Duela zazpi urteko egun batez, pozarren zen Azkoitia. Afizionatuetako pilota txapelketa entzutetsuenetakoa irabazi berri zuten herriko pilotariek Tolosako Beotibar pilotalekuan: Gipuzkoako herri artekoa. Gazte mailan, gazteenen eta helduenen partiden arteko norgehiagokan, atzelari sendo batek jokatu zuen Azkoitiarekin. «Herriarentzat garrantzitsua izan zen hura irabaztea. Gainera, harrezkero ez du besterik irabazi. Baina bakarka begiratuta, ez zuen aparteko garrantzirik izan», gogoratu du. Igandean, zazpi urte geroago, beste kirol bateko lehia handiena irabaz dezake: Kontxako Bandera; bere aurrenekoa litzateke. Emango al dio garrantzia Jon Unanue (Azkoitia, Gipuzkoa 1988) Urdaibaiko arraunlariak, ala Bermeorentzat bakarrik izango du aparteko esanahia?
Emango dio bai poza eta lilura, nola ez: «Datorren igandeko estropada mila bider ikusi dut neure buruan, eta mila hasiera eta mila bukaerarekin», onartu du. «Ez dakit gero zer gertatuko den, baina gurea egiten badugu..», eta, ziurrenik, bandera eskuan duela azaldu zaio bere irudia buruan, hitzok esaten ari dela. Lortzen badu, bere aurreneko Kontxako Bandera litzateke. Pilotako herri arteko hari gehitu beharreko beste garaipen handi bat.
Final hartan bete-betean zela, nekez pentsatuko zuen non egongo zen orain. Ezta urte batzuk lehenago ere, pilotan hasi zenean. Herriko beste ume bat gehiago zen, azkoitiarra eta pilotan, herriko ume ia denak bezala. «Herrian oso sartua dago pilota betidanik, eta ni ere horrela hasi nintzen. Etxean ere bazen zaletasuna, eta futbola gustatzen ez zitzaidanez...». Atzelaria zen, «baina kolpea falta zitzaidan. Txarra nintzen, eta profesionaletara jauzi egitea burutik ere ez zitzaidan pasatu». Pozik ibili zen pilotan egindako hamar-hamabi urteetan: «Oso oroitzapen onak dauzkat, lagunarte ederra genuen txikitatik elkarrekin ibilitako lagunek».
Ume guztiek izaten duten bezala, berak ere bazuen idolo bat: «Titin gustatzen zitzaidan, eta baita orain ere. Gogorra delako eta borrokalaria, orain makalduta dabilen arren. Hala ere, hor segitzen du», kontatu du, irribarrea ezpainetan duela. Pilotan aritu ez arren, joaten da pilotalekuetara, eta telebistaz ere ikusten ditu makina bat partida: «Eibarko Astelena pilotalekura joaten naiz tarteka, eta baita Bilbokora ere».
Pilotan gustura ibili arren, uzteko garaia heldu zitzaiola erabaki zuen: «20 bat urte neuzkanean utziko nuen». Baina kirola ez zuen utzi. «Kiroldegian aritzen nintzen egunero, bizikletan, lasterka eta ergometroan». Sasoiko zegoen, hortaz, eta sasoi on horri esker sortu zitzaion arraunean hasteko aukera.
Hasi baino pixka bat lehenago, arraunera bideratu zuena gertatu zitzaion: «Kasualitatez izan zen, edo erdi kasualitatez», gogoratzen du. Lehiaketa batek ireki zion bidea: «Euskadi Irratian antolatu zuten Tri Indoor delakoa, triatloia baina leku estalian. Hiru probetako bat ergometroa zen, eta Azkoitiko taldean, ni aritu nintzen arraunean».
Abila zen ordurako ergometroan: «Kiroldegian, beti egoten nintzen pantailara begira, zer marka egiten nuen. Hobetzera joaten nintzen beti», kontatu du. Hobetu beharraren hobetu beharraz, maila ona hartuko zuen nonbait. Izan ere, Tri Indoor lehiaketan, bigarren urtean, marka handia egin zuen: «Azpeitiarren kontra aritu ginen aurrenekoan, eta Ugaitz Agirregomezkorta arraunlariak irabazi egin zidan. Bigarrenean ere bera parean, eta irabazi behar niola pentsatu nuen». Bai irabazi ere. Eta hantxe egin zuen marka: «Mila metro egin behar ziren ergometroan, eta hiru minutu azpitik ibili nintzen».
J.M. Franciscoren deia
Euskadi Irratia-ren bidez azkar zabaldu zen markarena, eta arraun munduko jendea galdezka hasi zen nor izan ote zitekeen marka haren jabe. Egun batean, ezuste galanta hartu zuen Unanuek: «2011ko negua zen, eta telefonoak jo zidan. Jose Manuel Francisco zela entzun nion, Urdaibaiko garai hartako entrenatzailea, galiziarra. Ez nion sinetsi, eta broma txarren bat zela pentsatu nuen. Baina azkenean, behintzat, konbentzitu ninduen, eta han joan nintzen Bermeora, entrenamendua ikustera».Han joan zen kostaldera, eta aurreneko egun hartatik oroitzapen nahasiak dauzka: «Sekulako hotza egiten zuen, eta negu hartako aurreneko elurtea egun hartan bota zuen. Motordun ontzian joan nintzen Franciscorekin, eta ni hotzez akabatzen nengoen bitartean, bera han zihoan, lasai asko, zutik eta aginduak ematen». Hori izan zen alderdi txarra. Ona, beste hau: «Taldeko giroa gustatu egin zitzaidan, saltsa hura...jende sanoa zen». Eta hastea erabaki zuen.
Hasieran, fosoan eta ergometroan ibili zen, teknika ikasten, eta gero sartu zuten traineruan. Ondo gogoan dauka uretako lehen entrenamendua: «Zer zen hura! Hotz galanta egiten zuen, eta ni arraunean gaizki, palaarrastaka erabili nuen, uretan kateatuta. Pentsatu nuen hogei urte beharko nituela besteen pare jartzeko, eta ez nuela balio. Baina egoskorrean segitu egin nuen saltsa hartan».
Aurreneko denboraldi hura, 2011koa, Zarautzen egin zuen, Urdaibaik utzita: «Franciscok garbi esan zidan ez nuela mailarik han aritzeko». Iazko urtea ere Zarautzen egin zuen, eta aurten du aurreneko sasoia Urdaibain, bere klubean. «Zarauzko bi urteak oso ondo etorri zaizkit, oinarria har- tzeko». Ona hartuko zuen, izan ere leku ia finkoa du Bou Bizkaia traineruan: «San Miguel ligan, hiru estropadatan baino ez naiz geratu kanpoan». Gustukoa du Jon Salsamendi entrenatzaileak, eta igande honetan ere, tostetan izateko itxaropentsu da, aurrekoan bezala. Bermeorako joan-etorrietan, Xabier Zulaika beti txofer dutela, Unanuek berak eta Alain Colungak badute gaia aste honetan: Kontxa eta Kontxa. «Igandekoak harrotasun puntua eman digu».
Arrauna. Kontxako bandera
Takoak kendu, estropuak egin
Pilotaren herri historiko batekoa izanik, pilotan hasi zen umetan, eta hainbat urtez aritu. Baina duela bi urte pasatxotik arraunlaria da Jon Unanue, eta aurten, Urdaibain estropada asko jokatzen ari da azkoitiarra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu