Spiess eta Fohn nagusitu dira Europako Sega Txapelketan

Alaitz Imaz (10) eta Julen Gabirondo (13) izan dira aurreneko euskal herritarrak.Lehiaz gain, kultura trukaketa ere izan da Azpeitian

Azpeitia
2015eko irailaren 1a
00:00
Entzun
«Azti, prest, motz!». Agindu horietara aritu ziren Europako segalari onenak Loiolako zelaietan, herenegun. Bero sargoria izan arren, jende ugari bildu zen, horrelako saioetara gerturatzen ez den ikusle asko tartean. Segalariek, horren jakitun, ahal zuten guztia eman zuten, baina Georg Spiess hegotiroldarra eta Margrit Fohn suitzarra gailendu ziren, faboritoei aurrea hartuta. Aurreneko euskal herritarrak Julen Gabirondo eta Alaitz Imaz izan ziren, 13. eta 10. postuetan.

Austria, Hego Tirol, Alemania, Suitza, Eslovenia eta Euskal Herriko kirolariak bildu ziren, eta gizonezkoen proba izan zen aurrena. Sei segalariko txandetan aritu ziren —herrialde bakoitzeko bat—, eta zozketan egokitutako 100 metro koadroak azkar eta txukun ebakitzen saiatu ziren. Baina beroak eta eguzki kiskalgarriak ez zuten lagundu. Belarra lehor, sega zorrozteko geldialditxoa egin zuten askok, eta emaitzetan nabaritu zen hori. Dena den, epaileen zigorrek baldintzatu zuten azken emaitza.

Bazkalondoan aritu ziren emakumezkoak, berriz. 35 metro koadro ebaki zituzten, eta, goizean baino ikusle gutxiago bazen ere, ikusgarritasun handiko lehia jokatu zuten. Bertaratuek gozatu egin zuten, eta kirolariek ere bai, animo faltarik ez baitzen izan. Baina garrantzizkoena falta zen oraindik: emaitza. 18:30ean jakin ziren garaileak, merkatu plazan.

Etenik gabeko festa giroa

Jende ugari bildu zen Hego Tirol eta Suitza bakarka eta taldeka nagusi izan ziren sari banaketara. Euskaldunek, berriz, itxura txukuna eman bazuten ere, ez zuten sari asko jaso. Imazek lortu zuen emaitzarik onena (10.), baina Otamendi (15.), Mazkiaran (16.), Astondoa (17.) eta Galarraga (19.) ez ziren gaizki ibili. Gizonezkoetan, aldiz, Gabirondo izan zen lehen euskalduna (13.), eta atzetik izan zituen Urrutia (18.), Arzelus (19.), Mitxelena (23.), Irazustabarrena (28.), Goenaga (31.), Urkola (34.), Lizartza (44.), Otegi (50.) eta Garmendia (54.).

Sari banaketarekin amaitu behar zuen hiru eguneko festak, baina inork ez zuen etxera joan nahi. Bi urtean behin elkartzen diren lagunek bete zituzten mahaiak, eta hango eta hemengo musikari eta dantzariek girotu zuten festa. Orain, beste bi urtez itxaron beharko dute berriz elkar ikusteko: 2017an Suitzan jokatuko dute hurrengo europako txapelketa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.