Arrauna. Igor Makazaga. Donostiarra taldeko entrenatzailea

«Talde honekin bezala inoiz ez dut gozatu egunerokoan»

Bete-beteko urtean da taldea. Prestakuntza garaian, irabazle, eta Eusko Label ligan, hiru banderaren jabe, eta hirugarren. Hala ere, entrenatzaileak balio handiagoa eman dio lehen aldiz lider jarri izanari. Liga irabaztea inoiz ez dutela pentsatu esan du.

JON URBE / FOKU.
Aitor Manterola Garate.
Zarautz
2022ko abuztuaren 26a
00:00
Entzun
Beroari ihes egiteko lehenago jaitsi dituen pertsianak igo ditu Igor Makazagak (Pasaia, Gipuzkoa, 1972), eta argia sartu da lantokian.Donostiarra bere taldea ere ari zaio ematen bestelako argitasun bat traineru denboraldiari: hiru bandera irabazi ditu Eusko Label ligan, eta lehen aldiz izan da lider.

Orain arte egindakoa, kanpotik begiratuta, bikaina izaten ari da. Barrutik, beste horrenbeste?

Oso ona da, bai. Helburu ausart batekin hasi ginen: orain arteko postu onena hobetu nahi genuen sailkapen nagusian, iazko laugarren lekua. Aurreikusten genuen lehia handia izango zela, eta guk geuk uste genuen baino hobeto ari gara. Gozatzen gabiltza.

Neguak eta udaberriak eman zuten pistaren bat.

Prestakuntza garaian eta udan sentitu gara estropada bakoitzean muturra sartzeko aukerarekin. Barneratu egin genuen uste hori, sinesten hasi ginen benetako aukera zela, balio dugula, eta horixe izan da gure prozesua.

Buruak baietz esaten badu, mugarik ez dago, ezta?

Lana behetik gora egiten denean, badakizu zer zailtasun dauzkazun. Ikusten duzunean amestutako hori gauzatu duzula, beti aurrean ibiltzea, sekulakoa da. Gaitasun hori kudeatzen aritu gara.

Hobe halakoak kudeatzea bestelakoak baino, ezta?

Denak du zailtasuna, baina gauza ederra da ondo dabilen talde bat kudeatzea. Zentzua ematen dio aurretik egindako lanari.

Eta entrenatzailea ase?

Badakizu nolakoak garen. Beti gehiago nahi, ezin konformatu, betiere hankak lurrean jarrita. Gutxi irabazitakoa naiz arraunean daramatzadan 30 urte baino gehiagotan, eta balio handia ematen diot lanari. Ikusi dugu bidea perfektua izan gabe ere zentzua ari dela izaten, eta fruituak ematen ari da. Aurrerako pausoak dira gureak.

Bide horretan sinesteko mugarria izan zen etxeko estropadan irabaztea, ligako bigarren jardunaldian?

Izan daiteke, baina bandera baino gehiago izan zen lider jartzea aurreneko aldiz. Banderak aurreko urteetan ere irabazita geneuzkan. Ezberdintasuna eta berezitasuna lidergoak eman dio. Gauzatutako amets bat izan da, muturrean ibiltzeko gai garela sinesteko. Patroia gorriz jantzita ikustea handia da.

Kanpora begira esan duzue estropadaz estropada zoaztela. Barrura begira ere bai?

Bai, baina berekoikeriaz, guretzat komenigarriena zelako. Abuztuen bertan, pare bat estropadatan ez gara distiratsu ibili, eta horietan aritu ginen puntuazioari begira. Neuri ere kalte egiten zidan buruan liga irabazteko kontuekin ibiltzeak, eta taldeari ere bai, ondorioz.

Liga irabaz dezakezuela pentsatu izan duzue?

Ez. Inoiz ez. Egunekoan jarri dut arreta erabat. Lider zenbat denbora egon garen ez dakit. Lider izateari garrantzia eman diot, taldeak merezi duelako.

Orain pentsatzen duzue, lau estropada falta direla, eta Urdaibai liderrak baino bederatzi puntu gutxiago edukita?

Ez dugu aldatu pentsamoldea. Zenbat puntu atzetik goazen ere ez dakit. Gure onena ateratzeko biderik zuzenena estropadaz estropada joatea da.

Galiziako bi estropadetan buelta gertatzea, ezinezkoa, hortaz?

Ez dut espero inondik inora.

Betiko esaldi bat da Galiziako eremuak desegokiak direla?

Bai. Lehen, arazoa ez zen eremuengatik. Balizak jartzeko eragatik zen; eremuak motzago izaten ziren, eta baldintza eskasetan aritzen ginen, estropadek merezi ez zuten moduan. Ligak hobetu egin du hori. Hemengoetan alde handiagoa dago kaleetan. Galiziako eremuak gustatzen zaizkit oro har. Entrenatzaile bezala, aberasgarriak dira. Taldearentzat ere ona da itsaso eta baldintza ezberdinetara egokitzea; batez ere, gu bezala, hazten ari den talde bat izanda.

Kontxa dator gero. Ligan goi-goian ibiltzeak eragin al dizue udako lan plangintzan?

Ez. Kontxara ondo iritsi nahi bada, berdin dio ligan seigarren ibili edo aurrena. Momentu bakoitzean taldeak zer behar duen irakurtzea da beharrezkoa. Plangintzak aldatzen dira unean-unean taldeak behar duenaren arabera. Adibidez, bero zakarrak jotzen badu, egokitu beharra dago. Edo taldea ondo badago, lan gehiago jarri edo kendu.

Liga irabaztea ez zenuten pentsatzen. Eta Kontxa?

Negu-negutik pentsatu dugu edozein estropadatan garela irabazteko gai, eta Kontxan ere bai.

Aurpegia aldatu zaizu, irribarre txikia egin duzu.

Arraunean nagoenetik lehen aldiz ari naiz sentitzen nahiago dudala faboritoen txanda berean atera aurreneko igandean. Ez dut beste txanda batean joan nahi. Onenen baldintza berberetan nahi dut, orain arte ez bezala.

Zein da talde on honen sekretua?

Azkeneko bi urteetan, berrikuntzak B traineruko arraunlariak kanpotik ekarritakoak izan dira. Horien artean, gazteak, gose direnak goi mailan ibiltzeko grinarekin. Taldeari zentzua eman dio bereizgarri horrek. Inoiz baino gehiago ari gara izaten betiko talde baten antza. Batuago gaude, identifikatuago gaude inguruarekin. Taldearen bilakaeran, batez ere azkeneko bi urte hauetan, zerbait berezia sortu dute gazteek. Ez dakit aurreko urteetako taldeek baino potentzial handiagoa dugun, baina taldeago garela garbi daukat, edozeren gainetik.

Bereizi badaitezke herriko taldeak eta hiri batekoak, herri izaera duen taldea duzu?

Talde honek badauka beste klubetan ezagutu dudan gertutasunaren antzekoa. San Juanen, Orion eta Donostian izan naiz entrenatzaile, eta antzeko egitasmoak dira, ñabardura gutxirekin eguneroko bizitzan. Taldeek talde sena izan dezakete edo ez, eta beste klub batzuetan izan ditudan taldeetakoen antzekoa edo handiagoa da hemen. Nik neuk inoiz ez dut gozatu hainbeste egunerokoan. Gehiago identifikatzen naiz hauekin. Arraunlari onak behar dira ondo ibiltzeko, baina gure talde senak eta harremanak asko betetzen nau. Agian, San Juaneko arraunlari izandako garaietara joan beharko nuke antzeko zerbait sentitzeko.

B taldea KAE 1era igotzeko kanporaketan sartu da. Hori ere balekoa.

Aurreneko aldia da B bat dugula behar bezalakoa. Oso zaila da egokia ateratzea. Taldearen hiru-laurdenak etxekoak dira, eta erdiak baino gehiago 20 urtez azpikoak. Zazpi-zortzi dira seniorretako lehen urtekoak, eta erdiek baino gehiago dute lehen urtea traineruan, mugikorrean urte askoan ibili eta gero. Bat egin du B formakuntzako bat izateak A taldearen gorakadarekin. Egindako bidea ez da perfektua izango, baina orain badu zentzua, beti amestu dugun B bat dugulako ere bai.Testuinguru ideala daukagu.

Batek egin du debuta zuekin, Ander Baldak.

Bai, eta gurekin geratuko da sasoi osorako. Hori da politena, halako gazteak izatea klubean.

Aurtengo Eusko Label ligako mailaz zer iritzi?

Matematikazalea naizen aldetik, bada datu bat inoiz eman ez dena, nik dakidala. Laugarrenak bosgarrenari, Oriok Getariari ateratzen dion aldea askoz handiagoa da Getariak Isuntza azken-aurrekoari ateratzen diona baino. Zatiketa egin da inoiz egin gabea. Sekula baino garestiago egon da goian sartzea. Faborito handienak estropada guztietan doaz inoiz ez bezalako tentsioarekin. Horrek eragin du tartea lehen lauren eta beste guztien artean. Gero, Getaria eta Kaiku igoberriak ematen ari diren maila oso handia da.

Talde gehienak ez al dira motzegiak arraunlari kopuruz?

Goiko taldeen artean bai, behintzat. Oriok eta guk Urdaibaik eta Hondarribiak baino aldaketa gehiago egiten ditugu, dena dela.Ezer barkatu gabe ari dira, eta horrek zehaztu du taldeen aldaketen dinamika. Horrek ere azaltzen du laugarrenetik atzera egin den zuloa.Gaur egun, gaitasun handiagoa da kalitateko arraunlariekin denboraldi osoa egiteko, aldaketa gutxirekin. Aukera eduki behar da horretarako. Inoren esku ez dago hamalau arraunlarirekin goian ibiltzea, eta aldaketak egiten dira askotan arraunlari guztiak zaintzeko. Baina lehen biak ari dira erakusten gai direla, betiere kalitateko arraunlari ugari dituztelako.

Zuen kasuan, Iker Imazi harrobiko izendapena kentzeak kalte egin dizue aldaketak egiteko?

Ez. Nahiko harrobiko jende badugu, eta bi fitxa izan ditugu bete gabe. Bat Baldak bete du, eta bestea bete gabe dago, beharra izanez gero. Imaz ez da harrobikoa hirugarren aste bukaeratik, eta taldearen errendimenduak ez du behera egin lehen bi estropadetatik.

Zer iritzi duzu hainbat taldek zuei helegitea jarri izanaz Imazen auziagatik?

Aurreneko aste bukaeran bosgarren edo atzerago geratu izan bagina, ez zen hau gertatuko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.