Suspertu egin ditu Martinezek

Baskoniak Euroligan jokatu dituen azken partidetan Johannes Voigtmann, Janis Timma eta Matt Janning nabarmendu dira. Entrenatzailea aldatuta, jokalariak ohiko mailan ari dira berriro ere.

ainara arratibel gascon
2017ko abenduaren 15a
00:00
Entzun
Pedro Martinez Baskoniara iritsi denetik, taldearen itxura aldatu egin da. Euroligan, zazpi partida zuzendu dizkio, eta, taldea zuloan egon ondoren, orain zortzi onenen artean egoteko borrokan sartu da. Teknikariak, gainera, hainbat jokalariren ekarpena eta maila hobetzea lortu du. Johannes Voigtmann, Janis Timma eta Matt Janning dira horren adibide. Gaur, bide horretatik segitu nahi dute, Anadolus Efesen kantxan (18:30).

JOHANNES VOIGTMANN

Gehiago sartu da jokoan

Aurreko sasoitik taldean jarraitzen zuen jokalaria izanda, hasieratik Voigtmannek bere maila ematea espero zen. Baina, taldearen antzera, oso makal aritu zen Pablo Prigioniren aroan. Euroligan estatistikak argigarriak dira. Hirugarren jardunaldian jo zuen hondoa pibotak, Valentziaren aurka. 17 minutu jokatu zituen, baina ez zuen punturik sartu, ezta asistentziarik banatu ere. Bere mailatik oso behera ibili zen: 4,5 puntu eta 3,2 errebote lortu zituen batez beste lehen lau partidetan. Alemaniarra jokalari hotza da, eta kosta egiten zaio erritmoa hartzea. Uztaipetik jokoa banatzera ohituta dago. Baina hori egiteko aukerarik gabe, eragin gutxiago izan zuen jokoan.

Martinezekin ere kosta egin zitzaion erritmoa hartzea. Baina egoera aldatu egin da: saskiari begira eraginkorrago ari da orain. Khimkiri hamalau puntu sartu zizkion, Zalgirisi hamabost, eta Izar Gorriari hamazazpi. Gainera, baloi gehiago eman dizkie taldekideei. Azken partidan, Unicajaren aurka, sei asistentzia banatu zituen. Errebotean ere sendo ari da. Zortzi jaso zituen Izar Gorriaren eta Zagirisen aurka. Partida erabakigarriak jokatzen ari da.

JANIS TIMMA

Eskumuturra findu du

Baskoniak fitxaturiko jokalaririk garrantzitsuenetakoa izan zen udan Timma. Adam Hanga ordezkatzeko ekarri zuten. Zenitekin sasoi oso on bat egin zuen, eta Europako Txapelketa txukuna egin zuen Letoniarekin.

Hiruko marratik trebea izatea, bizkarrez jokatzeko gaitasuna edukitzea, erreboteatzaile ona izatea... Hori zen Timmaren bertuteen zerrenda. Prigionirekin, ordea, ez ziren azaldu. Euroligako lehen lau partidetan lau puntu sartu zituen batez beste. Burumakur eta konfiantzarik gabe ageri zen. Bambergen aurkako lehian, hemeretzi minutuan ez zuen hiruko ahalegin bakar bat ere egin.

Taldearen antzera, Timmal ere gora egin du Pedro Martinezen etorriarekin. Zazpi partidatan 11 puntu sartu ditu batez beste, partida horietatik lautan hamar puntu edo gehiago lortuz. Hirukoetanere nabarmen egin du hobera: 29 ahaleginetatik hamabost sartu ditu, %50etik gora.

Datuetan ez ezik, jarreran eta sentsazioetan ere ikusten da aldaketa. Aurkariaren saskira begira konfiantza handiagoz ari da. Unicajaren aurka saskiratzaile onena izan zen, 24 punturekin. Une erabakigarrietan sartu zituen. Gainera, taldeko beste bi hegalekoak, Patricio Garino eta Jordan McRae, min hartuta daude, eta partida asko jokatu behar izan ditu.

MATT JANNING

Kontratua irabazi du

Janningen kasua ere adierazgarria da. McRae ordezkatzeko fitxatu zuten. Euroligan, Prigionirekin apenas jokatu zuen. Gainera, ez zuen saskiratzerik sartu. Hiru errebote eta asistentzia bat baino ez zituen lortu. Hegalekoaren etorkizuna Gasteiztik urrun zirudien.

Baina Martinezen etorrerak goitik behera aldatu zuen AEBetako eskoltaren geroa. Partidak aurrera joan ahala, gero eta gehiago jokatu du. Azkenengoan 28 minutu jokatu zituen Unicajaren kontra, eta hamar puntu edo gehiago sartu ditu. Martinezen aroan, ia 11 puntu daramatza batez beste. Zaleen kutunetako bat da, eta kontratua luzatu berri diote.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.