Suspertu egin nahi dute Realak eta Osasunak, eta gailurrean jarraitu, Athleticek

Txuri-urdinek Vallecasen jokatuko dute, eta gorritxoek, Sadarren, Getaferen kontra. Sevillari egingo diote bisita zuri-gorriek. Hirurek irabazi egin nahi dute etenaren aurretik.

Sevillako jokalari bat Martin Zubimendiri sarrera bat egiten, aurreko jardunaldian. JAVIER ETXEZARRETA / EFE
Sevillako jokalari bat Martin Zubimendiri sarrera bat egiten, aurreko jardunaldian. JAVIER ETXEZARRETA / EFE
2025eko martxoaren 16a
05:05
Entzun 00:00:0000:00:00

Espainiako Ligako 28. jardunaldiaren atarian, alde bateko eta besteko sentipenak dira nagusi euskal taldeetan. Athleticek irabazi egin zuen ostegunean Erromaren aurka, eta hurrengo urteko Txapeldunen Ligarako sailkapena oso gertu dauka. Osasuna eta Reala, berriz, bolada txar luze batean daude. Joera hori aldatu, eta aho zapore ona eskuratu nahi dute selekzioen neurketak direla-eta datorren asteburuan izango den etenaren aurretik.

Hirurek gaur jokatuko dute. Realaren egoera nahiko kezkagarria da. Ostegunean Europa ligatik kanpo geratu ondoren, txuri-urdinek emaitza onak lortu behar dituzte ligan, berriro Europarako sailkatu nahi badute. Horretarako, gaur Rayo Vallecanori irabazi nahi diote 18:30ean Vallecaseko estadioan (DAZN). Madrildarrak aurkari zuzenak dira. Iñigo Perezen taldea zortzigarren dago ligan. 36 puntu ditu, Realak baino bi gehiago.

Astea gogorra izan da txuri-urdinentzat, Manchester Uniteden aurka 4-1 galdu ostean. Imanol Alguacilen taldeak ez zuen ia aukerarik sortu erasoan beste behin, baina Benoit Bastien epaileak bi penalti asmatu zituen talde ingelesaren alde, eta haren erabakiek partida baldintzatu zuten.

Ligan ere bolada kezkagarrian dabil Reala. Azken zortzi jardunaldietan sei neurketa galdu ditu, eta hamaikagarrena da sailkapenean. Bolada are txarragoa da etxetik kanpo, txuri-urdinek azken bost partidak galdu baitituzte Anoetatik kanpo. Hala ere, Europarako postuak gertu ditu Realak, ziurrenik zortzigarren sailkatua ere Europarako sailkatuko baita.

Brais Mendezek eta Zakharianek min hartu dute aste honetan, eta ez daude deialdian; ezta Sucic, Pacheco eta Odriozola ere. Beckerrek, halaber, min hartuta amaitu zuen Manchesterren aurkako partida, eta gaur ezingo du jokatu. Hala jakinarazi zuen Imanol Alguacilek. Teknikariak honela aztertu zuen gaurko lehia: «Rayo aurkari zuzena da, eta sekula ez da erraza Vallacasen jokatzea. Gainera, haiek ondo ari dira. Baina ondo lehiatu nahi dugu, eta berriro ere ligan puntuak batu, azkenera arte Europarako sailkatzeko borrokan egoteko».

Ordu berean, Osasunak Getafe hartuko du Sadarren (Movistar+). Gorritxoak atseden gehiago hartuta datoz, azken jardunaldian ez baitzuten jokatu. Bartzelonaren eta nafarren arteko norgehiagoka bertan behera geratu zen, Carles Miñarro Bartzelonako medikua zendu baitzen, partida jokatzekoa zen egunean bertan.

Osasuna ere bolada txarrean dago. Azken hamalau neurketetatik bakarra irabazi du, Realaren aurka hain zuzen ere. Hamalaugarren dago sailkapenean, baina neurketa bat gutxiago jokatu du. Gertu ditu Europarako postuak —lau puntura—, baina aldea handitu nahi du jaitsierako postuekiko, hemezortzigarren sailkatua sei puntura baino ez du eta.

Aimar Oroz deialdira itzuli da, baina Vicente Morenok adierazi zuen gaur erabakiko dutela hasieratik arituko den edo ez. Lucas Torrok eta Sergio Herrerak lau txartel hori dituzte, beraz, epaileak beste bat ateratzen badie, ezingo dute hurrengo jardunaldian San Mamesen jokatu, Athleticen aurka. Vicente Morenok garrantzi handia eman zion gaurko neurketari: «Batez ere etenera ondo joateko. Getafek oso talde eta entrenatzaile onak ditu, bikain ari da. Gure onena eman beharko dugu, bai fisikoki, bai jokoari dagokionez. Detaile txikiek erabakiko dute partida. Iaz hala izan zen».

Getafe hamabigarrena da sailkapenean, eta 33 puntu ditu, Osasunak bezala. Aurreko astean Atletico Madrili 2-1 irabazi zion, norgehiagokaren hasieran galtzen ari ziren arren.

Athletic, pozez gainezka

Athleticek, berriz, bolada onari eutsi nahi dio. Ostegunean Erroma kanporatu zuten zuri-gorriek Europa ligan, eta final-laurdenetarako sailkatu ziren. Sevillaren zelaian jokatuko dute gaur (16:15, Movistar+). Laugarren postuan finkatu nahi du Ernesto Valverderen taldeak.

Oihan Sancet eta Dani Vivian min hartuta daude, eta ez zuten Sevillara bidaiatu. Gainera, Mikel Jauregizarrek eta Yeray Alvarezek ez dute Osasunaren aurkako derbia jokatuko epaileak txartel horia ateratzen badie. Neurketa «gogorra eta zaila» espero du Valverdek. «Sevilla behetik gora ari da, eta Europarako sailkatzeko borrokan egongo dela uste dut. Ez da erraza izango. Beti izan da zaila han jokatzea, eta nahiz eta aurreko sasoian irabazi, beti kostatu izan zaigu han puntuak batzea. Adi ibili beharko dugu haien kontraerasoekin, jokalari bizkorrak baitituzte aurrean».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.