Kostaldeko herrietako bizilagunek zenbat bider ez ote dute ikusi irudi hau: ontzi egin berria uretaratzen lehen aldiz. Zirrara eta ilusio berezia eragiten du horrek herri horietan, ontzia edozein izanik ere: ontziola duten tokietan itsasontzi handiak, edota traineru berri bat. Portugaleten aurreko igandean herritarrek uretan sartzen ikusi zuten traineru horia ez da berria; egitasmoa, ordea, bai. Hamahiru arraunlari emakumezko, eta patroia gizonezkoa, entrenatzailea, lehen aldiz sartu ziren Jarrillera traineru historikoan, lehiatzeko asmoz, herriko traineru jaitsieran. Hartara, segida eman zioten 2017an hasi eta han bertan amaitu zen egitasmoari: Portugaleteren emakumezkoen trainerua uretan izatea.
Uda bakarra egin zuten haiek lehian, sasoi hura amaitzean taldetik joan zirelako hainbat arraunlari. Ezin aurrera segitu klubak proiektu horrekin, baina ez zen geldirik geratu: arraunlari gazteenekin lanean hasi hurrengo urtean, eta egunen batean trainerua berreskuratzea jarri zuten helburu.
Adinez orduan traineruan arraun egin ezin zuten haietako hainbati beste batzuk batu zaizkie urte hauetan, eta orain hamabosteko taldea osatzen dute, seniorrak eta gazte mailakoa. Kadete haietako bat zen Jone Gisasola (Portugalete, Bizkaia, 2002), eta igandean herritarren aurrean egin zuen arraun.
Hasiera ekarri du gogora lehendabizi, arraunean hasi zenekoa: «Nesken trainerua berreskuratu nahi zutela-eta, ea arrauna probatuko nuen esan zidaten. Neba neukan hemen arraunean, eta han joan nintzen. Gustatu, eta gaur arte». Egin ditu makina bat entrenamendu traineruaren ametsa bete ahal izateko, baina, hala ere, azaldu du bidea ez zaiola nekeza egin: «Inoiz ez dugu oso gertu ikusi trainerua ateratzea. Epe luzera begirako lana izango zela bagenekien». Dena dela, ilusioak kolore berezia eta bizia iaz hartu zuela kontatu du: «Iaztik dator orain gauzatu dena, taldea osatu genuelako, eta ikusi genuelako trainerua ateratzeko aukera egingarria izan zitekeela». Igandekoa ez zuen izan aurreneko traineru estropada, hala ere: «Iaz Lutxanan egin nuen arraun udan, hemengo beste bi taldekiderekin batera, eta badut eskarmentu pixka bat [barrezka]».
Igandeko taldean, baina, ia arraunlari guztiak ziren berriak: hamahirutik bederatzirentzat traineruko aurreneko estropada izan zen. 11 ontzi lehiatu ziren emakumezkoetan, eta zortzigarren egin zuen Jarrillerak: «Ez genuen askorik espero, lehen estropada genuen eta. Baina dena eman genuen, eta, bete nahi genuen lana beteta, gustura joan ginen etxera». Uda urruti dago oraindik, baina ETE ligako hainbat kontrario ere Portugaleten lehiatu zirenez, haien lanari ere erreparatu zien Gisasolak, alderatzeko: «Gure ligakoak gertu izan genituen, eta, lan egiten badugu hemendik aurrera, postu polita lor dezakegu ligan». Traineruen lehiaketa ofizial horretara Jarrillera-ko arraunlariak nola iritsiko diren badaki: «Aparteko ilusioa izango dugu, oso egitasmo polita delako etxeko arraunlariekin lehiatzea».
Entrenatzailea ere, berria
Igandean traineruaren txopan joan zena Aser Nuñez zen (Portugalete, 1998), eta harentzat ere estreinakoa izango da udan entrenatzaile aritzea. Bi urte dela hasi zen taldearekin, «gazte mailako bost eta hiruzpalau kadete», eta garbi dauka udakoa «saria» izango dela: «Gogorra da jakitea ezingo duzula trainerua atera, eta hori gertatu izan zaigu aurreko urteetan. Lan pixka bat bat egitea tokatu zaigu, taldea gaztea delako, eta arraunlariak ondo eutsi diote bideari. Horregatik izango da saria udakoa».
Uda bitartean, taldea handituko zaio, Deustuk arraunlari bat edo beste utziko baitio. Lutxanako bi ere hasi dira Jarrilleran, eta, etxekoekin bat, su txikian egin den traineruak ur putzu handia laztanduko du.
Su txikitik ur putzu handira
Portugaletek emakumezkoen trainerua izango du berriz aurten. Etxeko arraunlariz osatuta egongo da ia erabat, eta 2018an hasi zen ametsa beteko dute. Urtebete lehenago lehiatu zen soilik 'Jarrillera'.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu