Taldea aldatu da, helburuak ez

Bera Berak zazpi jokalari berrirekin ekin dio denboraldi-aurreari. Abuztuaren 31n izango du jokoan lehen titulua donostiarrek: Espainiako Superkopa, Eibarren, Ro'Casaren kontr

Bera Berako jokalariak, atzo, Anoetako estadio txikian egindako sasoi-aurreko lehen entrenamenduan. M. ANDRES / FOKU.
ainara arratibel gascon
2019ko uztailaren 30a
00:00
Entzun
Eraberrituta ekin dio denboraldiari Super Amara Bera Berak. Guztira zazpi jokalari fitxatu ditu Donostiako taldeak, eta beste ia hainbeste jokalarik utzi dute taldea. Baina aldatu ez direnak taldearen helburuak dira. Hala nabarmendu zuen atzo Tati Garmendia kirol zuzendariak: «Txapelketa guztietan ondo lehiatu nahi dugu, eta tituluak irabazi». Horretarako gakoa «jokalari berriak ondo egokitzea» dela uste du.

Atzo egin zuten sasoi aurreko lehen entrenamendua, Anoetako estadio txikian. «Lehen eguna izateko, bero dezente egin du. Denboraldi-aurreko lehen egunak beti izaten dira, gainera, gogorrak. Baina gogotsu eta ilusioz ikusi ditut jokalariak».

Zazpi jokalari falta izan ziren lehen lan saiora, selekzioekin egoteagatik. Renata Arruda, Adriana Cardoso eta Manuela Pizzo Panamerikar Jokoetan parte hartzen ari dira. Lehen biak Brasilekin ari dira, eta Pizzo, Argentinarekin. Espainiako selekzioarekin egonaldia egiten ari dira, berriz, Merche Castellanos, Silvia Arderius, Maitane Etxeberria eta Eli Cesareo. Imanol Alvarez ere ez zen izan atzo Anoetan. Etzi hasiko da lanean teknikaria. Egun hauetan, Alex Nogues bigarren entrenatzaileak zuzenduko ditu entrenamenduak. Nogues ere sasoi honetako beste berritasunetako bat da, Eider Rubioren lekua hartu baitu Alvarezen laguntzaile gisa.

Mugimendua ohi baino handiagoa izan da, beraz, Bidebietako bulegoetan. Denboraldia amaitu aurretik hasi zen jada fitxaketak egiten Bera Bera. Guztira zazpi jokalari berri izango dira: Eli Cesaero eta Maria O'Mulloni (Valladolid) Emma Boada (Malaga), Manuela Pizzo (Ro'Casa), Mirene Moreno (Errotaberri), Mariane Fernandes (Molde) eta Ainhoa Etxeberria (San Adrian), hain zuzen.

Sei jokalarik utzi dute, berriz, taldea. Elke Karsten Hungariako Debrecen taldeak fitxatu du. Arrazoi pertsonalak tarteko eskubaloia utzi dute, berriz, Judith Sansek, Maite Zugarrondok, Uxue Ezkurdiak, Nora Azurmendik eta Estitxu Berasategik.

Garmendiak uste du talde «lehiakorra, orekatua eta ona» egin dutela.«Fitxatu ditugun jokalariekin, gure joko erari eutsi ahal izango diogu: defentsan zorrotz arituz, eta kontraerasoan bizi aterata. Gainera, uste dut taktikoki Imanolek askotariko aukerak izango dituela».

Liga, «estuago»

Abutuaren 31n izango dute jokoan lehen titulua: Espainiako Superkopa, Ro'casaren kontra. «Eibarren jokatuta, ilusioa egiten digu irabazteak. Gainera, proba ona izango da taldea nola dagoen ikusteko, eta baita Ro'Casaren jarduna aztertzeko ere».

Ligari derbi batekin ekingo diote: Zuazo izango baitute aurkari lehen jardunaldian, etxean. «Derbiak beti dira bereziak eta lehiatuak. Motibazioa da hala hastea. Lehen partidetan, gainera, beti egoten dira ezusteak, taldeak erritmoa hartu gabe baitaude oraindik».Liga amaiera ere gogorra izango da, azken hiru jardunaldietan Ro'casaren, Malagaren eta Guardesen kontra jokatu beharko baitute. «Oso gogorra izango da, eta emozio askokoa». Liga «lehiatua eta parekatua» espero du Garmendiak. «Aurten are gehiago, ligak bi talde gutxiago izango baititu, eta gauzak gehiago estutuko dira. Horrek erakargarriago egingo du txapelketa».Ro'casa eta Guardes goian egongo direla ziur dago. «Malaga, Porriño eta beste talde batzuk oso ondo indartu dira, eta zeresana emango dute. Oro har talde guztiek fitxatu dute ondo».

Aurreko sasoian taldea «maila oso onean» lehiatu zen EHF kopan, eta gertu izan zuen final-zortzirenetako ligaxka gainditzea. Oraingoan ere lan txukuna egin nahi dute Europan. Lehen aurkaria Suitzako LK Zug izango dute. «Uste dut kanporaketa horretan faboritoak garela, eta ondo bidean gainditu egin beharko genukeela». Zailago ikusten du bigarrena, Errumaniako Brasoven kontrakoa. «Liga indartsua da Errumaniakoa, eta Brasov ere bai. Ez da erraza izango, baina aurreko sasoian bezala lehiatuz gero, ziur nago aukerak izango ditugula».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.