Arene Altonaga. Eibarreko jokalaria

«Talde sendoa osatzea izan da igoera lortzeko gakoa»

Altonagak azaldu du bigarren itzulia izan dela batez ere «oso gogorra». «Asko kostatu zaigu talde guztiei irabaztea».

EIBAR.
ainara arratibel gascon
2023ko maiatzaren 17a
00:00
Entzun
Pozik nabaritzen zaio Arene Altonaga Eibarreko jokalariari (Sondika, Bizkaia, 1993), igandean Lehen Mailara igo eta gero. Aurreko denboraldian kategoria galdu arren, uste du ez dutela presio gehiago. «Baina jaitsierako arantza hori kendu dugu».

Nola joan dira igoera osteko ospakizunak?

Oso polita izan da. Zelaiko eta aldagelako ospakizunen ostean, Eibarrera bueltatu ginen, eta zale asko genituen zain. Kalejira egin genuen haiekin, eta, gero, ospakizunekin jarraitu genuen. Oraindik ere ere horretan ari gara. Izan ere, gaur [atzo] harrera egingo digute udaletxean.

Igandeko zein momenturekin gogoratzen zara bereziki?

Epaileak partidaren amaiera adierazi zuen momentuarekin. Izan ere, segundo batzuk lehenago, Granadak gol aukera oso-oso garbi bat huts egin zuen. Aukera hura izan ondoren, ez nuen espero partidaren amaiera hain bizkor adieraziko zuenik. Sekulako poza eta emozioa sentitu nituen.

Nola bizi izan zenuten barrutik partida? Osasunaren eta Deportivoren emaitzei erreparatu zenieten?

Egia esan, aurkarien emaitzen kontua aulkian zeudenek kudeatu zuten. Entrenatzaile multzoak hasieratik esan zigun ez zutela nahi guk ezer jakiterik, eta arreta osoa gure partidan jarri behar genuela. Partida bukatu arte ez ziguten ezer esan. Gainera, bagenekien galduta ere hor genuela kanporaketen aukera. Horrek lasaitasun puntu bat eman zigun.

Igotzeko aukera zenuten hiru taldeetatik bakar batek ere ez zuen irabazi. Denboraldi osoan izan den berdintasunaren isla izan zen azken jardunaldia?

Dudarik gabe. Berdintasun handia egon da, batez ere bigarren itzulian. Soilik bertan izan diren emaitzak kontuan hartuta, oso bestelakoa izango zen sailkapena. Denoi asko kostatu zaigu irabaztea. Azken laugarren jardunaldian Cacereñori irabazi izan ez bagenio, eta azken jardunaldiko emaitzak kontuan hartuta, kanporaketetatik at egongo ginen, pentsa.

Parekotasun eta berdintasun hori kontuan hartuta, zuzenean mailaz igota lasaitu ederra hartuko zenuten, ezta?

Konfiantza genuen lortuko genuela; behin eskuan izanda, lasaitu ederra hartu dugu. Izan ere, batez ere psikologikoki sasoia luze egiten ari zen. Oso goiz hasi genuen denboraldiaurrea, jokalari gehienak denboraldi txar batetik gentozen, partidak oso lehiatuak izan dira... Igoera zuzenean lortu izan ez bagenu, kanporaketekin hilabete luza zitekeen denboraldia, eta gogorra eta zaila izango zen.

Noiz hasi zen gogortzen denboraldia?

Gabonak arte dena oso polita izan zen. Partida asko irabazi genituen. Garai bat iritsi zen, non garaipenen ospakizuna ez zen berdina, eta geure buruari esaten genion:«Disfrutatu egin behar dugu, hau ez baita normalena. Momentu txarrak iritsiko dira». Gabonen ostean bolada on hori eten zen, eta dena zaildu zen. Baina hortzak ondo estutu, eta lortu dugu helburua.

Zerk eman dizue, zure ustez, igoera?

Nik uste gakoa izan dela talde oso sendoa izan garela, eta aurkarientzat zaila izan dela gure kontra jokatzea. Defentsako lanean oso ondo aritu gara, eta sartu ditugun golei etekin handia atera diegu. Gainera, irabazi ez arren, berdinketa asko ere lortu ditugu. Denboraldia amaituta, balio handia ematen diegu banaka bildutako puntu horiei. Yeraik [Martin entrenatzailea], gainera, ilusio eta konfiantza handia transmititu zigun hasieratik. Beste bi gako izan dira denboraldiaurre oso exijentea egin genuela, Lehen Mailako aurkarien kontra. Gainera, oso ondo hasi genuela denboraldia. Bi gauza horiek asko eman digute.

Aurreko denboralditik jarraitzen zenuten jokalariek bazenuten jaitsieraren presio hori kentzeko beharra?

Ez nuke esango presioa izan denik. Izan ere, nik nire onena eman dut beti. Alde horretatik, barrua lasai nuen. Baina egia da arantza hori kendu dugula, sekula ez baita atsegina izaten talde batekin Bigarren Mailara jaistea. Gero kosta egiten da berriz igotzea, batez ere lehenengo denboraldi horretan lortzen ez baduzu. Izan ere, gauzak asko zailtzen dira.

Pertsonalki eta profesionalki zer erakutsi dizu sasoi honek?

Denboraldi batean goran egon zaitezkeela eta hurrengoan behean, baina zeure buruan konfiantza izan behar duzula, eta psikologikoki oreka bat izan. Kirol ikuspegitik, berriz, beste futbol mota bat ezagutu dute, eta uste dut defentsako lanean asko hobetu dudala. Asko ikasi dut.

Egunerokoa diferentea izan da maila batetik bestera?

Gure kasuan, Lehen Mailan genuen egunerokoaren berdina izan da. Goizez entrenatzen jarraitu dugu. Horrek beti laguntzen du errendimenduan, arratsaldetan beti zaudelako nekatuago. Baina hori posible izateko gutxieneko soldata behar duzu. Bigarren Mailan ez da hori gertatzen, lan hitzarmenak Lehen Mailari eragiten diolako. Ni irakaslea naiz. Duela bi denboraldi, goizez entrenatzen hasi ginenean, irakasle lana utzi nuen. Orain, goiza futbolari eskaintzen diot, eta, soldata osatzeko, arratsaldetan ume batzuk zaintzen ditut.

Datorren denboraldian taldean jarraitzeko asmoa eta ilusio duzu?

Bai. Egia da gero eta gertuago ikusten dudala erretiroa. Asko eskatzen dizu honek, eta gauza asko utzi behar dituzu aldi berean. Baina beste bizpahiru denboraldiz jarraitzea gustatuko litzaidake. Lehen Mailan edo Bigarrenean aritzeak asko markatuko du hori, gutxieneko soldata tarteko.

Uste duzu igoera lortu duzuen jokalari multzoak segida izan behar duela datorren sasoian?

Jokalari berriak etortzea beharrezkoa izango da. Baina talde honek egin duen lana ere saritu beharko litzateke, eta gutxienez esentziari, bizkarrezurrari, eutsi egin behar zaiola uste dut.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.