Futbola

TADek ez du «oso larritzat» jo Rubialesek Hermosori musu eman izana

Horrenbestez, CSDek ezingo du Espainiako Futbol Federazioko presidentea behin behinean kargugabetu.

Luis Rubiales pasa den astean Espainiako Futbol Federazioak egin zuen ezohiko batzarrean. EIDAN RUBIO, EFE
ainara arratibel gascon
2023ko irailaren 1a
19:15
Entzun

Espainiako Kirol Auzitegi Administratiboak (TAD) prozedura zabaldu du Espainiako Futbol Federazioko presidente Luis Rubialesen kontra. Baina Jennifer Hermoso futbolariari musu eman izana «larritzat» jo du, eta ez «oso larritzat». Horrenbestez, Espainiako Kirol Kontseilu Nagusiak (CSD) ezingo du berehalakoan behin behinean kargugabetu. Hala, TADek partzialki onartu du CSDren eskaria.

Berehalakoan kargutik ezin kentzeaz gain, TADek gertutakoa soilik larritzat jo izana, suposatzen du gehienezko kargugabetzea bi urtekoa izan daitekeela. CSDko buru Victor Francosek berretsi du, erabakiaren kontra helegitea aurkeztuko dutela, eta helegitean zuzenean eskatuko diola TADi Rubiales kargugabetzeko, CSDk horretarako eskumena galdu baitu. Egun Rubiales 90 egunerako dago zigortuta behin behinean, FIFAk hala erabaki zuelako iragan larunbatean.

Aurrena espedientea zabaldu zion, eta gero zigorra jarri. Zigor horren baitan debekatu egin zion Jennifer Hermoso Espainiako selekzioko jokalariarekin harremanetan jartzea. Espainiako Federazioko langile guztiei zabaldu
zien debekua FIFAk. Rubialesek musu bat eman zion ezpainetan Hermosori haren borondatearen aurka, Espainiak Munduko Kopa irabazi osteko domina banaketan. Aurretik, keinu itsusiak egin zituen palkoan. Rubialesek dimisioa aurkeztea espero zen irgan ostiralean, baina ez zuenez egin, hura kargutik kentzeko prozedurak hasi zituen FIFAk, baita Espainiako Gobernuak ere. Dimisioa ez eman izanak beste ondorio batzuk ere ekarri zituen, ordea. Emakumezkoen futbol taldeko talde teknikoko kide gehienek kargua utzi zuten Jorge Vilda hautatzaileak ez du dimisioa eman, ordea. Rubialesen ondoan egon da egun hauetan guztietan, eta, hark esan zuenean ez zuela dimisioa aurkeztuko, txalo egin zion. Hurrengo, aitzitik, komunikatu bat atera zuen haren «jarrera desegokia» salatzeko.

Hermosok «neurri zentzagarriak» hartzeko eskatu zuen, Futpro haren sindikatuaren bidez. Baina Rubialesek bere bertsioari eusten ziola ikusita, gogorrago mintzatu zen Futpro sindikatua zabaldutako agiri batean. Hartan, «zaurgarri eta eraso baten biktima» sentitu zela salatu zuen: «Ekintza oldarkor eta matxista baten biktima izan nintzen, lekuz kanpo zegoen, eta ez zegoen inolako baimenik tartean». Ez hori bakarrik. Adierazi zuenez, «etengabeko presiopean» egon da, Rubialesen «ekintza tamalgarria» justifikatzeko adierazpenak egin zitzan. Horregatik debekatu zien FIFAk Rubialesi, haren ingurukoei eta Espainiako Federazioko langileei Hermosorekin harremanetan jartzea. Espainiako selekzioko jokalariak hainbat futbolari eta futbolari ohiren babesa izan zuen. Horien artean zeuden Espainiako selekzioarekin Munduko Kopa jokatu zuten Euskal Herriko bi futbolariak: Irene Paredes eta Oihane Hernandez.

TADen lehen bilera

Astelehenean Kirol Kontseilu Gorenak jarritako salaketa aztertzeko lehen bilera egin zuen TADek. baina dokumentazio gehiago eskatu zion CSDri, eta azkenean gaur iritsi da erabakia. Egun horretan bertan lurraldeetako futbol federazioetako presidenteek eskatu zioten Rubialesi dimisioa emateko. Baina entzungor egin die. Egun berean kasua Auzitegi Nazionalera iritsi zen. Fiskaltzak zehaztu zuen prozesu judiziala ez duela hasi oraindik, baina ikertzen hasi zela gertatutakoa. Hala, baztertu egin zituen Rubialesek eman zituen azalpenak. Hermosoren adierazpenak entzun ondoren, azaldu zuen ez dagoela zalantzarik Rubialesek baimenik gabe eman ziola musu. Fiskaltzak argudiatu zuen baimenik gabe musu ematea sexu eraso bat dela. Fiskalak sinatu duen dekretuan gogoratu du zenbait epairen arabera soilik baietz da baietz legeak zigortzeko moduko eraso-tzat jasotzen dituela baimenik gabe ahoan emandako musuak. Eta zehaztu zuen Espainiako Zigor Kodearen arabera, sexu eraso, jazarpen eta abusu delituen kasue- tan erasoa jasan duenaren edo haren ordezkari legalaren salaketa edo fiskaltzaren kereila bat behar direla auzibide bati ekiteko. Horregatik, salaketa jar dezakeela jakinarazi zio fiskaltzak Hermosori, eta hamabost eguneko epea eman zion eurekin harremanetan jartzeko. Ikusteke dago horrek eta Rubialesen aurkako beste salaketek egiten duten bidea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.