Amorebieta ez ezik, Iñigo Velez de Mendizabal ere (Gasteiz, 1982) aurrenekoz ariko da Bigarren Mailan entrenatzaile moduan. Ideiak argi ditu, eta «lasai» dago.
Gogoz egongo zarete sasoia hasteko, ezta?
Bai, desiratzen gaude, ilusionatuta. Taldea irrikan dago Bigarren Mailan jokatzen hasteko. Denboraldi-aurre ona egin dugu, eta uste dut sasoi onean ailegatu garela lehen jardunaldira.
Urduri zaude?
Orain ez, baina partida baino bost minutu lehenago jarriko naiz urduri. Gero, partida hastean, urduritasunak alde batera uzten dituzu, eta saiatzen zara gauzak ondo egiten. Baina urduritasun puntu hori eduki behar da; irrikan zaude taldeak gauzak ondo egin ditzan. Orain oso lasai nago; astean zehar gauzak ondo egiten, eta larunbateko lehia prestatzen.
Eman dizue astia denboraldia prestatzeko?
Joan den sasoiarekin alderatuz, kirol arloan antzekoa izan da. Argi dago Bigarren Maila exijentzia handiko maila dela, baina planifikazioa antzekoa izan da. Aldatu dena entrenamenduen ordutegia da: arratsaldean egin beharrean, goizean entrenatzen ari gara. Aldaketarik handiena klubean izan da: profesionalizatu egin da, horrek daraman lanarekin. Amorebietako klubak uda osoa darama Ligak eskatzen dituen baldintza guztiak betetzen, ez bakarrik zelaiarenak [Amorebietako Urritxe futbol zelaian jokatu beharrean, Lezaman ariko dira]. Klubak lan asko egin du, eta oraindik ere egiten ari da.
Nolakoa izan da denboraldi-aurrea?
Bost aste izan ditugu denboraldia prestatzeko; jokalari berriak etorri dira, baina ondo egokitu dira taldera, kontzeptu taktiko guztiak ondo barneratu dituzte. Gainera, lagunartekoetan gero eta hobeto aritu gara, eta oso pozik gaude egindakoarekin.
Hain justu, lagunartekoetan egoera bakoitzera egokitzeko gaitasuna erakutsi duzue, intentsitateaz eta presioaz gain.
Intentsitatea, lana egitea, ideiak argi izatea eta partidak ahalik eta ondoen jokatzea da gure ideia. Lehia bakoitzean planteamendua ezberdina izango da, eta, agian, jokatzeko modua ere bai. Hala ere, gure ideia beti izango da norgehiagoka bakoitza azkena izango balitz bezala jokatzea, eta hala hiru puntuak lortzea.
Zeri eman diozu garrantzia entrenamenduetan?
Hiru urte goaz modu berean jokatzen, eta etorri direnek kontzeptu horiek barneratu behar dituzte. Hortaz, alor taktikoa asko landu dugu, baina baita alor fisikoa ere. Lehietan fisikoki lan asko egiten da, eta, intentsitate hori mantentzeko, fisikoa ere jorratu behar da. Hala ere, entrenamenduetan garrantzitsuena esparru taktikoa izan da; batik bat zer-nolako mugimenduak egin behar diren baloiarekin eta baloirik gabe.
Hamar fitxaketa egin dituzue. Taldeari eman dio astia pieza guztiak lotzeko?
Bai, oinarria mantendu dugu. Joan den sasoiko hamabost jokalarik taldean jarraitzen dute. Gainera, etorri direnak ondo egokitu dira bai aldagelako girora, baita taldearen jokatzeko estilora ere;mugimendu taktikoak oso azkar barneratu dituzte.
Nola ikusten duzu denboraldia?
Ilusionatuta gaude; sasoi polita eta historikoa izango da. Luze gabeko helburuei bakarrik erreparatzen diegu. Hortaz, garrantzitsuena Gironaren aurkako partida da.
Eta luzera begira, zein da taldearen helburua?
Nik ulertzen dut klubarentzako eta zaleentzako mailari eustea dela helburua. Baina niretzako luze gabeko helburuak dira garrantzitsuenak; partidaz partida joan behar gara. Horrela daramatzagu zazpi urte, eta horretan sinisten dut. Inportantea da lehia bakoitza ondo planteatzea. Beraz, orain Gironako lehian jarria dugu arreta, eta partida hori bukatzean, hurrengora bideratuko ditugu indarrak.
Kontrario sendoa da Girona, ezta?
Bai, joan den denboraldian partida batera geratu zen Lehen Mailara bueltatzeko. Girona beti egoten da ligako lehen postuetan, eta, gainera, Lehen Mailan egon zen orain dela gutxi... Talde indartsua egokitu zaigu, baina lehia guztiak izango dira zailak.
Nolako taldea ikusi nahi duzu zelaian?
Talde ausarta eta ideiak argi dituena ikusi nahi dut zelaian. Baita intentsitate handikoa eta garaipenaren bila joango dena ere.
Urritxen aritu beharrean, Lezaman ariko zarete. Eduki duzue aukerarik han entrenatzeko?
Ez, Lezaman lanak egin behar izan dituzte zelaia Bigarren Mailako baldintzetara egokitzeko, eta oraindik horretan ari dira. Lehen bi asteetan etxetik kanpo jokatuko dugu, eta hirugarren jardunaldian lehendabizikoz ariko gara Lezaman. Beraz, espero dut jardunaldi hori baino lehen han entrenatzeko aukera izatea. Nahiz eta zelaia ezagutu, pare bat entrenamendu Lezaman egitea litzateke egokiena.
Estreinakoz ariko zara Bigarren Mailan, Amorebieta bezalako herriko talde batean. Meritu bikoitza da?
Tira, meritua denona da. Diferentea da, inork ez baitzuen espero joan den urtean mailaz igotzea. Iaz helburuak lortuz joan ginen, nahiz eta hasieran helburu horiek ez egon. Amorebietak meritua du futbol profesionalean sartu delako aurrekontu baxuenetariko bat izanik.
Joan den sasoian jokalari guztiak Euskal Herrian jaioak ziren; aurten ere bai. Filosofia bat da?
Iaz, pandemiarekin, jokalariak etxera bueltatu ziren, eta hemengo jokalariak fitxatzen hasi ginen. Ikusi genuen bazegoela Euskal Herriko jendea, eta horrek puntu gehigarri bat eman zigun; aldagelan giro ona zegoen, euskara entzuten zen... Eta sasoi honetan pentsatu genuen horrek indarra emango zigula, ez bakarrik kirol arloan, baita talde batua izateko garaian ere.
Futbola. Espainiako Bigarren Maila. Iñigo Velez de Mendizabal. Amorebietako entrenatzailea
«Talde ausarta eta ideiak argi dituena ikusi nahi dut zelaian»
Amorebieta estreinakoz ariko da Bigarren Mailan. Klubak izandako aldaketez aritu da Velez de Mendizabal: «Profesionalizatu» egin dela dio, eta luze gabeko helburuetan sinisten du: «Lehiaz lehia joango gara».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu