Futbola Espainiako Lehen Maila

Takefusa Kubok garaipena eman dio Realari

Realak aurrelari japoniarraren gol bati esker hartu du mendean Espanyol, eta, hala, denboraldiko lehen garaipena lortu.

Take Kubo gola ospatzen. TONI ALBIR / EFE
Take Kubo gola ospatzen. TONI ALBIR / EFE
pettan uralde
2024ko abuztuaren 25a
00:00
Entzun

Takefusa Kubo aulkitik sartu da gaur zelaira, eta gol itzel bat sartuta ebatzi du partida, ordura arte erabat parekatua baitzegoen. Realari asko kostatu zaio erasoan eraginkorra izatea, eta defentsan gogotik sufritu du jokaldi batzuetan, baina ez du amore eman, eta azken txanpan jaso ditu fruituak. Bete-betean egon ez arren, Realak berretsi du lehiakorra dela, eta denboraldiko lehen garaipena eskuratu du Espanyolen etxean.

Defentsan finkatzeko denbora gehiegi pasatu du Realak, eta, beraz, partidako lehen aukerak izan ditu etxeko taldeak. Espanyolek Remiroren atea hartu du jomugan, eta Puadoren jaurtiketa batekin eman du lehen abisua. Espanyolek erabat erasokor hasi du norgehiagoka, baina, partidak aurrera egin ahala, Realak ohiko zurruntasuna hartu du.

Zelaian gauzak orekatu direnean, norgehiagoka moteldu egin da, nahiz eta arriskua ere sortu den tarteka. Sergio Gomezen urrutiko jaurtiketa bat izan da jokaldirik esanguratsuena.

Bi taldeetako batek ere ez du abagune argirik izan lehen 45 minutuetan. Bigarren zatian, Reala partidaren gidoia aldatzeko prest agertu da, eta jokalari gehiagorekin iritsi da erasoan. Brais Mendezek gertu izan du gola 47. minutuan, Sergio Gomezek erdiratu ostean.

Dena den, katalanek 55. minutuan izan dute erantzuna, txuri-urdinen defentsa desorekatu batean. Veliz argentinarrarena izan da haien aukerarik onena, eta, jokaldi berean, Aritze Elustondok 1-0koa salbatu du. Etxeko taldeak espekulatzeari utzi dio, eta arrisku handiagoz hurbildu dira Remiroren atera.

Ezkerkada geldiezina

Bazirudien partida Espanyolen alde jarria zela, baina Kubok gidoia aldatu du, goitik behera. Japoniarrak bere talentu guztia atera du 80. minutuan, eta 0-1ekoa lortu. Jokalari japoniarrak ordezkoen aulkian hasi du norgehiagoka, eta bere gaitasuna erakutsi du eskuairara ezkerkada geldiezin bat bidalita.

Realaren golak aulkikoak mugitzera behartu du etxeko entrenatzailea, baina ez du etekinik lortu. Puadoren txilena batek beldurra sartu die txuri-urdinei, eta azken minutuan atezainak errematea egin du korner batean. Hala ere, markagailua ez da aldatu. Donostiako taldeak ordaina jaso du Rayoren aurka galdu ostean (1-2), eta arnasa emango dion garaipen bat eskuratu Bartzelonan.

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.