Taktikoki eskura du Vuelta ONCE-Eroskik

2003ko irailaren 14a
00:00
Entzun
Atzo zalantzati mintzatu nintzen Igorren [Galdeano] etapa bukaera ikusita, baina kontrakoa esango dut gaur. ONCE-Eroskik taktikoki Vuelta poltsikoan duela esango nuke, atzo oso lan ona egin zutelako taldeko denek. Purito-k (Joaquim Rodriguez) etapa irabazi zuen eta Nozalek eta Igorrek konfiantza handia irabazi zuten atzo lan txukuna egin ostean. Serrano eta Azevedo ere ikusgarri aritu ziren eta ordekan Pradera eta Jacksche langile finak dira. Petacchi ere aurrean sartu zen eta hori ona da ONCE taldearentzat, etapa kontrolatzeko lana egingo dutelako. Albaceteko erlojupeko luzea ere hor dago eta errenta polita dute Nozalek eta Igor Galdeanok. Pena izan da Aitor Osa atarian geratu izana berriz. Bitan saiatu eta bietan kale.

Tropeleko onenen artean ez da diferentzia handirik egon. Nik uste ibilbidean dagoela horren giltza. Jendea ez dago indar erakustaldiak egiteko moduan, baina ibilbideak asko mugatzen du txirrindulariaren asmoa. Herenegun, Cauterets ez zen Aubisquek merezi zuen etapa bukaera eta atzo, Pla de Beret ez zen Peyresourdek eta Portillonek merezi zuten etapa bukaera. Portillonetik 40 kilometro zeuden Pla de Beret mendatea hasi arte. Portillonen erasotzea alferrikakoa zen, gero, ordekan, indarrak alferrik galtzeko. Ni beldurtu egin naiz Portillonen Rasmussen, Aitor Gonzalez eta Heras joan egin direnean, baina bistan da ibilbidea ondo ezagutzen zutela eta alferrikakoa zela aurrera egitea.

Antzekoa gertatuko da gaur, ziurrenik. Egurrean ekingo diote Bonaiguan eta arriskutsua ez den talde bat egin arte ez da bakerik egongo. Taldea egiten bada 10 edo 15 minutuko errentarekin iritsiko dira Envalira azpira eta ihesaldian doazenen artean erabakiko da etapa. Onenen artean zaila izango da norbaitek tropela txikitzea, Envalira ez delako gogorra. Aitor Gonzalez lasterketan sartu da eta US Postalek ere badaki bere liderra Heras dela eta ez Beltran. Banestok ere erasoren bat egingo du, baina Unai Osa edo Mancebo dira mugitu behar direnak.>

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.