Talde lanean, taldeburu

17 urteren ostean, nahikoa dela erabaki du Txente Garcia Acostak; Miguel Indurain eta Abraham Olano taldeburu izan zituenak eta hirurak elkartu ditu BERRIAk.

unai zubeldia
Iruñea
2011ko azaroaren 13a
00:00
Entzun
Txirrindularien puntualtasunarekin dator hau gaur ere!». Barrez, umore onean egin diote ongietorria Abraham Olanok (Anoeta, Gipuzkoa, 1970) eta Miguel Indurainek (Atarrabia, Nafarroa, 1964) Jose Vicente Garcia Acosta Txente-ri (Tafalla, Nafarroa, 1972). Erretiratu berri den txirrindulari baten ibilkerarekin dator nafarra, lasai ederrean. «Orain ez diguzu ba esango entrenatzetik bueltan zatozela berandu, ezta?». Tripa aldeari begira, buruarekin ezetz esaten hasi da Txente. «Bi hilabetean tripatxoa atera zait!». «Ohituko zara, lasai», Indurainen erantzuna. Hamazazpi sasoi egin ditu nafarrak profesionaletan, baina Vueltako eroriko larri batek bide bazterrean utzi du. «Aurretik ere pentsatuta neukan denboraldia amaitzean erretiratzea, baina beste modu batera esan nahi nuen agur».

Eskumuturrean eta bizkarrean hartu zuen kolperik handiena Vueltan, Valdepeñas de Jaenera bidean. «Oraindik ez zait osatu bizkarreko lesioa; mina sentitzen dut. Baina ia-ia ohiko bizimodua egiteko gai naiz». Txentek oraindik ez du nabaritu erretiro hitzak benetan zer esan nahi duen. «Oporretan bezala nago. Baina gainerakoak gogorrago entrenatzen hasten direnean jabetuko naiz hobeto egoeraz. Edo urtarrilean Tour Down Under proba iristen denean, azken bi urteetan Australiako lasterketa horretan izan bainaiz. Gogorra izango da, baina...».

«Pazientzia» eskatu diote bi taldeburuek. «Gustatzen zaiona egin du bizitza guztian, eta 39 urterekin, bat-batean, erretiroa hartu duela jabetuko da. 65 urterekin batzuek galduta geratzen dira, eta pentsa 39 urterekin zer sentitzen den!». Esperientziaren izenean egin du hausnarketa Indurainek, baina Olanok ukitu baikorragoa eman dio egoerari, Txente erabat ez hondoratze aldera [barre txikia egin du tafallarrak Indurainen esanak entzunda]. «Profesionaletara igaro eta bizpahiru urtera aurrera egin ezinik geratzen direnentzat da benetan gogorra erretiroa. Baina Txenteren kasuan, etorkizunari lasaiago begiratzeko aukera dauka; bizimodu berria lasaiago barneratu ahal izango du». «Atseden hartzea» besterik ez dauka buruan. «Eta gerora gustatuko litzaidake txirrindularitza munduari lotuta jarraitzea. Jose Miguel Etxabarrirekin ere hizketan aritu naiz, baina oraingoz ez zait aukerarik sortu». Laster deituko diote. Ziur.

«Kaixo, Miguel», esanez

Banesto taldearen egitura dago BERRIAk elkartu dituen hiru txirrindulari pusken oinarrian. 1984tik 1996ra bitartean Reynolds eta Banesto artean estutu zuen gorputza Indurainek; 1997an eta 1998an aritu zen Olano Baneston; eta 1995etik, debuta egin zuenetik, Banestoren egituran egin du ibilbidea Txentek —Banesto, Illes Balears, Caisse d'Epargne eta Movistarren—. Indurain eta Olano, biak izan zituen taldeburu Txentek. Indurainek bosgarren Tourra irabazi zuen denboraldian eman zuen profesionaletarako pausoa; eta Olano taldeburu gisa zuela joan zen lehenengoz Tourrera, 1997an.

Kazetariaren galderei erantzuten ari den bitartean, ametsetan ariko balitz bezala, Olanori eta Induraini begiratu die Txentek. «Bi fenomenoren erdian nago. Luxua da hau!». Tarteka Indurain bera hasi da kazetari lanak egiten. «Noiz esan duzu egin zenuela debuta? 1995ean?». Azkar jaso du erantzuna. «Ez al zara gogoratzen nola joan nintzen zure ondora, 'kaixo, Miguel' urduri bat esanez?». Bestela ezin eta, erretiratuen antzera hasi dira garai bateko txirrindularitza hobea zela esanez. «Lehengo gazteek, gutxienez, bagenekien taldeburuei ur bidoiak eramaten. Baina orain gehienekin hutsetik hasi beharra dago».

Tourrik ez du irabazi Txentek, baina nekez pasatuko zen tropeletik nafarra bezain langile finik. «Oso barneratuta zeukan bere lana. Tarteka gehiegi agian, itzuli txikietan beste pauso bat emateko gai zela uste dudalako. Baina egunero besteentzat lanean aritu dela jakinda, garaipen ederrak lortu ditu». Tafallarraren beste ezaugarri bat ere goratu du Olanok: «Berak ematen zion taldeari beharrezkoa den umore ukitu hori. Eta itzuli handietan, bereziki, hirugarren astean asko eskertzen da hori, gehienetan gauzak ez direlako nahi bezala irteten. Aparta zen talde giro ona sortzen».

Garaipen eder batzuk ere pilatu ditu, gainera, langile finak. «Irabazi ditudan etapetan bakarrik helmugaratzeko eta behar den bezala gozatzeko zortea izan dut». Vueltako lehenengo garaipena dauka oroitzapenen txokorik kutunenean gordeta. «Ibilbidea gogorra zen oso, eta niretzat ez zen aproposena. Baina ihesaldian sartzea lortu nuen, eta zoragarria izan zen [Narancon eskuratu zuen lehen garaipen sonatu hura]». Vuelta irabazteko helburuarekin joan zen Olano Vuelta hartara. «Baina gorriak ikusi nituen, eta behar baino lehen itzuli behar izan nuen etxera». Gerora, 2000ko Tourrean etapa bat irabazi zuen Txentek, eta 2002an beste etapa bat kendu zion Vueltari.

39 urterekin hartu du erretiroa tafallarrak. «Gaztea da oraindik, baina nabari zaio egur handia hartuta dagoela». Zirikatzeko dago Indurain. «Norberaren erabakia da hori. Entrenatzeko gogoa eduki behar da beste denboraldi batez egurrean jarraitzeko», gaineratu du atarrabiarrak. «Eta ez nengoen prest beste negu luze bat igarotzeko. Gogorra da, eta etxekoekin egoteko gogoa neukan jada». 3 eta 6 urteko bi seme-alaba dauzka, eta haiekin gozatu nahiago du sufritzen segitu baino. Alejandro Valverdek ere deitu zion jarraitzeko eskatzeko —urtarrilean itzuliko da lehiara—. Baina hark ere ez dio aldatu iritzirik.

Txentek hamabi aldiz parte hartu du Tourrean, eta hamabost aldiz Vueltan —Tourrean aritu den hamabi urteetan, eta beste hiru sasoitan—. 27 itzuli handi denera. «Bi hauek ez daukaten marka bat badaukat behintzat!», bota du barrez tafallarrak. Pena txiki batekin esan du agur. Iruñetik abiatuko da datorren urteko Vuelta, taldekako erlojupeko batekin. «Egia esan, aukera polita neukan erlojupekoa egin eta hurrengo egunean erretiroa hartzeko, baina...». Ez dago atzera bueltarik. «Azken erorikoa gogorra izan da, eta buelta asko eman diot buruari, hasieran ez nintzelako gai zutik jarri eta tente egoteko ere». Italiako Giroa ezagutu gabe geratu da. «Tourrera ez nintzela joango erabaki nuen sasoi batean ea Giroan lehiatu nahi nuen galdetu zidaten, eta ezetz esan nien; nik Vueltara joan nahi nuen. Asko gustatzen zait proba hori».

«Laguntzaile perfektua», «burdinazko beteranoa», «maisua»... Lore asko jaso du Txentek azken egunotan. «Gehiegizkoa izan dela uste dut. Nik ohar txiki bat atera nahi nuen, baina ez zidaten utzi». Prentsaurreko hunkigarri batekin esan zuen agur orain hiru aste eskas, joan den urriaren 25ean. Ordutik langile fin bat gutxiago dago tropelean. Baina, taldeburu batentzat, zein da laguntzaile perfektua? «Bere lana laguntzailea izatea dela barneratuta daukana, dena emateko prest dagoena», erantzun du azkar Olanok. «Eta Txente horrelakoa zen. Tropelaren barruan egon zitezkeen mugimenduei aurrea hartzen zekien, eta taldekide guztiak adi edukitzen zituen. Zela ihesaldia sortzeko aukera, zela haizea...».

Indurainek ere ezaugarri horixe goraipatu du. «Agindurik eman gabe egin behar duena egiten duena da laguntzaile ona. 40 kilometro baldin badaramatzazu urik gabe, badakizu ondokoa ere antzera joango dela. Eta Txente artista zen horretan; une bakoitzean behar zen guztia egiten zekien». Jakinduria horrek Munduko Txapelketaren atea ere ireki zion 1997an, 1998an, 1999an eta 2002an. «Niretzat lasterketa berezia zen Munduko Txapelketa. Eta, noski, betiko gogoan izango dut bi artista hauek 1995ean egin zutena. Ikaragarria izan zen». Hitzik esan gabe, barre txikiarekin erantzun diote biek. Urrea eta zilarra eskuratu zituzten bi probetan.

Maisuak erretiroa hartuta, ordezkoaren bila hasi beharko dute orain. Txentek berak aurkitu du pare bat: «Talde barruan Pablok [Pablo Lastras] oso ondo daki lasterketak aztertzen; eta Imanoli ere [Imanol Erbiti] pixkanaka ari gara pentsaera aldatzen».

Taldeburuen lore sortak lotsa pixka batekin onartu ditu Txentek, eta samur-samur hasi da bera ere Indurain eta Olanoren gaitasunak azaltzen. «Nahi baino denbora gutxiago igaro nuen Indurainen ondoan —bi denboraldi—, baina lasterketan zeukan hoztasunarekin geratzen nintzen harrituta. Beti zegoen lasai. Ihesaldi arriskutsu bat aurrera zihoala ikusi arren, ez zen urduri jartzen, eta gehienetan asmatu egiten zuen, noski». Olanoren kasuan, «entrenamenduekin eta janarekin oso zorrotza» zela nabarmendu du. «Eta, bereziki, 1998ko Vuelta daukat gogoan. Asko sufritu genuen, baina azkenean lortu genuen Abrahamekin itzuli hura irabaztea».

Laguntzaile fina izatearen sekretua «norberaren jarreran» dagoela argitu du tafallarrak. «Nik beti esan izan dut irabazteko balio ez duenak gogotik lan egin behar duela. Norberak ahalik eta azkarren jabetu behar du horretaz». Indurainek xehetasun bat gehitu dio Txenteren azalpenari. «Afizionatuetan ona dena iristen da gora, baina beheko maila horietan ez zaio behar bezalako garrantzirik ematen laguntzaileen lanari. Gora iristean, beraz, bakoitzak bere lekua aurkitu behar izaten du».

Txirrindularitzan ez baita gozatzen garaipenekin bakarrik. «Nik beti esan izan dut taldeburuen garaipenaren zati txiki bat neurea ere bazela sentitu izan dudala beti». «Ondo egindako lanarekin harro» sentitu izan da beti Txente. «Eta taldeburuak ere nekez egin dezake ezer inguruan laguntzaile bikainik ez badu», goratu du Indurainek tafallarraren gisako txirrindularien lana. «Irabazten duena ona den seinale izaten da beti, pedalei gogor eragiten dien seinale. Baina, itzuli handietan bereziki, ezinbestekoa da inguruan taldekide onak edukitzea».

Laguntzaileen lana, arriskuan

«Txirrindularitzan egin diren azken mugimenduek mesede gutxi egiten diete taldeburuen laguntzaileei», azaldu du Olanok. «Garai batean lider baten inguruan osatzen ziren taldeak, eta ardura handia ematen zitzaion laguntzaileari; fitxaketen garaian ere asko eskertzen zen haien lana». Baina puntuen banaketa berriak dena aldatu du. «Garai bateko Munduko Kopara itzultzen ari gara; puntuak pilatzen dituzten txirrindulariak behar dituzte taldeek, eta horrekin galdu egingo da laguntzaileen lana».

Tira eta tira, halakoren batean Txente hasi da bitxikerietako bat kontatzen. «Dauphine Liberen izan zen; ez dakit Miguel oroituko den, baina euri asko ari zuen, eta orduko euritako eder haiekin abiatu ginen». Janzkera hobeto ulertzeko, «Michelin panpinaren itxura» zeukatela azaldu du. «Ihesaldia sortu zen, eta han joan nintzen aurrera, euritako eta guzti. Berehala hasi nintzen izerdi patsetan, eta, ezinean, aurrera baino azkarrago egin nuen atzera. Miguelen paretik pasatu nintzenean barrez lehertu zen. Ez zait sekula ahaztuko». Eroriz ikasten da oinez eta pedalei eragiten.

Edonork ez du lortzen Indurain eta Olano ondoan dituela hamazazpi urteko ibilbideari begiratu azkar bat ematea. Eta zerbait esan nahi du horrek. Txirrindulari maitatua izan da Txente. Laguntzaile finenetako bat galdu du tropelak. Gutxitan ikusten diren langile amorratu horietako bat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.