Futbola. Reala Txapeldunen Ligan. Sami Hyypia. B. Leverkuseneko entrenatzailea

«Talde gisa gustatzen zait Reala; horixe du bere indargunea»

Sami Hyypiari esker jarri da Bayer Leverkusen Bundesligako bi oilarren parean. Finlandiarrak izaera handia eman dio taldeari.

Donostia
2013ko urriaren 2a
00:00
Entzun
Orain bi urte arte, atzeko lerrotik aritzen zen agintzen Sami Hyypia (Porvoo, Finlandia, 1973), eta aulkitik jartzen du orain bakoitza bere lekuan. 2012ko apirilean hartu zuen Bayer Leverkusenen ardura, eta, taldeari bere ukitua emanez, oso gora ari da iristen. Posta elektronikoz erantzun ditu, zintzo, BERRIAk bidalitako galderak.

Bundesliga al da Europako txapelketarik erakargarriena?

Oso erakargarria da liga hau, oso lehiakorra delako, bereziki. Ia edonork irabaz diezaioke edonori. Baina ez nuke esango beste txapelketa batzuk baino erakargarriagoa denik. Liga bakoitzak dauzka bere abantailak, baina egia da Alemanian oso baldintza onak daudela futbolean jokatzeko.

Espainiako Ligan ia ezinezkoa da Bartzelona edo Real Madril ez den beste inork liga irabaztea. Antzekoa gertatzen al da Bundesligan? Pentsa al liteke Bayer Leverkusenek inoiz Bundesliga irabaz dezakeela?

Guk ez dugu pentsatzen horretan; hurrengo partida bakarrik izaten dugu buruan. Nire ustez, okerra da urrunagoko kontuez aritzea. Hori eginez gero, hutsak egingo dituzu egunerokoan.

Kasu egiten al diozu Espainiako Ligari? Zer gustatzen zaizu lehiaketa horretatik? Eta zer ez?

Jakingo duzun moduan, Ingalaterran jokatu nuen nik denbora luzez. Beraz, ez da harritzekoa liga horrekin lotura estuagoa izatea. Baina, noski, begiratzen diot Espainiako Ligari ere, mundu osoko taldeak daudelako: Real Madril, Bartzelona edo Atletico Madril, adibidez. Eta, jakina, Reala zaintzen ere ari naiz. Aukera handia daukan talde indartsua da.

Bayerren joko estiloa beste talderen baten antzekoa dela uste duzu? Eta, izatekotan, zeinen parekoa?

Ez... Gure jokamoldea daukagula uste dut. Ez dugu izan nahi inoren kopia, eta egunero saiatzen gara ideia hori garatzen.

Zein dira zure ereduak entrenatzaile gisa? Zein da zure inspirazio iturria?

Entrenatzaile eta manager bikainekin aritu naiz lanean. Jokalari nintzenean oso gertutik begiratzen nuen entrenatzaileek zer egiten zuten, eta bakoitzaren gauzarik onenak hartzen saiatzen nintzen. Baina ezin dut esan entrenatzaile jakin bat izan denik nire idoloa. Ni neu izaten saiatzen naiz; benetakoa izaten.

Entrenatzaile gaztea zara zu; jokalarien laguna ere bai? Oso zorrotza al zara eurekin?

Entrenatzaile izateak, oro har, adinarekin batere zerikusirik ez daukala uste dut. Zenbaki bat besterik ez da adina. Jokalariak konbentzitzu nahi ditut nik. Eta batzuetan, beharrezkoa bada, ozenago hitz eginda konbentzitzu behar izaten dira.

Txapeldunen Ligan lehiakorra izatea eta partidekin gozatzea da Realaren helburua. Zuk ba al daukazu indartu nahiko zenukeen helburu jakinik?

Guk ere gozatu egin nahi dugu Txapeldunen Ligarekin, noski. Normalean, irabazten den bitartean lortzen da hori. Ahal dugun guztia egingo dugu helburu hori lortzeko. Ikusiko dugu gai garen.

Irabaztea da garrantzitsuena edo gozatzea ere bada helburua?

Erantzun berri dut galdera, baina lehen irabazteko helburuarekin jokatzen nuen futbolean, eta orain, entrenatzaile gisa, ez da aldatu ezer.

Joan den sasoian hirugarren amaitu zenuten liga. Aitorpena lortzeko, Txapeldunen Ligan lan ona egin beharra al daukazue? Edo dagoeneko aintzat hartzen zaituztetela sentitzen duzu?

Ez dut behar inoren aitorpenik aintzat hartzen nautela sentitzeko.

Ba al dago zure jokalarientzat eredu gisa erabiltzen duzun egungo edo lehengo jokalaririk?

Ez dut uste nire jokalariek idolorik behar dutenik. Baldin badaukate, ondo dago. Baina, nire ustez,euren buruengan pentsatu behar dute hobetzeko. Ez dute saiatu behar inoren kopia izaten. Jokalari bakoitza bakarra da, bere indargune eta ahulguneekin. Eta guztiek entrenamendu jakin bat egin behar dute garatzeko. Jokalari gazte guztiek Messiren gisakoak miresten dituzte, baina bere bidea egin behar du bakoitzak.

Xabi Alonso izan al liteke inspirazioa lortzeko jokalarietako bat?

Noski. Talderik onenetan eta Espainiako selekzioan bizipen zoragarriak izan dituen jokalari bikaina da. Bere postuan, goi mailako jokalaria da.

Zein iritzi daukazu Realaren inguruan? Jaramonik egin al zenion joan den denboraldian?

Jabetu nintzen ligan egin zuten lan onaz, noski. Espainiako Ligan laugarren postuan sailkatu zen taldea ezin da izan txarra. Oso partida zaila izango da.

Zein jokalari gustatzen zaizu gehien Realetik?

Talde gisa gustatzen zait Reala. Nire ustez, horixe du bere indargunea. Jokalari bat zaintzen baduzu, erabakigarria izan daitekeen okerra egingo duzu, agian.

Zubieta da Realeko gazteen trebakuntzarako gunea. Egungo taldean harrobikoak dira hamazazpi jokalari. Zein iritzi duzu horren inguruan?

Kasu hori bakarra da nazioarteko futbolean. Badakit euskal zaleak harro daudela horretaz, eta hala egoteko arrazoia daukate.

Zure klubean inoiz lortu ahal izango al da antzeko zerbait? Helburuetako bat al da hori?

Gure jokalari asko ere harrobikoak dira: Gonzalo Castro, Stefan Reinartz edo Jens Hegeler, esaterako. Batzuek utzi egin zuten taldea; Rene Adlerrek, adibidez. Jokalariak garatzeko filosofia egokia dela uste dut harrobia lantzea. Beste muturrean, beste klub batzuetako gazteak fitxatzen ditugu sarritan, ondoren Bayerren hazten jarraitzeko. Estrategia bikoitza dela esan daiteke, eta, oraingoz, emaitza onak ematen ari da.

Euskal zale batzuek Xabi Alonsori «zorionak, txapeldun» esan zenionekoa daukate gogoan, Liverpoolekin Txapeldunen Liga irabazi zenutenean. Irakatsi al zizun euskarazko beste hitzik? Gai al zara euskaraz zerbait esateko?

[Barrez] Oso zaila da hori! Euskara bakarra da, eta hitz egiteko eta idazteko zaila. Oraintxe harrapatu nauzu...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.