2ATHLETIC1REALA

Suarekin, eroso eta jolasean

Muniainek eta Toquerok lehen zatian sartutako golei esker, Athleticek geroz eta gertuago dauka Europarako txartelaAukera argirik sortu gabe ere, Reala nagusi izan da bigarren zatian, baina ez du asmatu

Iker Muniain Athleticeko erdilaria, atzo, Realari sartutako gola ospatzen; 1-0ekoa zen, bilbotarren festaren hasiera. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
unai zubeldia
2011ko apirilaren 24a
00:00
Entzun
Golak: 1-0: Muniainek (18. min.). 2-0: Toquerok (28. min.). 2-1: Javi Martinezek, bere atean (31. min.). Epailea: Fernandez Borbalan. Txartel horiak:Athleticeko Orbaiz, Toquero, Gurpegi, San Jose, Amorebieta eta De Marcosi; eta Realeko Aranburu eta Tamudori. Bestelakoak: 38.000 ikusle inguru San Mamesen, tartean Realeko zale ugari. Giro bikaina izan zen harmailetan.

Horixe daukate bi taldeek. San Mames dauka Athleticek; lehen ordu erdi beroa, Llorente handia, Muniain bizia eta Toquero borrokalaria. Eta horixe dauka Realak; joko itxurosoa bai, merezimendua bai, baina atzealde ahula. Ondorioa? Harmailetako zaleen suari eta jokalarien berotasunari esker, lehen ordu erdian etxekoen bi gol. Eta zailena egindakoan, 2-1ekoa lortutakoan, jokoa bai, aukera bakanen batzuk bai, baina amaierarik ez bisitariek. Athleticek 2, Realak 1. San Mameseko suaren goxotasunarekin, datorren denboraldian Europako Ligan aritzeko txartela geroz eta gertuago daukate zuri-gorriek. Eta datozen bi jardunaldietan Bartzelona eta Valentziaren aurka jokatu beharra daukatela kontuan hartuta, suarekin jolasean aritu eta erretzeko arriskua daukate txuri-urdinek.

Ia bost urteko derbi gosearekin zeuden San Mamesen Athleticeko eta Realeko jokalariak eta zaleak, eta gose horri erantzuna eman zioten lehen minututik bertatik. Bi taldeak bete-betean zelairatu ziren, eta zelai erdiko edozein jokalditan goleko aukera ona izango balitz bezala sartu zuten hanka talde bietako erdilariek. Hori bai, bultzaka-bultzaka, Athletic hasi zen jokoan nagusitzen, Llorenteren gorputz jokoarekin, Toquerok hegaletara joateko zeukan joerarekin, eta Muniainen mugikortasunarekin. Diziplina Batzordeak jokatzeko baimena eman zion atzo bertan nafarrari, behin-behinean baliorik gabe utzi zuelako epaileak joan den astean ateratako bosgarren txartel horia. Eta gauzak nola diren, egundoko lehen zatia egin zuen erdilariak, eta berea izan zen partidako lehen gola, 18. minutuan.

Aurreko minutuan aukera ona eduki zuen David Lopezek, Amorebietaren erdiraketa ona are hobeto errematatuta. Baina Bravok kornerrera bidali zuen baloia. Eta korner horretan erakutsi zuen Athleticek zer daukan. Llorentek erraz irabazi zion jauzian atzelariari, erremate bikaina egin zuen buruz, Bravok geldiketa ona egin zuen, baina goleko marran Rivas baino biziago ibili zen Muniain. Llorente errematatzailea, eta Muniain bizia. Partida hasterako Athletic 1-0 aurretik.

Reala desagertu egin zen minutu horietan, eta etxekoek 23. minutuan eduki zuten lehen aukera ona 2-0ekoa lortzeko. Llorentek gorputzarekin baloia eskuratu, Toquerori utzi, eta hark oso gutxigatik ez zuen bidali baloia sareetara. Ikusten zen bazetorrela, ikusten zen San Mameseko suarekin eroso jokatzen ari zela, eta, azkenean, 29. minutuan iritsi zen etxekoen bigarrena. Atzoko partidan hainbatetan bezala, Javi Martinez Rivas baino gehiago izan zen area ertzeko jauzian, Llorentek ere aise irabazi zion Demidovi area barruko lehia, errioxarrak Toquerori zabaldu zion baloia, eta gasteiztarrak barrura. 29. minuturako, 2-0.

Athletic Realaren zain

Athleticek etxean ez du askorik behar golak sartzeko, eta Realak ez du ezer behar etxetik kanpo golak jasotzeko. Hori bai, 31. minutuan, Estradak, Griezmannek eta Ifranek ondo landutako jokaldian, frantziarrak erdiratu eta Javi Martinezek bere atean sartu zuen gola. Donostiarrak piztu egin ziren gol horrekin, eta lehen zatia amaitzerako Griezmannek 2-2koa lortzeko beste aukera on bat eduki zuen 40. minutuan. Baina, buruz burukoan, Raulek ondo gelditu zuen erdilariaren jaurtiketa —aurretik huts egin zuen Carlos Martinezek, Bravori pasea eman eta Toquero 3-1ekoa sartzeko zorian egon zelako—.

Sua espero zen bigarren zatian ere, baina Athleticek bi pauso atzera eman zituen, eta Realarena izan zen kontrola. Donostiarrek ezin zuten aukera argiegirik sortu, baina berdinketa usaina nabari zen. Zurutuzak 57. minutuan, Demidovek 64.ean korner batean, Xabi Prietok 76.ean Estradaren erdiraketa batean... Realak gehiago merezi izan zuen atzo San Mamesen, baina lehen zatiko suari esker dago Athletic Europari begira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.