Carlos Gurpegi. Athleticeko jokalaria

«Talde bat eraikitzen ari gara oraindik»

Marcelo Bielsak Javi Martinez ordezkatzeko aukeratu du Carlos Gurpegi, baina kapitaina ez dago gustura eman duen mailarekin. Derbiari dagokionez, «partida polita» izango dela uste du.

haritz gallastegi
Bilbo
2012ko irailaren 28a
00:00
Entzun
Orain hamar urte Anoetan jokatutako derbi batek goitik behera aldatu zuen Carlos Gurpegiren kirol ibilbidea (Iruñea, 1980). Zehatzago esanda, neurketa ostean egin zioten dopin kontrol batek aldatu zuen. Ordutik une «latzak» eta «mingarriak» pasatu dituela dio, baina ez dio buelta asko eman gura. Orain, berriz ere, futbolarekin gozatzen ari delako. Egun buruan daukan gauza bakarra Athleticen egoera zailari buelta ematea da. Derbian izango du lehen aukera.

Zein nota jarriko zenioke sasoi hasierari?

Ez da izan guk espero genuen hasiera. Ilusio handiarekin ekin genion denboraldiari, eta oraingoz ez gara ondo aritu. Baina ez da komeni ahaztea eraikitzen ari garen talde bat garela. Aurreko denboraldiarekin alderatuta, bospasei jokalari berrik jokatzen dugu hasieratik. Hori nabaritu egin da. Apurka-apurka, entrenatzaileakgura duen mailara gerturatzen ari gara, baina uste dut gai garela orain arte eman dugun baino askoz gehiago egiteko.

Bistan da Athletic gai dela orain artekoa hobetzeko, baina aurreko sasoia da erreferentzia, eta hori berdintzea ia ezinezkoa da.

Zaleek beti alderatuko dute aurreko sasoiko lana eta denboraldi honetakoa, baina berriro diot taldea asko aldatu dela hilabete gutxian: Javi Martinez ez dago; Herrerari ebakuntza egin diote; Amorebieta min hartuta egon da; eta Llorente ere hamaikakotik kanpo egon da luzaroan… Talde on bat egin guran gabiltza, eta badakigu etengabe alderatuko dela orain egiten ari garena aurreko denboraldian egin genuenarekin.

Athleticek bost puntu irabazi ditu bost partidatan. Puntu gutxi dira. Urduri zaudete?

Puntu gutxi dira, bai, baina merezi ditugunak irabazi ditugu. Hala ere, goiz da urduritzeko. Hori bai, garaipenak lehenbailehen lortu behar ditugu. Puntu gutxi ditugu, neurketa bakarra irabazi dugu, eta gure helburua da sasoi amaieran onenen artean egotea. Beraz, suspertzen ez bagara, ihes egingo digute goikoek.

Reala ere antzera dago. Anoetako derbian puntu premia horrek eragina izango duela uste duzu?

Iaz, jardunaldi berean agertu ginen Anoetan, egun baino hiru puntu gutxiagorekin, eta merezita irabazi genuela esango nuke. Gauzak ondo irtetzen ez direnean gehiago batzen da taldea. Ea batasun horrek indarra ematen digun derbian. Iaz Reala mendean hartuta hasi zen Athleticen hegaldia.

Reala oso talde indartsua da Anoetan.

Bai, eta guri, ostera, asko ari zaigu kostatzen etxetik kanpo lan ona egitea. Bi partidatan zazpi gol jaso ditugu. Bi taldeak irabazi nahian zelairatuko direla uste dut. Baloia izateko apustua egingo duen talde erasokor bat izango da Athletic Anoetan. Realak, berriz, etxeko norgehiagoka biak irabazi ditu. Realaren indarra aurrean dago. Kalitate handiko jokalariak ditu, eta azkarrak. Neurketa polita izango da.

Bi taldeetako atezainek bereganatuko dute arreta. Realean, Claudio Bravok min hartu du, eta badirudi Eñaut Zubikaraik jokatuko duela. Athleticen, berriz, kili-kolo dabil Gorka Iraizoz. Zer iruditzen zaizu Iraizozen lanaren inguruan dagoen eztabaida?

Athleticen beti egon da atezainen gaineko eztabaida. Guk babes guztia emango diogu jokatzen duenari. Eztabaida horiek taldean eraginik ez baldin badute, ez diogu emango aparteko garrantzirik.

Baina Athleticen atezain guztiak erretzen dituzte.

Atean bakarrik ez; beste postu askotan ere gertatzen da hori. Egia da Athleticek beti izan dituela atezain onak, eta beharbada horregatik atezainari eskatu egiten dio zaleak.

Denboraldi-aurrean gertatu den guztitik mesede egin diezazukeen zerbait badago?

Bai. Talde dinamikan egon garenok Athletic aurrera ateratzen ahalegindu garela. Taldea batu egin da, eta alde batera utzi du kanpoan gertatzen ari zena. Batasun horri esker, Europan aurrera egitea lortu dugu. Argi izan behar dugu Athletic erakunde gisa beste guztiaren gainetik dagoela.

Jokalarien konpromisoa ezbaian dago orain. Zein iritzi dauka kapitainak kontu horren inguruan?

Nik gertu ditudan jokalariak erabat konprometituta ikusten ditut. Jakitun dira non dauden eta Athleticek zer garrantzi duen. Zorte handia daukagu.

Ulertzen duzu Fernando Llorentek eta Javi Martinezek hartu duten bidearekin? Bat egiten duzu horrekin?

Galdera horri erantzuteko, haien larruan jarri beharko nuke.

Marcelo Bielsak ere eman du nahikoa zeresan denboraldi-aurrean. Duela hile gutxi, jainko bat zen zaleentzat. Orain, aldiz, dena hankaz gora utziko duen entrenatzailea dela uste dute askok. Ados zaude horrekin?

Nik kirol arloaz egin dezaket berba. Nik lehen bezala ikusten dut Marcelo. Bere exijentzia beretsua da. Orain, talde berri bat eraikitzen ari da. Entrenatzaileen etorkizuna emaitzek erabakitzen dute.

Argi dagoena da Bielsaren gustukoa zarela. Zu aukeratu zaitu Javi Martinezen lekua betetzeko.

Ezin naiz kexatu. Sasoi hasieran konfiantza handia ematen ari zait. Hamaikakoan jartzeaz gain, esaten dizkidan gauza guztiengatik dakit oraingoz bere konfiantza daukadala. Orain, nire esku dago gauzak ondo egin eta hark eman didana itzultzea. Iaz lesio larria izan nuen, eta egun eman didaten aukera ari naiz aprobetxatzen. Zelaian erakutsi behar dut jokatzea merezi dudala.

Pozik zaude eman duzun mailarekin?

Pozik nago jokatzen ari naizelako. Niretzat garrantzitsua zen berriz ere futbolari sentitzea. Baina atzelaria naiz, eta Athletic da Lehen Mailan gol gehien sartu dioten taldea. Beraz, asko daukat hobetzeko.

Erdiko atzelariaren rola barneratua duzu?

Oraingoz atzean ari naiz, baina, jokatzen jarraitu gura baldin badut, taldeak gol gutxiago jasotzeaz gain emaitza hobeak lortu beharko ditugu.

Anoetan 275. neurketa jokatuko duzu Athleticekin. Zenbat izango ziren lesio larriak eta urte biko zigorra tartean egon izan ez balira?

Sarritan egin diot galdera hori neure buruari. Ontzat eman dut nire kirol ibilbidea, baina sarri pentsatu dut zer gertatuko ote zen zigortu izan ez banindute. Izan ere, lesioak futbolaren barruan sartu behar dira, baina dopinaren kontua ezberdina da. Hala ere, alferrik da atzera begiratzea.

Futbola eta Athletic asko aldatu al dira debuta egin zenuenetik?

Athletic baino gehiago aldatu da futbola. Klub zuri-gorria berezia eta ezberdina da egun ere. Jarraitzailearen fideltasuna ez sinesteko modukoa da. Futbolak garapena izan du, baina Athleticek bere horretan jarraitzen du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.