Maria España Almendro. IDK Euskotreneko jokalaria

«Talde moldagarriagoa eta oldarkorragoa dugu sasoi honetan»

Denboraldiko bigarren partida jokatuko du larunbatean Donostiako taldeak, Galizian, Celtaren pabiloian. Maria Españak garrantzi handia eman die lehendabiziko partidei, Espainiako Koparako sailkatzeko.

JON URBE / FOKU.
ainara arratibel gascon
Donostia
2023ko urriaren 5a
00:00
Entzun
Astearte arratsaldeko entrenamendua egitear da IDK Euskotren. Baina, aurretik, Maria España Almendrok (Mallorca, Herrialde Katalanak, 1992) tarte bat hartu du, Gaskako harmailetan eseri, eta hasi berri den denboraldiaz hitz egiteko. Taldeko kapitaina da, eta ilusioz egin du. Hirugarren denboraldia du Donostian. «Etxean egotearen parekoa da».

Lehen jardunaldian 64-60 hartu zenuten mendean Bembibre. Nola ikusi zenuen taldea?

Ez zen partida erraza guretzat. Taldea, bi jokalari izan ezik, guztiz berria da, eta denbora behar dugu egokitzeko. Gainera, Bembibre aurkari zaila izaten da beti. Baina lan egiteko izan genuen jarrera eta motibazioa nabarmenduko nituzke. Gainera, une batzuetan, egin nahi dugun joko dibertigarri eta alai hori erakutsi genuen.

Zer nabarmenduko zenuke denboraldi honetako taldeaz? Zertan da desberdina aurreko sasoikoarekin alderatuz?

Esango nuke talde moldagarriagoa dela. Hau da, postu desberdinetan jokatzeko gai diren jokalari gehiago ditugu, eta horrek aukera gehiago ematen dizkio Azuri [Muguruza entrenatzailea] txandakatzeak egiteko, baita jokalariren bat min hartuta badago hura ordezkatzeko ere. Horrekin batera, taldeak esperientzia gehiago dauka. Dulcyk [Fankam Mendjiadeu] izan ezik, etorri diren beste jokalari guztiek bizpahiru urte daramatzate Ligan jokatzen. Uste dut erabakigarria izan daitekeela, bai aurkariak ezagutzeko garaian, baita partidetako momentu erabakigarriak kudeatzekoan ere. Adinez ere taldea helduagoa da, eta indar handiagoa dauka. Jokalari askok izugarri animatzen dute, baita saskiratze bakoitza asko ospatu ere. Azuri esan nion hori asko gustatzen zaidala. Taldeari beste nortasun bat ematen dio.

Lara Gonzalez itzuli da, baina, hura kenduta, zuk eta Yurena Diezek daramazue denbora gehien taldean. Nola moldatzen zarete denboraldiero hainbeste aldaketa egonda?

Ondo daramagu, zuk diozun moduan, urtero gertatzen den zerbait baita. Aldi berean, motibagarria eta pizgarria ere bada taldekide berriak izatea. Helburuak eta jokatzeko era aldatu egiten dira zertxobait, eta horrek ere asebete egiten gaitu.

Zer mezu eman zenien berriei lehen egunean?

Gogorarazi nien zortzi hilabete egingo ditugula elkarrekin. Gehienak kanpokoak gara, eta, beraz, hemen daukagun familia gara. Beraz, elkarri lagundu behar diogu. Denek gauza bera nahi dugu: ondo jokatu eta irabazi. Talde bat izan behar dugu.

Aurretik denak ezagutzen zenituen arren, haiekin entrenatu eta gero zein fitxaketak harritu zaitu gehien?

Beckyk [Massey]. Aurreko sasoian ez nion asko erreparatu, eta uste dut kirol honetan aritzeko gaitasun apartak dituela: indarra, jarrera, gorpuzkera... Asko gozatzen dut harekin entrenatzen.

Non egon daiteke denboraldi honetan taldea?

Uste dut Espainiako Kopan eta Ligako kanporaketetan egoteko moduko multzoa daukagula. Urratsez urrats joan nahi dugu hori lortzeko. Hortik harago, taldeak ondo funtzionatzen badu, eta Koparako sailkatuz gero,lehen kanporaketa gainditzea jar dezakegu helburutzat. Aurretik, hala ere, denboraldiko lehen hilabete hauek nola doazen ikusi behar dugu. Erabakigarria izango da ondo egokitzea, eta taldeak iragan denboraldian baino jarraitutasun gehiago izatea. Izan genuen emaitza bolada txarrak asko zamatu gintuen. Bestalde, ea arazo gutxiago dugun lesioekin. Aste gutxian lau jokalari aldatu behar izan genituen, eta hori asko da saskibaloi talde batean. Gogorra izan zen, batez ere psikologikoki.

Kopan egoteko, garaipenak pilatuz joan behar duzue lehen itzuli honetan. Horretarako lehen aukera larunbatean izango duzue, igo berri den talde baten kontra: Celta. Nolako aurkaria da?

Gogorra eta arriskutsua, batez ere etxean jokatzen duenean. Korrika asko egiten du, eta hori egin ez dezan lortu behar dugu, baloiak ez galduz. Halako partidak prestatzea ez da erraza, talde ezezagunagoak baitira. Lehen partida hauetan garaipenak pilatzea funtsezkoa da, konfiantza emateaz gain, aurkari zuzenen aurka jokatuko dugulako.

Aurreko denboraldian ikusgarri aritu zinen, eta hau ere hala hasi duzu. Lehen partidan, Erin Wallenekin batera, taldeko saskiratzailerik onena izan zinen, hamalau punturekin. Zer espero duzu sasoi honetaz?

Nire helburua bera da beti: saskibaloiaz gozatzea, eta txikitatik nuen ametsa betetzen jarraitzea. Hori eginda, eguneroko lanarekin, joango dira gauzak ateratzen. Ez diot neure buruari presiorik jarri nahi, orain arte bezala jarraitu nahi dut lanean: entrenatzaile multzoarekin, psikologoarekin, nutrizionistarekin... Izan ere, emaitzak onak izaten ari dira, eta hobetzen jarraitzen dut.

Zertan?

Partidetan egiten ditudan mugimenduak gehiago aztertu ditut, bestelako egoera eta aukera batzuk kontuan hartzeko. Defentsako lanean ere jauzia egin nahi dut, batez aurrean dudan jokalaria ni baino garaiagoa denean. Azken horrek are arreta handiagoarekin aritzea eskatzen du. Defentsan hobetzen duen jokalaria hobea da erasoan gero, hazi egiten baita. Entrenatzaile multzoa asko ari zait laguntzen horretan. Horrekin batera, psikologoarekin egindako lanari esker, emozioak, presioa, antsietatea... hobeto kudeatzen ikasi dut. Hori funtsezkoa izan da kirolari moduan izan dudan hobekuntzan. Zoriontsu naiz. Izan ere, zure zaletasuna lanbide bihurtzen denean, eta zure errendimenduak zure etorkizuna, kontratuak eta abar baldintzatzen dituenean, oso gogorra da.

Argi dago taldeko kapitaina eta liderra zarela. Partidetan, adibidez, entrenatzaile multzoaren alboan esertzen zara, eta barru-barrutik bizi dituzu norgehiagokak.

Entrenatzaile multzoak konfiantza asko ematen digu. Komunikazio handia dugu haiekin, eta Azuk beti ematen digu askatasuna gure iritzia emateko eta ekarpenak egiteko. Jokalariok izugarri eskertzen dugu hala izatea. Bestalde, partidak barru-barrutik bizitzea gustatzen zait, eta jokatzen ari garen bitartean aztertzea. Jokatzea egokitzen zaidanean lagundu egiten dit horrek.

Partidetatik harago, kanpoko saskibaloi asko ikusten duzu?

Gustatzen zait, baina lehen gehiago ikusten nuen. Liga, Euroliga eta Eurokopa ikustea gustatzen zait batez ere. WNBA gutxiago ikusten dut. Askotan galdetu didate entrenatzaile izan nahi dudan erretiroa hartu ondoren. Eta nik beti esaten diet ez dudala argi, gehien gustatzen zaidana ez baita talde oso bat zuzentzea, baizik eta jokalariekin egiten den bakarkako lan hori.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.