1-0. Brais Mendezek (4. minutuan). 1-1. Lautaro Martinezek (87. minutuan)
Nekez hasi zezakeen estreinako hoberik Realak Txapeldunen Ligan, baina azken laurdenean defentsa lerroan izandako ahulezia garesti ordaindu zuen, Inter Milan talde indartsuaren aurka bana berdinduta, atzo, Donostian. Brais Mendezek egin zuen etxekoen aldeko gola, partidaren hastapenean, eta Imanol Alguacilenak nagusi izan ziren neurketa ia osoan. Harik eta Lautaro Martinezek Anoeta isilik utzi zuen arte, 87. minutuan. Ur baldekada hotza izan zen bisitarien gola.
Entrenatzaile oriotarrak Real Madrilen aurkako hamaikako bera zelairatu zuen atzo, Santiago Bernabeun izandako sentipen onak berresteko asmoz. Bada, txuri-urdinak hortzak ongi zorroztuta irten ziren. Izan ere, partida hasi eta berehala, talde donostiarraren eraso erauntsia heldu zen. Brais Mendezek izan zuen lehen abagunea, buruz errematatuta. Jarraian, Ander Barrenetxeak zutoinera bidali zuen baloia. Hirugarren ahaleginean heldu zen gola, galiziarrari esker; erdilariak Interreko atzelari Alessandro Bastoniri lapurtu zion baloia, eta, ezkerrez, maisuki amaitu zuen jokaldia. Zoramena Anoetan.
Gol horri esker, erabat hauspotu ziren Imanolenak, eta Lombardiako taldearen areara oldarkor heltzen ziren, baita abagune garbienak eduki ere, batez ere ezker hegaletik, eskuinean Takefusa Kubo gertutik zainduta baitzuten. Halere, japoniarra ez zen kikildu, eta baloia jaso bakoitzean arriskua sortzeko ahala izaten zuen; 40. minutuan, erdiraketa dotore bat jarri zuen, baina Robin Le Normandek ez zuen behar bezala errematatu. Simone Inzaghirenak gozakaitz ari ziren, jokoa landu ezinik. Nicolo Barella, eta Lautaro Martinez eta Marcus Thuram aurrelariak itzalita zeuden. Gisa horretara heldu ziren atsedenaldira.
Gidoi berarekin ekin zion Realak bigarren zatiari, eta lehen minututik demaren jabe egin zen. Yann Sommer Interreko atezainak galtzak bete lan izan zuen etxekoen erasoaldiari aurre egiteko. Suitzarrak bikain erantzun zion Mendezek urrunetik egindako jaurtiketa lehor bati.
Reala gehiago izan arren, zorroztasuna falta zitzaion azken unean atea zulatzeko. Edonola ere, donostiarrak izan ziren arrisku gehien sortu zutenak; 68.minutuan, Mikel Merinok buruz bidalitako baloiak langa jo zuen.
Neurketa, ordea, ez zegoen erabakita, eta, Interrek erasora jo zuen. 79. minutuan Thuramek banakoa jarri zuen, baina Augusto jokoz kanpo zegoen. 87. minutuan, ostera, Martinezek ez zuen barkatu. Davide Frattesik egindako erdiraketa bikain borobildu zuen argentinarrak. Realak berdinketarekin konformatu behar izan zuen.
D multzoko beste neurketan,Salzburgo 0-2 gailendu zen atzo Benficaren zelaian, Lisboan.
REALA 1 - 1 INTER MILAN
Sufritzeko unean kale egin du
Realari eskuetatik ihes egin dio Txapeldunen Ligako lehen garaipenak, Inter Milanekin berdindu eta gero. Brais Mendezek egin du etxekoen gola, eta Lautaro Martinezek banakoa, azken hatsean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu