Iñigo Diaz de Zerio. Futbolaria izandakoa

«Talde aldetik ez dut ezer asko ospatzeko aukerarik izan»

Realeko eta Athleticeko jokalari ohiak futbola utzi du amaitu berri den sasoian. Ibilbide hasieran zeresan handia eman zuen, baina diskretuki amaitu du, Mirandesen. Futbolak, dena den, ez du lanetik atera.

2014ko uztailaren 18a
00:00
Entzun
Iñigo Diaz de Zeriok 30 urte soilik dituela utzi du futbol profesionala. Berarentzat futbola orain ez da «lehentasun bat»; beste interes batzuk aurkitu ditu lan arloan. Zazpi urteko ibilbide profesionala utzi du atzean, 2008an izan zuen lesioak baldintzatua. Realean zebilela, berna hezurra eta peronea hautsi zituen, Eibarren aurkako partida batean. Atzera begira, ez da hartutako erabakiez damutzen, horietako batzuek zeresan handia eman bazuten ere; Athleticera joan izanak, kasu.

30 urterekin utzi duzu futbola; nahiko goiz futbolari batentzat. Zerk bultzatu zaitu erabaki hau hartzera?

Gaur egun motibazioa beste gauza batzuetan aurkitu dudala. Orain dela hiruzpalau urtetik zenbait negozio ditut esku artean, eta, hori horrela izanda, futbolak orain ez du lehentasuna niretzat. Horregatik, uste dut onena dela garbi jokatzea neure buruarekin eta ingurukoekin, eta beste bide batetik joatea.

Zure erretiroak zure azken taldearen, Mirandesen, jaitsierarekin bat etorri da. Ez da kirol ibilbide bat amaitzeko modurik onena, ezta?

Horrela hasi zen nire ibilbidea, eta horrela bukatu da. Erretiratzeko arrazoia ez da hori izan. Taldea mialaz jaitsi ez balitz, erabakia hartuta neukan orain dela hilabete batzuk. Izan ditut eskaintzak 2. Mailan jarraitzeko, beraz erretiratzeko arrazoiak ez daude kirolarekin lotuta. Zoritxarrez, taldea mailaz jaitsita amaitu dut. Nik nire esku zegoen guztia egin dut.

Realean hasi zinen profesionaletan; garai hartan izango zenituen, segur aski, unerik onenak, eta txarrenak ere bai, belauneko lesioa dela eta.

Bai. Realean izan ditut segur aski nire bizitzako unerik politenak; baina baita urterik zailenak ere kirolean: jaitsiera eta Gasteizko partida. Esku-eskura izan genuen, eta ez ginen igo. Lesioa ere bai, noski, baina gehienbat garai zail hura.

Zer eragin izan zuen lesio hark zure kirol ibilbidean?

Garbi dago lesioak garrantzi handia izan zuela. Mugarria izan zen nire ibilbidean. Dena den, lesioaren ondoren ez dut minik izan; ondo sendatu nintzen. Joan den sasoian 36 partidu jokatu ditut; beraz, alde horretatik nik uste dut buelta eman niola belauneko arazoari. Baina horri ia bi urte lehiatu gabe egon izana gehitzen badiozu, sasoia galtzen duzu beste jokalariekin alderatuta. Argi dago lesioaz geroztik ez nuela berreskuratu aurrez nuen maila hura.

Lesioa gertatu, eta Athleticera joan ziren, hainbeste urteren ondoren, damutzen al zara erabaki horretaz?

Ez. Gauzak unean bertan aukera onena dela pentsatuz egiten dira. Gero, hobeto edo okerrago atera daitezke. Nik garbi nuen aurrera egin nahi nuela, eta Athleticek proiektu bat eskaini zidan Lehen Mailan, eta Europako Ligan jokatzeko aukera. Realak orduan arazo ekonomiko eta instituzional asko zituen, eta ez genekien nondik aterako zen hura guztia. Azkenean, ondo atera zen, zorionez, eta horrek asko pozten nau.

Uste duzu realzaleak erresumindurik jarraitzen duela erabaki horrengatik?

Denborak dena ahaztu edo barkatu eragiten duela diote. Horrez gain, Realari oso ondo joan zaio, eta horrek ere jendeari lasaitasuna ematen dio. Gaur egun, jendeak lesioari buruz hitz egiten dit gehienbat. Athleticera joatea erabaki izana ahaztuta dagoela uste dut.

Zure ibilbidean uneren bat azpimarratu beharko bazenu, zein azpimarratuko zenuke?

Talde aldetik ez dut ezer asko ospatzeko aukerarik izan. Momenturik onena, segur aski, Mirandesen egindako aurreneko denboraldia izan zen, galduta neuzkan sentsazioak berreskuratu nituelako. Oso umilak ginen, jokalari gehienek debuta zuten Bigarren Mailan... Gure arteko harremana oso ona zen, helburu berbera genuen denok, taldea aurretik jarrita beti.

Atzera egin ahalko bazenu, zerbait aldatuko zenuke?

Damua hitza erabiltzea ez zait batere gustatzen; gauzak egiten diren moduan egiten dira, eta kito. Gustatuko litzaidake, hori bai, Realarekin beste egoera bat bizi izana. Jaitsiera, bi urte Bigarren Mailan, mailaz igo ezinean... Urte oso zailak izan ziren.

Reala eta Athletic oso momentu onean daude. Nola ikusten dituzu bi taldeak?

Realak berreskuratu ditu aspaldi zituen balio horiek, etxeko jendearekin. Eta Athleticek oso belaunaldi ona hartu du. Ondo lantzen ari da harrobia, eta uste dut alde horretatik ere urte askorako talde ona daukagula.

Eta orain zer? Ez da erraza izango hainbeste urteren ondoren betiko errutinak alde batera utzi eta bizi berri bat hastea.

Bizitza osoan gauza bera ezagutu dut. 12 urte nituenetik, garai hauetan entrenatzen nengoen, asteburuak okupatuta... Orain beste bizimodu bat izango dut. Baina gogotsu nabil, motibazio handiarekin.

Aurrerantzean futbolarekin loturarik izango duzu?

Futbolarekin zehazki, ez. Kirolarekin, akaso, gehiago. Askok galdetu didate entrenatzaile izateko asmorik dudan. Oraingoz, ez dut, eta uste dut gero ere ez dudala izango. Badauzkat orain kirolaren inguruan ideia batzuk, baina pixka bat pentsatu behar dut zer eta non egingo dudan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.