Frantziako Tourra

Talde lana oinarri duen Tourra

Jon Iriberri Jumbo-Vismako biomekanikaria da, eta, haren esanetan, «taldearen gidoiari» jarraituta irabazteak «konfiantzaz» bete du Jonas Vingegaard, Frantziako Tourreko garailea.

Jumboko bost txirrindulari, Vingegaarden Frantziako Tourreko garaipena ospatzen, Parisen. MANTEY STEPHANE / EFE.
Beñat Mujika Telleria.
2022ko uztailaren 26a
00:00
Entzun
Jon Iriberri (Bilbo, 1974) Jumbo-Visma taldeko biomekanikaria da. Jonas Vingegaardek Frantziako Tourra irabazi eta hurrengo egunean, haren poza nabarmena da. Zortzi urte daramatza proiektuan lanean, eta «talde lana» da lehiatzeko sekreturik handiena. Amsterdameko Ajax eta Zeelanda Berriko All Blacks taldeetatik hartutako pentsamoldearekin egiten dute lan Jumbo-Visman.

Iriberriren lana da bermatzea txirrindulariak ahalik eta errendimendurik handiena ateratzen diola bizikletari. Entrenamenduen kantitatearen garaia den honetan, «mugimenduen kalitatean» jartzen du begirada; teknikan, alegia. Lesioak saihesteko orduan ere garrantzitsua da haren lana, eta txirrindulariekin une oro dauka harremana. Ondo ezagutzen du aurtengo Tourreko irabazlea. Bi urte daramatzate taldean elkarrekin Vingegaardek eta Iriberrik, eta emaitza bikainak lortu dituzte.

Tadej Pogacar (UAE) zen faborito nagusia Tourra irabazteko, baina ezustekoa emanda nagusitu da Vingegaard. 25 urterekin iritsi da maila gorenera danimarkarra, eta, Iriberriren hitzetan, oso «diziplinatua» da bere lanean. Gertutasunean «jatorra» bada ere, danimarkarrek berezkoa omen duten «zuzentasuna» ere agerikoa da maillot horiarengan.

Tourra haren herritik bertatik abiatu zen, eta aurkezpen egunean negar malkotan amaitu zuen zaleen aurrean. Inguruari «oso lotuta» bizi da. Sentimendu estu batek lotzen du Danimarkarekin, eta «oso pertsona familiarra da», Iriberriren iritziz. «Horrek lasaitasuna ematen dio gero bere lana ondo egiteko», gehitu du.

Iriberrik nabarmendu duenez, Vingegaard Jumbo-Vismara heldu zenean, zuzendaritzak «zalantzak» izan zituen taldera ondo egokituko zen ala ez, baina ohartu da «gidoiari jarraituta» gauzak ondo ateratzen direla, eta horrek «konfiantzaz» betetzen du. Konfiantza hori Parisen bertan erakutsi zuen. Maillot horiak argi utzi du datorren urtean ere Tourra dela bere helburua. Prestakuntza aldetik egutegia finkatzea izango da taldearen eta izar berriaren lana, baina, Iriberriren iritziz, «udaberriko klasikoetan» trebatzea da logikoena.

Bi liderrekin iritsi zen Jumbo-Visma aurtengo Tourrera. Vingegaard baino faboritoagoa zen Primoz Roglic bera, baina errepideak bere hautua egin zuen. Zenbat lider eramatearen eztabaida ez da berria. Batzuek bakarra nahi izaten dute, eta beste batzuek bi edo gehiago. Jumbo-Vismak «beti» izaten du ordezko plan bat. «Gure ustez, komenigarria da bi lider izatea. B plana izatea gustatzen zaigu, karta bakarrera jokatu gabe», esan du Iriberrik.

Horrek askotan arazoak ekarri ohi ditu zenbait taldetan. Hori dela eta, biomekanikariak garbi dauka «hasieratik argi» utzi behar dela «zein den taldearen helburua, eta zein bigarren aukera». Horretarako, talde lanean sinetsi beharra dago. Elkarrekin irabazten dugu da taldearen leloa, eta hori «barneratua» dute guztiek. «Bere kabuz irabazi nahi duen edonork ez dauka tokirik gure taldean», zehaztu du Iriberrik.

Vingegaarden unerik onena Granonen gora izan zen. Hiru minututik gorako aldea atera zion esloveniarrari, eta han jo zuen lehen kolpea mahai gainean. Haren gorputzaldia izugarria izan bazen ere, erasoak ez zuen ezustean harrapatu Iriberri, beti baitaramate bidea «aurreikusita», eta estrategia eginda. «Badakigu non, noiz eta nola min egin. Oso neurtuta eta ahalik eta kontrolatuenen eramaten ditugu lasterketak», azpimarratu du.

Taldea nola lehiatzen den ere argi ikusi da Frantziako Tourrean. Azkeneko urteetan oso talde «erasokorra» izan da Jumbo-Visma. «Denok batera egiten dugu eraso, eta lasterketa desblokeatzea da gure helburua».

Porrotetatik ikasitakoak

Garaipenaren gozoa dastatzen ari da Jumbo-Visma azkeneko urteetan. Goi mailako errendimendua erakutsi dute, eta taldearen bilakaera nabarmena izan da. «Hamabost bat langile hasi ginen lekuan, 120 gaude orain». Talde gisa irabazi dute aurtengo Frantziako Tourra, eta ez edonola, gainera; maillot horiaz gain, mendikoa, berdea, eta sei etapa garaipen lortu dituzte. Taldearen estrategia aldatu den arren, lana egiteko modua bera da. «Aurreko bi urteetan galdu egin dugu. Aurten, gauzak ondo atera zaizkigu».

Porrotetatik ikastearen garrantzia ere azpimarratu du Iriberrik. «Galtzen esperientzia handiagoa du taldeak irabazten baino», eta horrek «hausnartzeko» balio izan dio taldeari: «Taldean galtzen ikasi dugulako irabazi dugu orain», nabarmendu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.