Urriza 30. San Miguel 24

Sufritzen ere, txapeldun

Urrizak defentsako lanari esker irabazi dio San Migueli, eta bigarrenez jarraian jantzi du buruz buruko txapela

Javier Urriza, amorru biziz garaipena ospatzen, atzo, Galarreta pilotalekuan jokatutako finalean. JUAN CARLOS RUIZ / ARP.
Julen Etxeberria.
2013ko irailaren 8a
00:00
Entzun
Iraupena. 1.02.

Pilotakadak. 177.

Saketik. Urrizak zazpi; San Miguelek bi.

Markagailua. 0-3, 1-3, 1-4, 2-4, 2-7, 7-7, 7-9, 9-9, 9-10, 11-10, 11-12, 19-12, 19-13, 20-13, 20-15, 21-15, 21-16, 22-16, 22-17, 24-17, 24-19, 27-19, 27-22, 28-22, 28-23, 29-23, 29-24 eta 30-24.

Bestelakoak. Sarrera ederra Hernaniko Galarreta pilotalekuan, ia bete egin zen. Apustuak 100-70i irten ziren Urrizaren alde. Pilotariek xingola beltza eraman zuten, Aritz Juanenea pilotariaren aitaren omenez.

Javier Urriza koska bat gorago dago, bere maila horrenbeste eman gabe ere nagusitasunez irabazteko gai dela erakutsita. Atzo ikusi zen hori Galarreta pilotalekuan, erremonteko buruz buruko finalean. Iruindarrak partida txukuna egin zuen. Kito. Ez zuen izan gehiagoren beharrik. Nahikoa izan zuen Julen San Migueli irabazi eta bigarrenez jarraian buruz buruko txapela janzteko (30-24).

Urrizak behetik gora eginda irabazi zuen. Iaz Patxi Zeberiori irabazitako finalean bezala, urduri hasi zen. Orduko hartan 0-7 hasi zen galtzen. Atzo ez zen askoz hobeto hasi, San Miguel 2-7 jarri baitzen aurretik. Baina Urrizak soberan ditu baliabideak bere maila eman gabe, aurkariari min handia egin eta tantoak bata bestearen atzetik lortzeko. Are gehiago kontrarioak erraztasunak ematen badizkio. Eta atzo San Miguelek erraztasun asko eman zizkion. Doneztebeko atzelariak sakearekin egin nahi zion min Urrizari. Lehen kolpeak izan behar zuen haren makulua. Baina ez zen horrela izan. Ez zuen asmatu —bi tanto bakarrik egin zituen, eta partida ia erabakita zegoela—, eta makulu gabe, behera egin zuen. Bitxia izan zen sakearekin gertatutakoa. Izan ere, ustez sakearekin min gutxien egin behar zuenak egin zuen min handiena, Urrizak, alegia. Txapeldunak zazpi tanto egin zituen aurreneko kolpea baliatuta.

Baina ez zen izan sakea Urrizaren arma bakarra. Defentsako lanean espezialista dela erakutsi zuen berriz ere. Eta lan horrek bere onetik atera zuen San Miguel. Hain zuzen, atzelariak nahi baino gehiagotan izan ohi dituen txakalaldi horietako batek hautsi zuen finala. Ordura arte nor baino nor gehiago ari baitziren biak. Are gehiago, San Miguel zen aurretik markagailuan (11-12). Baina Urrizak zortzi tanto egin zituen jarraian, eta gerora erabakigarria izango zen aldea lortu (19-12). San Miguel saiatu zen aldea murrizten, baina gehienez bost tantora jarri zen. Gerturatzen zen bakoitzean, Urrizak asmatu egiten zuen, edo San Miguelek berak huts egiten, tantoa egiteko aukera garbia izan arren. Horren erakusgarri, azken tantoa: San Miguelek tantoa egiteko aukera bikaina eta pilota txikitzeagatik huts egin. Hala ere, «pozik» eta egindako lanarekin «konforme» bukatu zuen partida.

Urriza: «Asko sufritu dut»

San Miguel, pozik, eta zer esanik ez Urriza, bigarrenez urtez jarraian buruz burukoan onena izateagatik. Hala ere, txapeldunak aitortu zuen «asko» sufritu zuela, eta une oro «deseroso» ikusi zuela bere burua. «Defentsak salbatu nau, erasoan ez baitut asmatu. Sakea, gainera, sufrikarioa izan da niretzat, izterrean mina bainuen. Zorionez, errestoan asmatu dut, eta sufrituta baina irabazi egin dut».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.