Maialen Arrazola. San Juango arraunlaria eta entrenatzailea

«Talde osoa erabili, eta irabazten jarraitzen dugu»

Lehen denboraldia du Arrazolak entrenatzaile lanetan, eta hasiera bikaina egin du taldeak. Traineru denboraldian estropada guztiak irabazi ditu, eta lider dago Gipuzkoako ligan.

ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
Aitor Manterola Garate.
2017ko uztailaren 5a
00:00
Entzun
Lanetik atera berri da Maialen Arrazola (Donostia, 1985). Arraunlaria da oraindik ere San Juanen, baina beste lan bat ere badu aurten, eta ez nolanahikoa, gainera: entrenatzaile ere badelako estreinakoz. Pozik dago, baina aldaketa handia dela onartu du.

Ez dago hobeto hasterik traineru denboraldia. Emaitza aldetik, behintzat, aurreneko zati paregabea egiten ari zarete.

Ezin da gehiago eskatu emaitza aldetik, eta beste honetan ere ez: talde osoa ari da arraun egiten. Aldaketak egiten ari gara traineruan estropadatik estropadara, eta irabazten jarraitzen dugu. Horrek esan nahi du berdin duela zein arraunlari jarri.

Entrenatzaile batentzat ba al da hori baino egoera hoberik?

Alde horretatik luxua da, bai. Baina buruhausteak ere ari zaizkit sortzen. Zaila egiten zait erabakitzea zein kendu eta zein jarri. Gainera, uneren batean aukeratu beharko dut hamahiruko indartsuena, eta, oraingoz, zaila egingo zaidala iruditzen zait.

Baduzu denbora oraindik talde titularra zehazteko, ezta?

Bai, hala da, eta joango naiz zehaztuz. Estropadak jokatu ahala gauzak garbiago ikusiz joango naiz. Agian, ez dira hamahiru izango, hamabost edo hamazazpi izan daitezke, eta nahiago nuke hamazazpi edo balira, seinale ona litzateke.

Arraunlaria zara zu, eta orain entrenatzaile ere bai. Horrelako erabakiak hartu beharra al da aldaketarik handiena?

Sekulakoa da aldaketa. Gustura ari naiz entrenatzaile lanetan, baina orain arte nire taldekide gisa bakarrik ikusi ditut arraunlariak. Orain, ordea, niri tokatzen zait taldekide horietako batzukkanpoan uztea estropada bakoitzean. Gogorra ari zait egiten hori.

Erabakiak hartzeaz gain, beste lan bat ere sortuko zitzaizun: kanpoan uzten dituzun horiek gozatzen saiatzea, ezta?

Bai. Denei esaten diet aukera dutela nirekin hitz egitera etortzeko, eta emango dizkiedala eman behar zaizkien azalpenak.

Emaitzak paregabeak badira ere, taldeak badu oraindik hobetzeko tartea?

Bai, dudarik gabe. Tartea daukagu. Estropada guztien ondoren arraunlariak biltzen ditut, eta esaten diet gozatzeko garaipenaz, baina pentsatzen segitzeko hobetu egin behar dutela arraunlari gisa. Berdin dio emaitza bat edo bestea izan, entrenatzera lanera joan behar dugu, eta hobetzeko gogoarekin.

Horretan ere ondo ari da taldea?

Bai. Ikusten dugu hobetuz goazela egunetik egunera. Prestakuntza guztian ibili gara traineruan. Baina ontzi txikietan eta mugikorrean ere lehiatu garenez, horiek denak bukatzean berriz ere traineruari heltzea ia berriz hastearen parekoa izan da. Pixkanaka ari gara arraunketa bateratzen, eta horregatik esaten dut taldeak baduela tartea hobetzeko.

Zer aldatu duzu aurreko urteetan egindako lanetik?

Beste urteetan gogor entrenatu gara neguan, baina aurten beste koska bat igo dugu. Entrenatzeko modua aldatu egin dugu, indarrari eman diogu garrantzia prestakuntzan. Arraunean ikusten gaituena konturatuko da beste taldeek baino luzeago egiten dugula arraunean. Baina indarra ematen diogu arraun kolpe bakoitzari. Hori landu dugu neguan.

Nola ari zara ikusten beste taldeak?

Iruditzen zait talde batzuk gauzak gordetzen ari direla, eta asteburu honetan erakutsiko dutela denek bere onena, Euskotren ligarako sailkatzeko lehen bi estropadetan. Ez dakit besteak zein asmorekin ibili diren orain arte, eta horregatik ezin dugu esan gu ere benetan hain indartsu gauden edo ez. Hibaika, adibidez, uste dut ezkutuan ari dela, eta ziur nago emaitzek erakutsi dutena baino gertuago daukagula. Aukerak dituzte banderak irabazteko, eta iaz bezala, haiekin lehia estuan ibiliko gara. Gero, Orio, Arraun eta Hernani lehia bizian dabiltza, eta gutakoren bat deskuidatzen den egunean, muturra sartzeko gai ikusten ditut. Ezin dugu lo hartu Hibaikak eta guk.

Euskotren ligarako sailkatzeko ez duzue, baina, arazorik izango, ezta?

Aurten baldintza bat bete behar du iazko garaileak, eta hauxe da: sailkatzeko estropadetako batean aurreneko bostetan sartzea. Gu ez goaz gutxieneko baldintza hori bete eta sailkatuz tramitea betetzera. Gure helburua liga irabaztea da, eta asteburu honetan ere lan ona egin behar dugu; gainera, puntuagarriak dira sailkatzeko bi estropadak. Lan egin beharko dugu sailkatzeko, beste taldeek bezala.

Orain arteko estropada guztiak ibaian eta erlojuaren aurka jokatu dituzue. Zer iruditzen zaizu?

Hamar estropada jokatzen dira Gipuzkoako ligan, eta erdiak ibaian dira. Hori ez da gertatzen gizonezkoekin. Ez zaigu berdin tratatzen. Aurreko asteburuan, Donostian ziren bi estropadak, eta Urumea ibaian jarri zizkiguten, badia eder askoa izanda. Ez dakit zein den arrazoia, baina ez da logikoa. Arraunlarioi itsasoan aritzea gustatzen zaigu. Urumeako bi estropadak oso gogorrak egin zitzaizkigun. Nik neuk jota bukatu nuen, oso baldintza gogorrak zirelako. Emakumezkook ez dauzkagu gizonezkoen ezaugarri berberak, eta haiek ibaian sufritu dezaketen neurrira ez gara iristen. Hori horrela da, eta kontuan hartu beharko lukete.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.