Epailea: Teixeira Vitienes. Txartel horia: Realeko Iñigo Martinez, Xabi Prieto eta Pardori; eta Malagako Angeleri eta Sergio Sanchezi.Bestelakoak: 25.265 ikusle Anoeta estadioan.
Realak eta Malagak ontzat jo zuten Anoetako berdinketa, bi taldeen jokoari zerbait gehiago falta izan zitzaiolako irabazteko. Txuri-urdinei freskotasuna eta argitasuna, batik bat. Bisitariei, berriz, grina eta kalitatea. Oreka mantentzearekin eta antolaketa egokiarekin ordaindu zuten puntua ondorioz.
Txapeldunen Ligan aritzearen zama damarate bizkar gainean gipuzkoarrek. Nekeak buruari eta zangoei eragiten die, eta neurketa bakoitza prestatzeko tartea laburtzeak hainbat eta hainbat desorekatu ditu. Egoera berri guztiei neurria hartzen jakin behar, eta horrek denbora eskatzen du. Lyonen aurkako kanporaketan ikaragarri gozatu zuten txuri-urdinek, gutxitan ez bezala, baina horrek berak gehiegizko aurreikuspenak piztu zituen, eta lurrera bueltatzea komeni da lehenbailehen.
Fisikoki lan handia egin zuten Jagoba Arrasaterenek. Ukaezina da hori. Hala ere, emozionalki gailurra jo izanaren biharamunak utzi du arrastorik nabarmenena aldagela barruan entrenatzaileak berak behin baino gehiagotan onartu duenez. Barneratzen ari dira non dauden eta nondik jo behar duten. Realaren tamainako taldeentzat ez da sekula lan samurra izan eguneroko lanak eta Europakoak kolpetik lotu eta beti maila gorena ematea. Zer esanik ez lesioen erruz jokalari multzoaren gehiengoa sasoiko ez dagoenean. Ez da aitzakia, pisuzko arrazoia baizik, gipuzkoarren jokoaren edozein alderdi aztertzeko ezinbestekoa, gainera.
Malagari aurre egiteko Agirretxe, Jose Angel, Carlos Martinez eta Chory Castro sartu zituen Arrasatek hasierako taldean. Moldaketa aipagarriak, orain artekoan ez dute-eta ia modurik izan euren balioa frogatzeko. Aurreneko hirurak min hartuta egon dira puska batez; uruguaitarrari, aldiz, itzal handia egin dio Griezmannek. Erritmo falta antzeman zitzaien laurei, eta beste askori, berriz, alaitasun falta. Joan den denboraldian, zoriontasunaren olatua hartu zuenean, baloi lapurreta bakoitzaren ondoren min egin zion kontrarioari. Aurrena estu hartuz, kontraerasora jokatuz gero, bizkor, zehatz eta zorrotz. Geldiezinak izan ziren txuri-urdinak.
Azkenaldian ez da gertatzen horrelakorik. Bai Xakhtarrek eta bai Malagak huts egin zuten behin baino gehiagotan baloi irteeran, baina Realak ez zuen izan abiadurarik espazioak sortzeko garaian. Denbora kontua izango da lan tresna horiek zorroztea. Bitartean, aukera apurrak gauzatzen ahalegindu, eta ahalik eta erraztasun gutxien eman beharko ditu atzealdean.
Vela da taldeko izarra, Realak duen futbolaririk desorekagarriena. Inork baino hobeto daki hori Arrasatek, eta horregatik egingo du beti haren alde. Itzali egin den arren, asmatu ezinik badabil ere —neurketa traketsa jokatu zuen atzo—, sinesgarritasun handia lortu du, ia agorrezina. Haren abiadura eta kalitatea ez ziren azaldu inoiz, ordea; Castro eta Agirretxe ere ez ziren askorik sartu jokoan; eta Xabi Prietok hartu zuen ardura osoa erasoan. Lan betea egin zuen. Behin eta berriz agertu zen, maisutasunez. Goleko bi pase eman zituen, biak bigarren zatian. Bata ez zuen baliatu Agirretxek, Caballero atezainaren aurrean bakarrik geratuta. Bestea, berriz, Seferovicek bota zuen kanpora, buruz erremate negargarria eginda. Abagune argiak izan ziren biak.
Santacruzen abiadura
Malagak gora egin zuen bigarren zatian, Santacruz aurrelariaren irteerarekin. Realaren urduritasunaz jabetu zen, eta zirikatzeari ekin zion. Lehia ireki egin zen; zelaia zabaldu. Benetan min egiteko baloi egokiak izan zituen area inguruan, baina jenioa falta izan zitzaion. Denboraldia hasiz geroztik, zortzi partida jokatu ditu Realak, eta bostetan ez du jaso golik. Badaki sendoa izaten. Irabazteko, berriz, sormen lerroko jokalariak noiz bizituko zain egon beharko du. Lehorra ari da izaten erasoko jokoa —hiru partida daramatza golik sartu ezinik—. Gauzarik onena da orain arteko neurketa guztietan borrokatu dela. Izaera badauka taldeak; sasoiko jartzea falta zaio orain.
REALA 0. MALAGA 0
Sormenean, erabat lehor
Aukera gutxiko neurketa izan da Realaren eta Malagaren artekoa, eta bi taldeen merituak aztertuta, legezkoa izan da emaitzaReala ez dago sasoi betean; erasoko jokoari jarraitutasuna eta bizitasuna falta zaizkio
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu