Marco Pantani zen Italiako Giroa eta Frantziako Tourra denboraldi berean irabazi zituen azken txirrindularia. 1998. urtean izan zen, Tadej Pogacar (UAE) jaio zen urtean. Esloveniarrak balentria hori berritu du aurten, eta nola gainera: sei etapa irabazi zituen Giroan, eta beste sei lortu ditu Tourrean. Ia iraingarria izan da erakutsi duen nagusitasuna. Gaur ere bera nagusitu da Nizako erlojupekoan, azken etapan, lehen aldiz Parisen amaitu ez den edizioan.
Pogacarren anbizioak ez du mugarik, eta lehiatzen den bakoitzean erakusten du hori. Hiru Tour, Giroa, Tirreno-Adriatikoa, Liege-Bastogne-Liege, Lonbardiako Giroa, Strade-Bianche... jada 84 garaipen lortu ditu bere ibilbide profesionalean, eta lanak amaitu berritan egindako adierazpenetan argi utzi du zein den bere hurrengo helburua: munduko txapelketa. Azken bi itzuli handietan erakutsi duen mailan segitzen badu, ea nork uka diezaiokeen ortzadarraren elastikoa.
«Dena bikain atera da. Lehen aldiz, hiru asteko itzuli batean konfiantzaz beteta ibili naiz egun guztietan», aitortu du. Baita azkenekoan ere: Monako eta Niza lotu dituen erlojupekoan minutu bat baino gehiagoren aldea atera dio bigarren sailkatuari, Jonas Vingegaardi (Jumbo). Igoeran aldea lortu du, baina baita beheranzkoan eta lauan ere. Txirrindulari perfektua dirudi Pogacarrek.
Lortutakoari balioa eman dio UAEkoak: «Giroa irabazte hutsarekin bikaina izango zen denboraldia, baina Tourra beste maila bateko kontua da. Biak irabazita, esan dezaket aurreko denboraldien gainetik dagoela aurtengoa». Aurkariek ere handi egin dute Pogacar, izugarria izan baita podiuma osatu duten beset bien maila, Vingegaardek eta Remco Evenepoelek (Soudal) erakutsitakoa. Inork ez dio ezer oparitu esloveniarrari. Vingegaard Le Lioranen gailendu zitzaion, eta Evenepoel lehen erlojupekoan. Hala ere, sei eta bederatzi minutura utzi ditu sailkapen nagusian.
Zenbait izen
Nabarmentzekoa da Mikel Landaren (Soudal) Tourra ere. Taldeburu rola Evenepoeli utzita, presiorik gabe aritu da arabarra, eta aspaldiko mailarik onenean aritu da. Horren erakusgarri izan da gaurko erlojupekoa, Landak Tourrean sekula egin duen onena. Zazpigarren amaitu du etapa, eta bosgarren, sailkapen nagusian. Txalotzekoa.
Beste zenbait izen propio ere izan ditu 111. Frantziako Tourrak. Biniam Girmay (Intermarche) erregulartasunaren elastiko berdea irabazi duen lehen eritrearra bilakatu da. Hiru etapa irabazita, azaldu du bere herrialdean zoratzen dabiltzala. Richard Carapaz (Education First) bi aldiz igo da Nizako podiumera: Tourreko txirrindularirik lehiakorrenaren saria lortu du, eta mendiko puntuen sailkapenean ere nagusi izan da. Sailkapen nagusiko helburuei uko eginda, gozatu egin du Ekuadorkoak.
Mark Cavendish (Astana) Tourraren historian garaipen gehien dituen txirrindularia bilakatu da aurtengo edizioan: 35. aldiz besoak altxatu, eta Eddy Merckxen marka haustea lortu du. Romain Bardetek (DSM) sekulako txalo zaparrada jaso du Tourrean egin dituen azken metroetan; azken urteetako frantziarrik onenetako bat izan da, eta etapa bat irabazita esan dio agur bere lasterketa kutunari. Evenepoel izan da gazterik onena, eta Pogacarren UAE, talderik onena.