Sufrituz gozatzen ari dira Argentina eta Kroazia. Asko izerditu ostean, gertu dute Munduko Kopako finala. Argentinak okerreko hankarekin hasi zuen txapelketa, baina, oztopo guztiak gainditu, eta finalaurrekoetara iristea lortu du seigarrenez. Kroaziaren kasuan, hirugarren aldia da horren urrun iristen dena. Meritu handia du, 1992an hasi baitzen jokatzen selekzio independente bezala. 1998an hirugarren izan zen, eta duela lau urte, azpitxapeldun.
BIZIRIK IRAUTEKO SENA
Penaltietan maisu
Final-zortzirenak eta final-laurdenak penalti jaurtiketetan igaro zituen Kroaziak 2018an. Bada, beste horrenbeste egin du Qatarren, Japoniaren eta Brasilen aurka. Sekulako nortasuna ari da erakusten Zlatko Dalicen taldea. Larri izan zen multzoen fasean, eta lehen bi kanporaketetan ere orekarien moduan jardun dute kroaziarrek: hari gainean ibili dira, baina ez dira erori. Haienak egin zuela zirudien Neymarrek final-laurdenen luzapenean gola sartu zienean. Alabaina, penaltiak behartu, eta aurrera egin zuten.
Argentinak irabazi du penalti jaurtiketa gehien Munduko Koparen historian. Sei jokatu ditu, beste inork baino gehiago, eta bost bider nagusitu da; azkenekoz, joan zen ostiralean, Herbehereen aurka. Senetik nahiko aterata zegoen, bi golen errenta alferrik galdu ostean. Ordea, penaltiak zentzuz jaurti zituen. Aurrez ere, bide malkartsua egin du: hasi orduko, deskalabrua izan zuen Saudi Arabiaren kontra; eta final-zortzirenetan larri ibili zen Australia mendean hartzeko.
MARTINEZ ETA LIVAKOVIC
Atepean erabakigarri
Emiliano Martinez izan zen Argentinaren heroia Australiaren kontrako partidan. Luzapena saihestu zuen azken unean, geldiketa ikusgarri batez. Bada, erabakigarria izan zen, atzera ere, final-laurdenetan: lehen bi penaltiak geratu zizkien Herbehereei. Ez da halako erakustaldi bat egiten duen lehen aldia. Haatik, Dominik Livakovicek harri eta zur utzi du mundu guztia azken bi neurketetan. Kroaziak hari zor dio, hein handi batean, finalaren atarira iritsi izana: hiru penalti geratu zituen Japoniaren aurka, eta 11 gelditu egin zizkion Brasili, horietako bat hondarreko jaurtiketetan. Aurrez ez zen ezaguna, bainaEuropako liga nagusietako batean ariko da berandu gabe.
IZARREN TALKA
Messi eta Modric, itzel
Leo Messi eta Luka Modric dira Argentinaren eta Kroaziaren ikurrak. Azken Munduko Kopa izango dute ziurrenik, eta aukera ederki ari dira baliatzen. Messik ez du garai bateko txinparta, baina haren oinei magia darie oraindik ere. Ikusi besterik ez dago zer pase eman zion Molinari Herbehereen kontrako lehen golean. Ate aurrean ere fin dabil: lau gol sartu ditu jada. Modricek ez du oraindik asmatu, baina taldearen itsasargia da zelai erdian. 37 urte dituen arren, sasoi betean jarraitzen du. Langile nekaezina eta sortzaile fina da. Argentinaren aurka egin zuen debuta selekzioan, 2006an; bertan sartu zuen lehen gola Messik zuri-urdinekin.
ANTZEKO JOKAMOLDEA
Kroazia oldarkorrago
Bi taldeek oinarrizko sistema bera darabilte: 4-3-3. Argentinak moldatu egin zuen Australiaren kontrako bigarren zatian, eta 5-3-2 eskema ezarri. Hala aritu zen Herbehereen kontra ere. Luzapenean, ordea, lauko defentsa berrezarri zuen, atzelari bat kendu eta aurrean Di Maria zelairatuta. Ziurrenik, plan horrekin ariko da gaur. Kroaziak, berriz, orain artekoari eutsiko dio. Zelai erdian, guztiz finkoak dira Modric, Kovacic eta Brozovic. Baloiaren jabe izateko aukera ematen diote taldeari. Haatik, atzean sartuta ere ondo moldatzen da Kroazia. Defentsan, oso ondo ari dira Gvardiol, Lovren eta Juranovic. Argentinari, ordea, gidoi bakarrak balio dio; aginte makila ez badu, akabo. Lerroak atzeratzen dituenean, ez da gai aurkarien oldarraldiei eusteko.
BI ALDIZ AURREZ AURRE
Azkenengoz, 2018an
Elkarren arteko bigarren partida izango dute Munduko Kopan. 1998an 1-0 gailendu zen Argentina; 2018an, berriz, 3-0 irabazi zuen Kroaziak, multzoen fasean. Modricek gol gogoangarria egin zuen areaz kanpotik. Harekin batera, orduko beste zazpi jokalari daude egun Kroazian: Kovacic, Perisic, Lovren, Brozovic, Livakovic, Kramaric eta Vida. Dalicek jarraitzen du entrenatzaile. Argentinaren kasuan, Messi, Otamendi, Di Maria, Armani, Tagliafico eta Acuña dira lau urteren ostean jarraitzen dutenak. Aulkian, Scalonik Sampaoliren tokia hartu du.
Qatarko Munduko Kopa
Sufrimendua eta gozamena
Munduko Kopako lehen finalerdia jokatuko dute gaur Argentinak eta Kroaziak, 20:00etan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu