«Marianne [Vos] ni baino okerxeago sentitzen zenez, nire aukera baliatzea erabaki du taldeak. Izugarri eskertzen diot ni kokatzeko egin duen lana. Harrigarria izan da dena». Hortxe, barru-barrutik, Pauline Ferrand Prevot (Rabo Cycling) Fleche Walloneko irabazlearen analisia. Errepideko lehen proba zuen Vosek sasoi honetan, baina egungo munduko txapeldunak errespetu handia sortzen du beti. Faboritoek gertutik zaindu zuten, eta haren taldekideak dotore baliatu zuen aukera.
Segundo bat Elizabeth Armitstead britainiarrari (Boels Dolmans) eta lau Elisa Longo Borghini italiarrari (Hitec). Oso borrokatua izan zen lasterketa, Munduko Kopako laugarrena —lau garaile izan dira Munduko Kopako lehen lau lasterketetan—. Eraso festan, 31 txirrindulariko tropeltxoa geratu zen buruan Bousalleko igoeran, eguneko laugarrenean. Baina, Audrey Cordon (Hitec), Liesbeth de Vocht (Lotto) eta Linda Villumsenen (Wiggle-Honda) erasoak kontrolatuta, azken igoeran hautsi zuen taldea Ferrand Prevotek. Oso ondo arituta, 26. postuan helmugaratu zen Ane Santesteban (Ale Cipollini).
Talde lanak eman dio garaipena Ferrand Prevoti
Tropelak zorrotz zaindu du Marianne Vos, eta Huyn erasoa jota nagusitu da frantziarra Fleche Wallonen
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu