FERNANDO PACHECO
Ohi bezain fidagarri
Atezaina 2015eko abuztuan iritsi zen Gasteizera, eta denbora askorik ez zuen behar izan Alavesen ikur bihurtzeko. Aurrena, funtsezko izan zen Arabako taldea Lehen Mailara igo zedin, eta iragan sasoian beste koska bat igo zuen: elitean gol gutxien sartu zizkieten atezainen artean bosgarrena izan zen, atepean erakustaldia bata bestearen atzetik emanda. Espainiako Kopan ere gelditu erabakigarriak egin zituen, finalaurrekoetan kasurako.Ordea, aurtengo denboraldiari apal ekin zion, taldearen dinamikak zeharo kutsaturik. Lehen bere eskuekin topo egiten zuten baloiek sare barruan bukatzen zuten. Atezainak berak publikoki aitortu zuen ez zela maila ematen ari. Edonola ere, Abelardorekin konfiantza eta fidagarritasuna berreskuratu ditu, eta, azken asteetako hobekuntzari esker, ligan geldiketa gehien (71) egiten duen atezaina bihurtu da.
MARTIN AGIRREGABIRIA
Ezusteko nagusia
Iritsi bezain pronto, harrobiko jokalariak aintzat hartuko zituela nabarmendu zuen Abelardok. Halakoak maiz esaten dira futbolean, baina bete, ez dira horrenbestetan betetzen. Alabaina, prestatzaile espainiarrak ez du bere hitza jan. Izan ere, iritsi eta berehala Martin Agirregabiriaren alde egin zuen apustu eskuin hegalerako. Postu horretan dezenteko zuloa Alavesek; bada, dagoeneko ez, harrobikoa maila txundigarria ari baita ematen.Debuta Getaferen kontra egin zuen Errege Kopan, Abelardo iritsi baino partida bat lehenago, eta geroztik hamaika partida jokatu ditu, horietatik hamar oso-osorik. Ez dirudi 21 urte eskaseko hasiberria denik. Defentsan oso segurua da, nekez egiten baitu kale, eta erasoan ere ekarpena egiten dio taldeari. Alegia, ezin hobeki ari da profitatzen Abelardok eskaini dion urrezko aukera.
TOMAS PINA
Sormen iturri
Medranekin batera joko antolatzaile lanetan aritzeko fitxatu zuen udan Alavesek. Aitzitik, liga hasieran ez batak eta ez besteak ez zuten zegokien eginkizuna behar bezala bete. Hala, euskarrian jokoari zentzua emango zion inor eduki ez, eta galduta ibili zen Alaves erasoan. Geroztik, Medranek ez du aurrerapausorik eman; bai, ordea, Pinak. Zubeldiarekin titular izan, eta De Biasirekin itzalpera igaro ostean, Abelardorekin bere bertsiorik onena ari da ematen.Hori horrela, zelai-erdi orekatua dauka orain Alavesek. Manu Garciak egonkortasuna eta lehia ipintzen ditu, eta Pinak, berriz, sormena. Taldea mugitzeko eta erritmoa ezartzeko gaitasuna dauka erdilari espainiarrak. Gainera, gutxitan egiten du kale paseak emateko orduan. Bertute horiek usuki ari da erakusten azkenaldian, eta, horregatik, ezinbestekoa da Abelardoren eskeman.
IBAI GOMEZ
Askoz ere zorrotzago
Oraindik erregulartasun apur bat falta zaion arren, Ibai da Abelardorekin gehien hazi den jokalarietako bat. Punta-erdian gatza eta piperra behar zituen Alavesek, eta Pedrazarekin ez zuen aski. Bada, hari erdilari bizkaitarra gehitu zaio orain. Ahalmen asko ditu eskuin hankan, eta orain sasoi hasieran baino sarriagotan ari da erakusten. Jokoaren antolaketan laguntzen du, erdiraketa pozoituak jartzen ditu eskuin hegaletik, eta, hori gutxi balitz bezala, defentsan ere jokalari saiatua da.Golerako sena ez da bere dohain nagusia, baina ate aurrean oso fin ibili zen Abelardok zuzenduriko bi partidetan: hiru gol sartu zizkion Gironari, eta bat Las Palmasi. Ordu arte golik sartu gabea zen, eta harrez geroztik ere ez du gehiagorik sartu. Bestalde, gola sartzeko azken pase bana eman ditu azken bi norgehiagoketan.
MUNIR EL HADDADI
Piztia aske dabil
Munir da gaur egun sasoikoen dagoen Alaveseko jokalaria. Abelardo iritsi arte kamuts ibili zen, gainontzeko taldekide gehienak bezala. Baina eztanda egin du entrenatzaile espainiarrarekin. Sei gol sartu ditu, eta gola sartzeko azken lau pase eman.Munir ez da golegile hutsa. Harrapakari sena du, baina, horretaz landa, jokaldiak eraikitzen laguntzen du, babes handia eskaintzen die taldekideei, eta indar hustu egiten da partida oro. Azken sasoietan galdutako distira ari da berreskuratzen. On egin dio Alavesek Guidetti fitxatu izana, erosoago sentitzen baita aldamenean erreferentzia bat izanda.