REALA 1-1 INTER MILAN

Sufritzeko unean kale egin du

Realari eskuetatik ihes egin dio Txapeldunen Ligako lehen garaipenak, Inter Milanekin berdindu eta gero. Brais Mendezek egin du etxekoen gola, eta Lautaro Martinezek banakoa, azken hatsean.

Mikel Merino, Inter Milaneko zenbait jokalariz inguratuta, gaur, Txapeldunen Ligako lehen partidan, Anoetan. JON URBE / FOKU
Mikel O. Iribar.
2023ko irailaren 20a
23:28
Entzun

Nekez hasi zezakeen estreinako hoberik Realak Txapeldunen Ligan, baina azken laurdenean defentsa lerroan izandako ahulezia garesti ordaindu du, Inter Milan talde indartsuaren aurka bana berdinduta, Donostian. Brais Mendezek egin du etxekoen aldeko gola, partidaren hastapenean, eta Imanol Alguacilenak nagusi izan dira neurketa ia osoan. Harik eta Lautaro Martinezek Anoeta isilik utzi duen arte, 87. minutuan. Ur baldekada hotza izan da bisitarien gola.

Entrenatzaile oriotarrak Real Madrilen aurkako hamaikako bera zelairatu du, Santiago Bernabeun izandako sentipen onak berresteko asmoz. Bada, txuri-urdinak hortzak ongi zorroztuta irten dira. Izan ere, partida hasi eta berehala, talde donostiarraren eraso erauntsia heldu da. Brais Mendezek izan du lehen abagunea, buruz errematatuta. Jarraian, Ander Barrenetxeak zutoinera bidali du baloia. Hirugarren ahaleginean heldu da gola, galiziarrari esker; erdilariak Interreko atzelari Alessandro Bastoniri lapurtu dio baloia, eta, ezkerrez, maisuki amaitu du jokaldia. Zoramena Anoetan.

Gol horri esker, erabat hauspotu dira Imanolenak, eta Lombardiako taldearen areara oldarkor heltzen hasi dira, baita abagune garbienak eduki ere, batez ere ezker hegaletik, eskuinean Takefusa Kubo gertutik zainduta baitzuten. Halere, japoniarra ez da kikildu, eta baloia jaso bakoitzean arriskua sortzeko ahala izan du; 40. minutuan,, erdiraketa dotore bat jarri du, baina Robin Le Normandek ez du behar bezala errematatu.

Simone Inzaghirenak gozakaitz ari ziren, jokoa landu ezinik. Nicolo Barella, eta Lautaro Martinez eta Marcus Thuram aurrelariak itzalita zeuden. Gisa horretara heldu dira atsedenaldira.

Gidoi berarekin ekin dio Realak bigarren zatiari, eta lehen minututik demaren jabe egin da. Yann Sommer Interreko atezainak galtzak bete lan izan du etxekoen erasoaldiari aurre egiteko. Suitzarrak bikain erantzun dio Mendezek urrunetik egindako jaurtiketa lehor bati.

Reala gehiago izan arren, zorroztasuna falta zitzaion azken unean atea zulatzeko. Edonola ere, donostiarrak izan dira arrisku gehien sortu dutenak; 68.minutuan, Mikel Merinok buruz bidalitako baloiak langa jo du.

Neurketa, ordea, ez zegoen erabakita, eta, Interrek erasora jo du. 79. minutuan Thuramek banakoa jarri du, baina Augusto jokoz kanpo zegoen. 87. minutuan, ostera, Martinezek ez du barkatu. Davide Frattesik egindako erdiraketa bikain borobildu du argentinarrak. Realak berdinketarekin konformatu behar izan du.

Bestalde, D multzoko beste neurketan, Salzburgo 0-2 gailendu da Benficaren zelaian, Lisboan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.