jokalariak eman dizkidate. Egokitu behar izan dudan kasuetan asko ikasi dut. Neure burua kudeatzen ere ikasi dut, erabakiak lasai eta argi hartzeko.

Baduzu denborarik formakuntzarako?

Zer da formakuntza? Niretzat formakuntza hori ez da saskibaloiaz ikastea, baizik eta liburu asko irakurtzea: taldeen kudeaketaz, norbere buruaren kudeaketaz, psikologiaz... Oso gustuko dut beste kirol batzuk ikustea ere. Gainera, asko hitz egiten dut nire laguntzaileekin, haiek ematen dizkidaten iritziak eta ikuspuntuak oso aberasgarriak direlako. Partidak prestatuz ere formakuntza horretan ari zara.

Gaur egun multzoen kudeaketa garrantzi handiagoa hartzen ari da arlo tekniko-taktikoa baino?

Guztiz. Goi mailako laguntzaile multzo bat baduzu, haiek ematen dizuten informazioarekin nahikoa duzu partida bat prestatzeko. Zure lana da jokalari eta entrenatzaile multzoa behar bezala kudeatzea, norabide berean joan daitezen, garrantzitsuak sentitu daitezen... Ni laguntzaile izan nintzenean sentitu nintzen saskibaloi entrenatzaile. Orain, lehen entrenatzaile izanda, multzoen kudeatzaile bat naiz. Egiten dudan lanaren %70 horra bideratuta dago.

Taldeen kudeaketari buruzko libururen bat gomendatu beharko bazenu, zein izango litzateke?

Las cinco disfuncionalidades de un equipo [Talde baten bost disfuntzioak]. Ez da oso mardula, eta zoragarria da. Enpresa batean dago kokatua istorioa. Lantalde batean egon ohi diren pertsona motak ezagutzen dituzu, eta haiek nolako eragina duten talde horren egunerokoan eta funtzionamenduan.

Beste ligaren batean entrenatzea erakargarria zaizu?

Teknikari batek ez du berak nahi duen tokian entrenatzen, baizik eta hura entrenatzaile nahi duten tokian. Prest egongo naiz, etorkizunean beste liga batean nahi banaute, han aritzeko, lanbide honen parte baita. Dena den, uste dut ACB liga dela Europako Ligarik onena. Gainontzean, Alemaniakoa ere gora doa, eta asko gustatzen ari zait  zer norabide hartzen ari den.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.