Ibai Zabalak (Berriz, Bizkaia, 1987) ondo daki zein den entrenamendu onen sekretua. «Mikel [Urrutikoetxea] irabazlea da, irabaztea gustatzen zaio, eta ni xaxatzen saiatzen naiz. Entrenamendu batean nire aurka partidatxoren bat galtzen badu, badaki bizpahiru asterako matraka eta adarjotzea duela, eta horregatik ematen du bere onena». Berrizko atzelariak umorea sobera du, baina harro dago Urrutik bera aukeratu duelako txapelketa prestatzeko, askotan gogorra den arren. «Lau eta erdian zenbat jokatzen duen ikusi, nola errestatzen duen, nola mugitzen den... joan antzarak ferratzera! esateko gogoa izan dut askotan».
Pilotarien prestaketa asko teknifikatu da azken urteetan, eta harrigarria izan daiteke Urrutikoetxeak Zabalarekin prestatzea lau eta erdikoa. Zabalak ez du inoiz jokatu Lehen Mailako lau eta erdikoa, baina birritan jokatu du Bigarren Mailakoa, 2008an eta 2009an, eta ez zen final-laurdenetara iritsi. Txapelketa honetan, halere, bost lan saio berezitu egin dituzte elkarrekin —Urrutik beste bat egin zuen Lasorekin—. «2015ean lau eta erdiko txapeldun izan zenean, nirekin entrenatu zen; Nafarroako lau eta erdikoa irabazi zuenean ere bai, eta aurten ere berak eskatu zidan laguntza. 'Nik, Zabalarekin', esaten du, eta pozten naiz».
Baina zergatik? Zabalak bere ustea du: «Nik badakit beste aurrelari batek, Laso batek-edo, entrenamendu kalitate hobea eman diezaiokeela, baina nik aspalditik ezagutzen dut Mikel: hurbiltasuna dugu. Hurbiltasun horri esker, xehetasunak komentatu ditzakegu, eta badakit ez dituela txarrera hartuko. Horrez gain, sakatzaile eta errestatzaile ona naiz, eta hori ere garrantzitsua da». Urrutikoetxeak, izan ere, entzun egiten dio. «Pablo Berasaluzek zuzentzen du entrenamendua. Hark daki gehien, hark irakatsi dio gehien Mikeli, eta, hura badago, ni bigarren mailan gelditzen naiz. Baina zerbaitegatik ezin bada agertu, une horretan beste pilotari multzo bat entrenatzen ari delako, badu konfiantza niri kasu egiteko».
Entrenamendu normalak egiten dituzte, batez ere partidak, 22 tantora. Sakea tartekatzen dute, edo Zabalak birritan sakatzen du eta Urrutikoetxeak behin. «Lehia orekatzeko erabakiak dira. Nik gehiagotan sakatzen badut, bera gehiago estutzeko ahalmena dut, eta horrek bere onena ematera behartzen du». Zabala, gainera, zuzentzen saiatzen da, bere esperientzian oinarriturik. «Orain dagoen mailan gutxi esan behar zaio, ia dena ondo egiten du. Hanka horiekin, erresto hori... Ikaragarri dago. Azken zuzenketa sakearen inguruan egin nion; nik uste dut bortitzago sakatu dezakeela, baina Mikelek sakerako jarrera naturala du. Aurten norabidea hobeto eman dio sakeari».
Zabala pozik dago laguna goian ikusita. «Bilakaera harrigarri baten fruitua da. Inor gutxik daki zenbat ordu sartu zituen entrenatzen: fisikoa, teknikoa...». Urruti da faborito iganderako, eta Zabalak ere hala uste du: «oso zaila da hari irabaztea; nik ez diot zulorik ikusten». Hala ere, garbi du ez dela lasaitu behar. «Hori esan diot nik, jendeari kasu ez egiteko. Askok faborito dela esan arren, partida oso-oso zaila duela jakin dezala. Altuna artista da, eta, sakea hartzen badu, min handia egin diezaioke. Mikelek hori badakiela esaten dit, eta sinesten diot. Pertsona argia da».
'Sparring'-a baino gehiago
2015ean lau eta erdiko txapeldun izan zenean bezala, Mikel Urrutikoetxeak Ibai Zabala izan du lagun entrenamenduetan aurten ere. Atzelaria da, eta ez espezialista, baina konfiantza du harengan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu