PARISKO PARALINPIAR JOKOAK

Sua piztuko dute berriro

Gaur hasiko dira Paralinpiar Jokoak, Parisen, eta irailaren 8an amaitu. 21 euskal kirolarik parte hartuko dute; besteak beste, Fernando Mitxelenak eta Iñigo Llopisek. Lehiatzeko gogoz daude.

FERNANDO MITXELENA-IÑIGO LLOPIS. ANDONI CANELLADA-JON URBE / FOKU
Fernando Mitxelena tiratzailea eta Iñigo Llopis igerilaria. ANDONI CANELLADA-JON URBE / FOKU
2024ko abuztuaren 28a
05:00
Entzun

Olinpiar Jokoak duela hamazazpi egun amaitu ziren, baina horrek ez du esan nahi lehia olinpikoa amaitu denik. Urrea lortzeko grinak oraindik bizirik dirau hainbat kirolarirengan. Ohi den moduan, Olinpiar Jokoak amaitu ondoren, Paralinpiar Jokoak hasiko dira: gaur ekingo diete horiei, eta irailaren 8an amaituko dira. 23 kirol egongo dira, eta 4.500 atleta lehiatuko dira, horietatik 21 euskal herritarrak.

Horietako bat Fernando Mitxelena tiratzailea da (Donostia, 1972). Haren kirol ibilbidea eskian hasi zen, baina beste kirol bat probatu nahi, eta tiroarekin hasi zen. «Eskiatzeari utzi nion, eta zer kirol mota egin nitzakeen ikusi. Bi aukera nituen: boccia eta tiroa. Boccia ez zait asko gustatzen, eta tiroarekin hasi nintzen». Kemen kirol elkartean hasi zen, eta haiek utzi zioten behar zuen materiala. Mitxelenaren hitzetan, hasieran denbora-pasa hutsa zen tiroa. Gaur egun, kirolari paralinpikoa izateaz gain, Kemeneko presidentea da; «urritasun funtzional eta sentsoriala dutenen kirola sustatzea» du helburu elkarteak.

«Beste edozein lehiaketa izango balitz bezala ari naiz prestatzen. Desberdina da, noski, baina nahiago dut normaltzat hartu»

FERNANDO MITXELENATiratzailea

Mitxelenaren lehen aldia izango da Paralinpiar Jokoetan. «Amets bat da» Jokoetara joatea, baina «normal eta poliki-poliki» kudeatu nahi ditu: «Beste edozein lehiaketa izango balitz bezala ari naiz prestatzen. Desberdina da, noski, baina nahiago dut normaltzat hartu». Izan ere, tiroko probak ez dira Parisen bertan egingo, handik ia 300 kilometrora baizik: «Chateaurouxen egongo gara tiratzaileok, Paristik aldenduta. Horrek lagundu egingo dit». Astean «hiruzpalau» egunetan aritzen da entrenatzen, hiru modalitate ezberdinetan: hamar metroko tiroan aire fusilarekin eta euskarriarekin, hamar metroko tiroan aire fusilarekin eta euskarririk gabe, eta errifleko 50 metrokoan. Gipuzkoan ez dago errifleko 50 metroko probarako entrenatzeko lekurik, eta «kanpora» joan behar izaten du.

Ez zaio eskarmenturik falta nazioartean. Aurten, Munduko Kopan eta Europako Txapelketan parte hartu du. Eta emaitza bikainak lortu, gainera. Bederatzigarren postua lortu zuen lehenengoan, puntutan zortzigarrenarekin berdinduta. Europako lehiaketan, berriz, seigarren izan zen. Denbora kontua da Jokoetan halako arrakasta izango ote duen jakitea.

«Helburu nagusia markak haustea da. Nire onena erakusten saiatu behar dut, eta, markak hausten baditut, oso litekeena da dominak irabazteko borrokan egotea»

IÑIGO LLOPISIgerilaria

Iñigo Llopis igerilariak (Donostia, 1998) badu esperientzia Paralinpiar Jokoetan: hirugarrenez ariko da, hirugarrenez jarraian. Rio de Janeiron (Brasil) egin zuen debuta, 2016an. «Sari baten parekoa izan zen niretzat». Tokion ere aritu zen, eta zilarrezko domina bat eraman zuen etxera: S8 mailako bizkar estiloko 100 metrokoan. Iazko Munduko Txapelketan bi urre kolkoratu zituen, eta aurten garaile izan da Europako Txapelketan —urrezko dominaz gain, brontzezko beste bi eskuratu zituen—. 

Eskarmentuak pentsamoldea aldarazi dio. «Rion ez nion hainbeste eskatzen neure buruari. Tokiora beste exijentzia batekin joan nintzen, eta Parisera exijentzia berberarekin joango naiz. Jokoetan jada edukitako esperientziak beste patxada bat ematen dit. Egunero entrenatzen gara, eta Jokoak beste txapelketa bat dira».

Futbolean aritzen zen Llopis gaztetan, baina hanka hautsi zuen atezain jokatzen ari zela. Errehabilitaziorako hasi zen igeri. Oso urrun iritsi da, eta eskura du Tokioko arrakasta berdintzea. Hala ere, argi du helburu nagusia ez dela domina bat lortzea. «Dominak beti dira sari politak, baina helburu nagusia markak haustea da. Nire onena erakusten saiatu behar dut, eta, markak hausten baditut, oso litekeena da dominak irabazteko borrokan egotea».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.