Realeko entrenatzailea

Natalia Arroyo: «Taldea askeago eta sendoago ari da denboraldi honetan»

Natalia Arroyok laugarren sasoia du Realean. Bost urte dira taldeak Espainiako Kopako titulua irabazi zuela Granadan, eta teknikariak beste final batera eraman nahi du.

(ID_13627468) (Andoni Canellada/@FOKU) 2024-02-21, Donostia. Natalia Arroyo, Realeko entrenatzailea
ANDONI CANELLADA / FOKU
ainara arratibel gascon
Zubieta
2024ko martxoaren 1a
05:05
Entzun

Entrenamendua amaitu berri du Natalia Arroyo Realeko teknikariak (Esplugues de Llobregat, Herrialde Katalanak, 1986). Eseri, eta patxadaz erantzun ditu galderak. Kazetaria izanik, taldea egiten ari den sasoiari titulua jarri dio: «Behetik gora». Ilusioz ikusten du Espainiako Kopako finala jokatzeko aukera: «Pizgarria da denboraldi amaierara begira. Kopa baliatu behar dugu ligan hobeak izateko, eta alderantziz».

Atletico Madrilen zelaian jokatuko duzue datorren asteazkenean Espainiako Kopako joaneko partida. Nolako neurketa espero duzu?

Haiek nagusi izango diren tarteak izango dira, eta defentsan oso sendo egongo beharko dugu. Beste batzuetan, berriz, guk gaitasuna izango dugu haiek estu hartzeko. Hor asmatu behar dugu. Ea lortzen dugun kanporaketa etxean erabakitzea. Argi dago kanporaketa gainditzeko 180 minutu biribil egin beharko ditugula, eta oso lehiakorrak izan beharko dugula. Levanteren aurka hala izan zen, eta horrek izan behar du ispilua.

Kanporaketa bat izateak eta itzuliko partida egoteak desberdin egiten du?

Ligan elkarren aurka jokatu dugunean, bi taldeok erakutsi dugu irabazteko gogoa, eta neurketa erabakigarrien pare hartu ditugu. Oraingoan ere hala izan daitekeela uste dut. Nahiz eta minutu erabakigarrietan, bai batak eta bai besteak begiratuko diogun markagailuari.

Nola egin diezaiekezue min?

Konfiantzarekin eta sinetsita jokatzen badugu, eta une erabakigarrietan asmatzen badugu, izango dugu aukerarik kanporaketa gainditzeko. Erasoan, zuloekin eta kontraerasora min handia egin dezaketen jokalariak ditugu, eta hori baliatu behar dugu. Aldi berean, defentsan, baloiarekin sendo egon behar dugu. Izan ere, sendo ez bagaude, eta lerroak hautsita aritzen bagara, haiek min handia egin diezagukete Ajibaderekin, Ludmilarekin eta Sheilarekin.

«Atletico Madril kanporatzeko 180 minutu biribil egin beharko ditugu, eta lehiakorrak izan beharko dugu».

Ligaren lehen itzulian aurreko denboraldiko puntu kopuru bera lortu zenuten. Baina, sentipen hobeak dituzue denboraldi honetan?

Taldeak argi gehiago duela uste dut, eta askeago eta sendoago ari dela. Konstanteagoak eta erregularragoak izatea da gure erronka. Ez bakarrik emaitza onak pilatzea, baizik eta garaipenak pilatzea. Bigarren geratu ginen urtean, 21 partida irabazi genituen.

Zertan hazi da taldea denboraldi honetan?

Aurkaria bere zelaian estu hartzen ari den taldea gara berriro; sendoago eta hobeto ari gara presioan. Bestalde, erasoan baliabide gehiago izaten ari gara aurkariaren presioa gainditzeko, eta gola sartzeko aukera gehiago sortzeko. Nahiz eta oraindik kostatu egiten zaigun baloia aurkariaren zelaian dugunean patxada apur bat izatea.

Eta zer falta zaio gorago egoteko?

Gu baloia izan nahi dugun talde bat gara, eta, hortik abiatuta, jokoaren ekimena izan nahi duena. Baina egongo dira partidak hori lortuko ez duguna. Holakoetan ere ekimena izan behar dugu, baina defentsako lanean. Ulertu behar dugu partida batzuk ez direla jokatuko guk nahiko genukeen testuinguruan. Egoera horietan ere ondo erantzuten jakin behar dugu, eta moldakorrak izaten. Moldagarritasuna baliabide edo indargune baten gisa ikusi behar dugu. Jokatzeko modu asko ditugu, eta egoeraren arabera horiek ezartzen hobetu behar dugu. Heldutasun kontua ere bada hori, eta badakigu talde gaztea dugula. Ari gara ikasten pixkanaka.

Nahia Aparicio izan da denboraldi honetako ezusteko atseginetako bat. Erdiko atzelari postuan eta euskarrian ari da jokatzen. Baina, zuk non ikusten duzu?

Lasai gaude, bietan oso ondo ari delako. Ikusi behar dugu ea nola eboluzionatzen duen. Bera, berez, euskarria zen, eta nik ere hala ikusten dut. Baina jokalarien prozesuak ulertu behar ditugu. Bigarren taldean beharra egon zen hark atzerago jokatzeko, eta bikain egin zuen. Errealitatea da erdiko atzelari moduan asko laguntzen digula, buruz buruko asko irabazten dituelako, intentsitate handiz aritzen delako markaketetan, baloia ondo ateratzen duelako eta eskuinean zein ezkerrean ondo moldatzen delako. Euskarri moduan, berriz, konfiantza eman behar diogu, eta jokoan parte hartzeko duen gogo eta indar hori aprobetxatu. 

«Berritzea? Zaila da zikloak luzeak izatea. Baina ni  gustura nago, eta indarrez. Aurreko sasoian baino gehiago».

Beste albiste on bat Cecilia Marcosen itzulera izan da, lesio barri bat izan ostean. Batez ere atzealdeko hegalean jokatu du, eta ez erdian edo aurrean, ohi zuen moduan. Zer ematen dizue atzean jokatzen?

Realak hegalekoak erabili nahi dituen modua kontuan hartuta, oso baliagarria izan daiteke postu horretan jokatzeko. Izan ere, hegalekoek erasoan luzera ematen diote taldeari. Baina zelai erdian hegalean jokatu ohi duten gure jokalariek barrura jo ohi dute, ez digute luzera hori ematen. Cecik horretarako gaitasunak ditu: abiadura, trebetasuna buruz buruko jokaldietan eta baloia eramateko orduan, ardura defentsako lanean… Hegaleko moduan, batzuetan aukera gehiago izaten da ezaugarri horiek erakusteko, eta zelai erdian metroak falta ahal zaizkio horretarako.

Ekainean amaitzen zaizu kontratua. Eseri zarete Roberto Olabe futbol zuzendaria eta zu horretaz hitz egiteko?

Argi dago datozen asteetan eseri egin beharko garela. Baina oraingoz ez dago berritasunik, eta ohiko harremanekin jarraitzen dugu bai Robertorekin, baita Garbiñerekin [Etxeberria kirol zuzendaria] ere. Kluba ez dago geldik, eta denen artean erabaki bat hartu beharko dugu bermatuko duenak Realak hazten jarraituko duela.

Lau urteren ondoren, zu gogoz zaude jarraitzeko?

Egun, zaila da ziklo luzeak izatea. Guk, ordea, zortea izan dugu, urtero izan baitugu motibazio berriak eta aldaketak. Argi dut ni hemen pozik eta asebeteta nagoela ditudan ardurekin, zerikusia baitute etorkizunari begira Realak izan behar duen hazkundearekin ere. Gainera, beste estimulu batzuk ere hor daude: adibidez, emakumeen taldearentzat egiten ari diren eraikina. Hirian gustura nago, eta kluba oso momentu polit batean dago. Indarrez nago, iaz gehiago kostatu zitzaidan, zailagoa izan zen dena.

Lau urte atzera eginda, non ikusi duzu klubaren hazkundea?

Azpiegitura aldetik hobekuntza bat izan da, eta horrek asko lagundu digu lan egiteko orduan. Urrats horiek etengabe sendotzea zoragarria da. Jokalariek Harrobin bazkaltzen dute, eta hori ere garrantzitsua da. Bigarren eta hirugarren taldearen igoerek eta balio handia dute, baita laugarren taldearen sorrerak ere. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.