Arrauna

Su moteleko garaipena

Urdaibaik irabazi du Castro Urdialesko bandera, Hondarribiari zortzi segundo aterata. Bermeotarrek puntu baten aldea dute orain sailkapen nagusian

Urdaibaiko arraualariak, irabazi izana ospatzen, Gorka Aranberri patroiak bandera astintzen duen bitartean. AITOR ARRIZABALAGA / EUSKO LABEL LIGA.
ainara arratibel gascon
2023ko uztailaren 24a
00:00
Entzun
Asteburu biribila izan da Urdaibairentzat. Bermeo jaietan dago, eta bertako ontziak beste poz bat eman die herritarrei. Izan ere, orain arte denboraldi honetan ontzi batek lortu ez duena erdietsi du Eusko Label ligan: asteburuko bi estropadak irabaztea. Larunbatean Sestaon (Bizkaia) astindu zuen bandera, eta atzo Castro Urdialesen (Kantabria, Espainia) gailendu zen. Itsasoan eta ibaian erakutsi du, beraz, bere indarra. Atzo ere osagai bera erabili zuen, irabazteko: arraunkera sendo eta indartsu bat. Baina oraingoa su motelean prestatu zuten. Lau luzeetan bizkorrena izan zen, eta gutxinaka joan zen aldea handitzen.

Atzokoa kontatuta, lau garaipen ditu Urdaibaik ligan; Hondarribiak, Zierbenak eta Donostiarrak, berriz, bakarra. Bermeotarrek 76 puntu dituzte sailkapen nagusian, eta puntu bat atzetik dago Hondarribia. Liga emozioz beterik dago orain. Datorren asteburuko bi estropadak Bizkaian jokatuko dira: Getxon eta Santurtzin.

Indartsu atera ziren txanda nagusiko lau ontziak, eta parekotasuna erabatekoa izan zen lehen luzean. Urdaibaik egin zuen denborarik onena: 4.49. Parean ailegatu zen Zierbena; gero Hondarribia, segundo batera; eta Donostiarra bira.

Bou Bizkaia-k bigarren luzean apurtu ohi ditu estropadak. Atzo, ordea, ez zen hala izan. Pixkanaka atera zien aldea. Irabazteko lehiatik kanpo geratu zen lehena Donostiarra izan zen. Hamalau segundoren atzerapena pilatu zuen bigarren ziabogan, eta Zierbenak zortzikoa. Eutsi zion bakarra Hondarribia izan zen, bost segundora.

Hirugarren luzearen lehen metroetan, Urdaibaik beste bi segundo handitu zuen aldea, eta hor hasi zen bideratzen garaipena. Zierbena bederatzi segundora zegoen, eta Donostiarra, hamahirura. Hurrengo metroetan abantaila hori egonkortu zuen. Gozatu egin zuten Iker Zabalarenek.

Azken luzea Ama Guadalupekoa-ri zortzi segundo aterata hasi zuen Bermeoko ontziak. Nahieran aritu zen azken txanpa horretan, ahalmen guztia ateraz. Hondarribiak, bitartean, bigarren postua sendotu zuen. Ez zuen nahi bezperan Sestaon gertatutakoa errepikatzea eta Zierbenak aurrea hartzea. Bizkaitarrek, berriz, ez zuten arazorik hirugarren postuari eusteko. Donostiarrak, haatik, ezin zuen hobetu bigarren txandan Oriok egindako denbora. Azkenerako, Urdaibairen denbora 19.46,02 izan zen. Zortzi segundo atera zizkion Hondarribiari, hamalau Zierbenari, eta 24 Donostiarrari.

Orioren estropada ona

Bigarren txandan, lehia estua espero zen ligaren sailkapenaren erdialdean dauden ontzien artean. Azkenean, Orio izan zen nagusi, nabarmen. Estropadako sailkapen nagusian laugarren izan zen. Sasoiko estropadarik biribilena egin zuten mirotz-ek, eta, aurreko asteburu txarraren ostean, konfiantza berreskuratzeko moduan dira.

Dena den, bigarren txanda horretan, Getariak sartu zuen branka aurretik hasieran, baina Orio ia parean zen. Ondarroa eta Cabo, berriz, apur bat atzera geratu ziren, ontzi batera. Oso lehia estua egon zen Gipuzkoako bi ontzien artean, lehen luze osoan. Baina lehen ziabogara bi segundoren aldea zuela iritsi zen Orio: 4.53ko denbora egin zuen.

Alde horri eutsi egin zion Oriok bueltan, eta, Getaria poparean ondo moldatzen dela aintzat harturik, aldeari eustea albiste ona zen oriotarrentzat. Handitu ere egin zuen gero —bost segundora—, bi ontziko aldea lortuta. Behar zuen halako estropada bat Oriok. Getaria sei segundora iritsi zen bigarren ziabogan, eta Cabo, atzetik aurrera eginda, bederatzira. Gerturatu egin zitzaion Esperantza-ri. Ondarroa, berriz 11ra iritsi zen.

Hirugarren ziabogan erabat hautsi zuen estropada Oriok, beste lau ontziei hamar segundo baino gehiago ateraz. Bikoiztu egin zuen aldea Getariarekiko: hamabi segundora. Esperantza-k atzera begira jarri behar izan zuen. Cabo bi segundora gerturatu zitzaion.

Orio sendo zebilen. Txanda amaitzeko 800 metro falta zirela, Cabok aurrea hartu zion Getariari. Oriok ondo biribildu zuen bere lana, 20.03,76ko denbora eginez. Hamazazpi segundora iritsi zen azkenerako Cabo, eta Getaria galiziarrengandik hamar ehunenera. Ondarroak, berriz, txandako garaileak baino 30 segundo gehiago behar izan zituen estropada osatzeko.

Beheko postuei begira, bi gauza geratu ziren argi: Kaikuk arnasa gehiago hartu duela, eta Meira dela ligako ontzirik ahulena. Galiziarrek atzo ere azken bukatu zuten. Santurtziren eta Ondarroaren arteko lehiak, berriz, bete-betean jarraitzen du. Santurtzik puntu bat atera zion atzo.

Kaikuk hasi eta buka menderatu zuen txanda. Lehen ziabogan, 4.53ko denborarekin, bi segundo atera zizkion Santutziri, lau Isuntzari eta hamabi Meirari. Bigarrenluzean, lehia estua izan zuten Santurtzik eta Isuntzak, eta Kaikuk abantaila handiagoa zuen: bost segundo. Meirak 22 segundoren atzerapena zuen lan erdietan.

Kaikuk berean jarraitu zuen, eta hurrengo bi luzeetan ere bere nagusitasuna erakutsi zuen. Tanda 20.14,30eko denborarekin irabazi zuen. Bigarren Isuntza izan zen, sei segundora. Santurtzi zazpira ailegatu zen, eta azkena, Meira, 45era.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.