Su txikian egositako itzulera

Getxo errugbi taldea emakumezkoen Espainiako Ohorezko Mailara bueltatu da, mailaz jaitsi eta sei urtera. Bizkaiko taldeak ez du partida bakar bat ere galdu sasoi osoan.

Getxoko jokalariak igoera ospatzen. FREDYMONFOTO
Getxoko jokalariak igoera ospatzen. FREDYMONFOTO
Iñaki Berastegi.
2024ko maiatzaren 24a
05:05
Entzun

Kosta egin zaio, baina Getxo errugbi taldea berriro ere emakumezkoen Espainiako Ohorezko Mailako taldea da. Aitor Etxebarriaren taldeak joan den asteburuan lortu zuen igoera, Faduran Cisnerosen aurkako finala 27 eta 12 irabazita. 2018an, Bizkaiko taldea Ohorezko Mailatik Euskal Ligara jaitsi zen, Ohorezko B mailara igo zen ondoren, eta jaitsi eta sei urtera, gorengo mailara itzuli da. Gainera, bikaintasunetik gertu erdietsi du helburua, sasoi osoan ez baitu partida bakar bat ere galdu.

«Poztasun ikaragarriaz gain, harrotasun handia sentitzen dut. Duela sei urte, hamazazpi jokalari baino ez ginen taldean, eta hori izan zen mailaz jaistearen arrazoi nagusia. Jaitsiera osteko urtean, neska berri asko ailegatu ziren; ekintza asko egin ditu jende berria erakartzeko, eta, pixkanaka, haziz joan gara, orain lortu duguna lortu arte», laburbildu du Itsaso Reina taldeko jokalari eta kapitainak (Getxo, Bizkaia, 2000). Su txikian egosi dute egitasmoa, gorengo mailara bueltatu diren arte.

Aurreko denboraldian ere igoera gertu izan zuen Getxok, baina ligako finala Bartzelonaren aurka galdu zuen lehendabizi, eta bigarren aukeran ere kale egin zuen Ohorezko Mailako zuen tokia defendatzen ari zen Pozueloren aurka. «Bagenekien galduz gero beste aukera bat izango genuela, baina gure buruan zegoen gauza bakarra lehen final hau irabaztea zen. Aurreko sasoian, Barcaren aurka galdu eta gero, Pozueloren aurka ezin izan genuen gure maila eman». Liga erregularra lehen postuan amaitu ostean, finalerdietan Burgosi irabazi zion Getxok. «Burgosen aurkakoa partida zaila izan zen, eta aurreko sasoian gertatutakoa burura etorri zitzaigun. Baina, bagenekien talde hobea ginela, eta, azkenerako, hori frogatu eta neurketa irauli genuen».

Cisnerosen aurkako finala ere ez zen neurketa erraza izan, atsedenaldira 5 eta 12 galtzen joan baitzen Bizkaiko taldea. «Hasieran guk entsegu bat egin bagenuen ere, haiek berehalakoan bi egin zituzten. Edonola ere, atsedenaldian lasai geunden, bagenekielako denboraldi osoan bigarren zati oso onak egin genituela, eta neurketa iraultzeko gai ginela. Indartsu atera ginen aldagelatik bueltan, eta, haiek fisikoki behera egin zutela aprobetxatuta, partida irabazi genuen. Cisnerosek ez zuen puntu bakar bat ere lortu bigarren zatian».

Taldean Barbara Plaren gisako jokalari helduagoak ere badauden arren, Getxo talde «gaztea» da. «Jokalari gehienek 18 eta 24 urte bitartean ditugu, eta helduagoak diren jokalariek beharrezkoa den esperientzia hori ematen digute. Talde arina gara, eta iaztik jokatzeko modu dinamikoa daukagu, gainontzeko multzo gehienek ez bezala». Horren harira, erretiroa hartuko duen Barbara Plaren hutsunea «asko» nabarituko dutela azpimarratu du. «Guztiontzat ama baten gisakoa da, eta errugbiaz asko ikasten dugu harengandik. Halere, badakit zelaian egongo ez den arren gure ondoan segituko duela laguntza emanez».

«Ohorezko Mailan, talde gehienak fisikoki astunagoak eta indartsuagoak dira, eta, horrenbestez, gimnasioan lan gehiago egin beharko dugu. Mailari eusteko helburua lor dezakegula uste dut». 

ITSASO REINA Getxo errugbi taldeko kapitaina

Reinak dionez, oraindik ez dira hurrengo denboraldia antolatzen hasi. «Badakigu Ohorezko Mailan talde gehienak fisikoki astunagoak eta indartsuagoak direla, eta, horrenbestez, gimnasioan lan gehiago egin beharko dugula. Dena den, uste dut gure jokatzeko modu dinamikoarekin jarraituko dugula, estilo horrekin eroso sentitzen garelako. Egia da talde handiagoa beharko dugula, jokalari gehiago, eta agian lehen lerroa indartzeko jokalari indartsuago batzuk ere beharrezkoak izango dira. Mailari eusteko helburua lor dezakegula uste dut».

Duela zazpi urte hasi zen errugbian Reina, Getxok Ohorezko Mailan jokatu zuen azken sasoian, eta prozesu hau guztia bizi eta igoera kapitain gisa lortzea «oso berezia» izan da harentzat. «Ikaragarria izan da. Taldekideek hautatu naute kapitain, eta plazera da haiekin hau dena lortu eta partekatu ahal izatea. Ni helduenetako bat naizenez, esan ohi diet euren ahizpa nagusia naizela».

Eibarren zain

Getxok igoera lortuta, Eibar errugbi taldearekin zer gertatzen den jakitea falta da. «Eibarrekin beti pikea izan dugu. Euskal Ligara jaitsi ginenean, Faduran irabazi ziguten, eta mailaz igo ziren. Baina tira, Ohorezko Mailan bi euskal talde izatea aparta litzateke, eta nahi nuke Eibarrek Cisnerosi irabazi eta mailari eustea», esan du Reinak. Arlo fisikoan egon daiteke neurketa horren gakoa. «Cisnerosek ondo jokatzen du; Eibarri min egin diezaioke, baina uste dut bere garaian Faduran gertatu zen bezala Eibar fisikoki indartsuagoa dela, eta hori bigarren zatian nabaritu egingo dela. Lehen zatia parekatua izango dela uste dut».

MAILARI EUSTEKO AZKEN AUKERA DAUKA EIBARREK

Eibar errugbi taldearentzat kale edo bale egitekoa da bihar Valladolideko (Espainia) Pepe Rojo zelaian (17:30) Cisnerosen aurka jokatu behar duen neurketa. Cristina Guntinen taldeak Ohorezko Mailako azken-aurreko postuan amaitu zuen liga erregularra, eta Ohorezko B Mailako txapeldunordeari irabazi behar dio datorren sasoian gorengo mailan jarraitu nahi badu. «Ulertzen dugu gu garela Ohorezko Mailako taldea, baina gure azken neurketa duela ia bi hilabete izan zen, eta horrek zalantza eragiten dizu. Halere, ondo entrenatu gara, eta jokatzeko gogoz gaude», esan du Guntinek. Gipuzkoako taldeari Nerea Garcia eta Natale Murray falta zaizkio, min hartuta baitaude. Mailari eutsiko balio, bosgarren urtez jarraian Ohorezko Mailan jokatuko luke Eibarrek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.