Giro hau aurreneko itzuli handia du Georg Steinhauserrek (Education First), baina haren pedalkadei ez darie nekerik. Kontrara, indar betean iritsi da alemaniarra lasterketaren azken txanpara. Sekulako maila erakutsi zuen igandean, Livignon bukatu zen etapa nagusian: ihesaldian sartu, eta hirugarren izan zen helmugan, Tadej Pogacar (UAE) ahalguztidunaren eta Nairo Quintana (Movistar) iheskidearen atzetik. Hori aski ez, eta garaipena lortu du gaur Broconeko tontorrean. Aldagai guztiak alde izan ditu Steinhauserrek. Lehenik, tropeletik une egokian ateratzen asmatu du. Zenbait saiakera egin ditu, egoskor. Eta gero, indar handia erakutsi du Broconen. Birritan igo dute mendate hori, eta bietan nabarmendu da alemaniar gaztea: bakarrik gelditu da lehen igoeran, eta abentura arrakastaz biribildu du gero. Lehen garaipena du profesionaletan.
Pogacarren baimena izan du Steinhauserrek. Giroko liderra oso bukaeran mugitu da, beste faboritoak oldartzen hasi zaizkionean. Aurrez, ez du imintziorik txikiena ere egin, eta haren taldeak ere lasai jardun du. Etekina atera ziezaiokeen aurkarien taldeek egunean zehar egin duten lanari, baina tropela mantsotu egin da etaparen azken zatian. Pogacar ez da kexatu. Ez zuen beste garaipen baten goserik. Horren ordez, segundo gehiago harramazkatu ditu bukaeran eraso eginda. Daniel Felipe Martinezi (Bora) 7.42 ateratzen dio jada, eta 8.04 Geraint Thomasi (Ineos). Antonio Tiberiren (Bahrain) atzetik helmugaratu dira gaur, liderrarekin hemezortzi segundo galduta. Ben O’Connorrek (Decathlon) ezin izan die haiei eutsi, eta urrundu egin zaio Thomasen esku dagoen hirugarren postua: 1.43ra dauka orain.
Bukatu bezala abiatu dute etapa: maldan gora, Sellako tontorrera bidean. Saiakera ugari izan da han tropeletik alde egiteko, eta ihesaldia ez da guztiz finkatu hurrengo mendatera iritsi diren arte. Rollen hamar lagun elkartu dira; haien artean ziren Steinhauser garailea, Julian Alaphilippe (Soudal) geldigaitza, Nairo Quintana (Movistar) eta Damiano Caruso (Bahrain) beteranoak, Giulio Pellizzari (Bardiani) hasiberria, eta Amanuel Ghebreigzbahier (Lidl) eta Nicola Conci (Alpecin) ehiztari saiatuak. Atzetik aurrera egiten saiatu dira beste batzuk, baina ez dute biderik egin. Baretu egin da egoera, eta UAEk hartu du gidaritza tropelean. Albiste ona zen iheslarientzat, Pogacarren taldeak ez baitzuen erritmoa estutzeko asmorik.
Haatik, jazarpenari ekin dio DSM taldeak, bezperan Movistarrek nola. Romain Bardeten aukerak jorratu nahi zituzten. Azkar murriztu dute aurrekoen abantaila, eta harrapatu egin dituzte Gobberan gora. Lema askatu egin du orduan DSMk, eta beste ahalegin bat egitea erabaki du Ghebreigzbahierrek. Steinhauserrek ere ihes egin du berriz ere. Biak elkarrekin iritsi dira Broconeko lehen igoerara. Tropelak gertutik zaindu ditu, tiraka hasi baita berriro DSM. Soudalek ere lagundu du tarteka, baita Bahrainek ere. Garaipena zuten jomugan. Ordea, Pogacar gurpilean izanik, erritmoa jartzea baino zentzuzkoagoa zen urrundik eraso egitea.
Ineosek tira, Pogacarrek jo
Steinhauser erraz zihoan, eta Ghebreigzbahier atzean utzi du Brocon gainera hurbiltzen ari zirela. Gailurrean 20 segundo atera dizkio bidaideari, eta bi minutu tropelari. Aldeak handitzera egin du jaitsieran, baita Broconeko azken igoeran ere. Erritmoari bikain eutsi dio alemaniarrak, bere estiloan; hots, bizikleta gainean asko makurtuta. Ghebreigzbahier makurrarazi egin du, eta tropela ere aparte zeukan: hiru minutura, bost kilometroren faltan. Alabaina, faboritoen ekinaldia falta zen oraindik. Ineosek erritmo gogorra jarri du, eta O’Connor sufritzen hasi da. Hiru kilometro geratzen ziren helmugarako. Erasoa jo du berehala Martinezek. Aise erantzun du Pogacarrek, eta erraztasun berarekin atzeratu ditu aurkari denak.
Steinhauser, ordea, ez du harrapatu; garailea baino 1.24 geroago iritsi da. Hirugarren Tiberi izan da, 1.41era. Italiarrarekin batera helmugaratu dira Thomas, Martinez, Einer Rubio (Movistar) eta Bardet, hurrenkera horretan. O’Connorrek, berriz, 2.23ko atzerapena izan du. Biharko eguna lasai hartuko dute hautagaiek, etapa laua jokatuko baita Fiera di Primiero eta Padova artean.