Raul Garcia. Athleticeko jokalaria

«Taldea bizirik dago, eta, gurea emanda, aurrera egingo dugu»

Ukrainako hotzari eta izotzari ahalik eta ondoena egokitu, eta «buruarekin» jokatu behar dutela iritzi dio erdilari nafarrak. Athleticek nahikoa du puntu bat Europa ligan aurrera egiteko, eta baikor eta itxaropentsu dago.

haritz gallastegi
Bilbo
2017ko abenduaren 7a
00:00
Entzun
Raul Garcia (Iruñea, 1986) Athleticen lemazainetako bat da. Zelai barruan zein kanpoan pisu handia dauka. Bai bere buruari bai taldeari gehiago eskatzen dio, eta ziur da taldeak aurrera egingo duela Europa ligan.

Denboraldiaren lehen erdia bete aurretik hil edo biziko partida jokatuko duzue gaur Ukrainan, Zoriaren kontra.

Oso partida garrantzitsua da guretzat. Baldintza gaitzetan jokatuko dugu, baina onena eman behar dugu. Ez daukagu beste aukerarik.

Berdintzea nahikoa duzue Europa ligako final-hamaseirenetarako sailkatzeko, baina Athletic ez da talde fidagarria etxetik kanpo.

Onerako zein txarrerako, iraganak ez du ezertarako balio. Nik konfiantza daukat, eta uste dut sailkatzea lortuko dugula.

Euskal Herrian negu giroa da nagusi, baina Ukrainan are muturrekoagoak izango dira baldintzak. Nola egingo diozue aurre hotzari?

Guk ez dugu sarritan muturreko baldintzetan jokatzen, baina guretzat hotzak eragindako arazoak ez dira berriak. Ia urtero izaten ditugu horrelako partidak. Burua eta oinak prest izan behar ditugu partidari behar den moduan aurre egiteko. Hotzak ez du minik ematen.

Baina zelaia izoztuta egoteak zenbateraino baldintza dezake taldearen jokoa?

Egokitu egin behar dugu. Ohikoa baino zelai gogorragoan jokatu beharko dugu. Takoekin asmatzea garrantzitsua izango da.

Zerk kezkatzen zaitu gehiago: Athleticek emango duen mailak edo Zoriak?

Taldearengan konfiantza handia daukat. Gurea ematen badugu, aurrera egingo dugu. Ez dugu Zoria gutxietsi gura, baina norberak egin dezakeenean sinestea ezinbestekoa da helburuak lortzeko.

Gaurko aurkaria ez da ezezaguna, irabazi egin zizuen San Mamesen. Joanekoan ikusitakoa aintzat hartuta, zein eratako partida espero duzu?

San Mameseko partidan jokoaren ekimena gurea izan zen, eta aukerarik garbienak ere guk izan genituen. Hala ere, galdu egin genuen. Nik zelaian ondo kokatuko den kontrarioa espero dut. Hala ere, guk bakarrik ez, haiek ere asko dute jokoan. Guk ez bezala, Zoriak irabazi egin behar du aurrera egiteko. Kontrarioak duen premia baliatu behar dugu.

Beraz, aurkariaren behar eta urduritasunarekin jokatuko duen Athletic ikusiko da?

Ez. Baina hori ere kontuan izan behar dugu. Gure asmoa irabaztea da, baina partidak erakutsiko digu zer komeni zaigun. Argi izan behar dugu guri partida berdintzeak balio digula. Arriskuak aurkariak hartu behar ditu.

Aurrera eginez gero, helburua lortzeaz gain taldearen autoestimua indartuko litzateke. Baina zer gertatuko litzateke kale eginez gero?

Europan lehiatzea ona da klubarentzat. Europa liga gustuko dugu, eta ahalik eta urrunena ailegatzea dugu xede. Geure buruan hurrengo kanporaketarako sailkapena eskuratzea baino ez dago.

Abenduan hil edo biziko partidak jokatzen aritzeak taldearen ibilbidea ez dela ona esan gura du. Zein da emaitza txarren errudun nagusia?

Denon ardura da. Baina, emaitza txarren errudun nagusiak gu garen bezala, gure eskuetan dago emaitzak hobeak izateko bidea aurkitzea. Talde honek indarra dauka. Ondo edo gaizki jokatu, sekula ez du amore ematen. Konpondu beharreko okerrak zeintzuk diren badakigu, eta zuzentzeko ari gara lanean. Argi daukagu aurrera egingo dugula.

Jokoa zein emaitzak txarrak izan dira, baina taldea bizirik dagoela ikusten da.

Hala da. Horrek ematen digu konfiantza. Hobetu egin behar dugu, baina askoz arduratuago egongo nintzateke aurrera egin gura ez duen taldea ikusiko banu. Ez dugu grina galdu.

Eta nola ematen zaio buelta taldeak bizi duen egoera gaitzari?

Taldekideengan konfiantza izanda. Aurrez ere egin dugu aurrera, eta ez dakit zergatik ez dugun orain egingo. Taldea indartsu ikusten dut. Beraz, lasai egon behar dugu.

Denboraldi-aurrean jarritako helburuan lehian egongo zarete maiatzean, edo sasoi luzea eta gorabeheratsua izango dela uste duzu?

Nik ez dut inoiz hurrengo partidaz harago begiratzen, eta ez naiz orain hasiko. Gure helburua garaipen bolada on bat kateatzea da,indarra hartzeko.

Emaitzek laguntzen ez dutenean, filosofia izaten da hizpide Athleticen inguruan. Gainera, zu izan zinen klubak fitxaturiko goi mailako azken jokalaria. Zein iritzi duzu horren inguruan?

Fitxaketarik egin ez arren, taldeak oso maila ona eman du azken denboraldiotan. Emaitzak aldekoak ez direnean, edozer gauzaren gainean jarduten da. Akaso, atzera begiratu, eta taldeak lortu duen guztiari erreparatu beharko genioke. Ez dut uste horrelako kontuen gainean jarduteko sasoia denik.

Taldea indartsu ikusten duzu. Jose Angel Ziganda Kuko ere bai?

Entrenatzailearen inguruan ere gauza bera esan behar dut. Ibilbidea okerra denean, teknikariaren gauza txar guztiak azaleratzen dira. Nik baikor ikusten dut. Taldeak argi dauka entrenatzailea gai dela zailtasunak gainditzeko, eta horregatik irtengo gara zulotik.

Zigandak ia beti zelairatzen zaitu hasierako hamaikakoan; baina, era berean, sarri aldatzen zaitu. Pozik zaude aurten daukazun protagonismoarekin?

Entrenatzailea erabakiak hartzeko dago. Taldeari mesede egingo dioten erabakiak hartzen ditu, eta jokalariok onartu egin behar ditugu. Nik zelaian izan gura dut protagonista, baina, ezin denean, beste arlo batzuetan laguntzen ahalegintzen naiz.

Eta gustura zaude orain arte eman duzun mailarekin?

Maila ona ematen dudanean ere, ez naiz pozik egoten. Onean eta txarrean ematen dudana baina gehiago eskain dezakedala pentsatzen dut.

Taldeari asko ari zaio kostatzen golak sartzea. Adurizen eta zure dependentzia daukala uste duzu?

Ez. Aurrelariak gara, eta berez guk daukagu golak sartzeko ardura. Jokalari bakoitzak bere arloan lagundu behar du. Zenbat eta jokalari gehiagok gola sartu, orduan eta hobeto taldearentzat.

Hirugarren denboraldia ari zara osatzen Athleticen. Jarraitzaileak gustura daude zure ekarpenarekin. Zuk ere asmatu egin al zenuen hartu zenuen erabakiarekin?

Bai. Ez daukat taldez aldatu izanaren damurik. Ez zen izan erabaki erraza, baina bai familia eta bai ni ondo gaude Athleticen.

Jarraitzea gustatuko litzaizuke?

Bai, noski. Ondo nago, eta jarraitu gura dut.

Klubak kontratua luzatzeko eskaintzarik egin al dizu?

Kazetariak beti urrats bat aurretik zoazte. Ez daukat horren berririk. Nire ardura nagusia zelaian maila ematea da. Klubarekin gai horren inguruan hitz egitea egokitzen denean, oso erraza izango da. Ni pozik nago, eta espero dut kluba ere gustura egotea.

Nola bukatuko da gaurko partida?

0-1 irabaziko dugu. Emozio apur bat emango diogu lehiari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.