TXIRRINDULARITZA

Solerren garaipen pendularra eta O’Connorren defentsa duina

Kataluniarrak irabazi du Covadongan, ihesaldian atzetik aurrera eginda. Ion Izagirre ere saiatu da; bosgarren egin du. O’Connorrek bost segundo eskasengatik eutsi dio lidergoari. Mas, Carapaz eta Roglic izan dira faboritorik onenak. Landa, erasokor.

Marc Soler, behe laino artean garaipena ospatzen. JAVIER LIZON / EFE
Marc Soler, behe laino artean garaipena ospatzen. JAVIER LIZON / EFE
enaut agirrebengoa
2024ko irailaren 3a
19:20
Entzun

Penduluak jarritako erritmoan lehiatzen da Marc Soler (UAE). Batzuetan atzean gelditzen ari dela dirudi, baina, halako batean, aurrera itzuli, eta erasora jotzen du. Era berean, miresmena eta gaitzespena eragiten dituen txirrindularia da: bizikleta gainean keinu txarrak eta erakustaldi handiak txandakatzen ditu. Vueltan, berriz, zaleak erakartzen ari da, uxatu beharrean. Gaur bosgarrenez sartu da ihesaldian, eta garaipenak ez dio ihes egin. Vueltan irabaztea beti da gauza handia, eta zer esanik ez helmuga Covadongako aintziretan badago. Bere-berea duen eran gailendu da Soler: atzean gelditzen hasi da azken igoeran, baina suspertu egin da gero. Hainbeste, ezen aurkari guztiak gainditu baititu. Filippo Zana (Jayco) eta Max Poole (DSM) izan ditu atzetik.

Aurtengo Vuelta pagotxa ari da izaten ihesaldientzat. Dagoeneko zortzi iritsi dira helmugara. Ion Izagirrek (Cofidis) aukera baliatu nahi izan du, baina garaipenaren lehiatik at geratu da Covadongan. Halere, bosgarren bukatu du. Helmuga zeharkatu duen lehen faboritoa, berriz, Enric Mas (Movistar) izan da, bederatzigarren postuan, 3.54ko atzerapenarekin. Hura izan da gehien ahalegindu den hautagaia. Itxuraldatuta dabil Vueltan. Halere, ezin izan du Primoz Roglic azpiratu (Red Bull-Bora). Esloveniarra maillot gorria soineratzear izan da gaur, baina bost segundo falta izan zaizkio O’Connorri (Decathlon) lidergoa kentzeko. Ohore handiz borrokatu da australiarra, eta ondo merezita eutsi dio nagusiko lehen postuari. 11 etapa daramatza jada sailkapenaren buruan.

Ihesaldia osatzeko betiko borrokaren ondoren, hamazazpi txirrindulariko multzo bat nabarmendu da etaparen hastapenean. Bi euskaldun izan dira tartean: Ion Izagirre (Cofidis) eta Oier Lazkano (Movistar). Ormaiztegiarra garaipenetik gertu izan zen 11. etapan, eta berriro saiatu da. Bestalde, Enric Mas tropelean izanik, zubi lana egiteko ardura izan zezakeen Lazkanok. UAE taldean, berriz, etapa garaipena zuten jomugan, eta aurrean sartu dituzte Soler, Jay Vine eta Isaac Del Toro. Poole, Zana eta Matthew Riccitello eta Marco Frigo ere (Israel) aintzat hartu beharreko txirrindulariak ziren Covadongako bukaerara begira.

Wout van Aert (Visma), ordea, ezin zen azken mendatearen zain gelditu. Bazekien hala eginez gero bera baino igotzaile hobeak zeudela iheslarien artean. Horrenbestez, eraso egin du Fitoko begiratokitik igaro ondoren, artean 100 kilometro luze gelditzen zirela. 25 kilometroren ostean amaitu da flandriarraren abentura bakartia. Eta, gero, ezbeharra izan du Llomenako jaitsiera arriskutsuan. Etaparen hasieran ere kolpea hartu du, baina dezentez minduago gelditu da bigarren aldian. Hainbeste, lasterketa utzi behar izan baitu. Hiru garaipen lortuta hartu du etxerako bidea. Vuelta bukatu izan balu, berea izango zukeen erregulartasunaren maillota. Mendiko sailkapenean ere lehen postuan zegoen.

Movistarren ekinaldia

Jaitsierak bakarrik ez; Llomenako igoerak ere eman du zeresana. Izan ere, tropelean lurrikara eragin du Movistarrek. Ausardiaz eta anbizioz jokatu du: aurkariei urrundik egin nahi zien min. Masi erasoa prestatu diote tropeleko taldekideek, eta, hori gutxi balitz bezala, Lazkanok hanka altxatu du ihesaldian. Arabarra pieza estrategikoa izan da faboritoen joko taulan. Haatik, ez du aparteko eraginik izan, Masek ez baitu lortu aurkariak atzean uzterik. Erritmoz aldatu du gailurretik lau kilometrora, baina azkar hartu diote gurpila. Landa ere jolaserako gogoz agertu da. Azkenean, apaldu egin da sua, eta kontrola berrezartzen saiatu da O’Connor liderra. Mendate gainean, sei minutuko atzerapena zuen tropelak: igoera hastean baino hiru minutu gutxiago.

Covadongan, ordea, liderrak ezin izan dio eutsi aurkarien erritmoari, Masek zatirik gogorrenean eraso egin ondoren. Lehenago Landa oldartu da, baina harrapatu egin dute, baita atzean utzi ere. Arabarrak ordaindu egin du ahalegina. Halere, hamar segundo eskas galdu ditu Mas, Roglic eta Richard Carapazekin (Education First), gaur indartsuenak izan diren hiru oilarrekin. Mas gogotik saiatu da Roglic atzean uzten, baina esloveniarrak eutsi egin dio. Modu defentsiboan lehiatu da gaur lasterketa irabazteko faborito nagusia. Bost segundora du orain lidergoa; Masek, berriz, 1.25era, eta Carapazek, 1.46ra. Landak bosgarren jarraitzen du, 2.18ra.

Haiek helmugara iristerako, etapa erabakita zegoen jada. Solerrek 4,5 kilometroren faltan jo du eraso erabakigarria. Poole eta Zana indartsuago zeudela zirudien, baina kataluniarra geldiezina izan da lainopean, mendate mitikoaren azken zatian. Ihesaldiak arrakasta izan du beste behin, eta gauza bera gerta liteke bihar, Arnuero eta Santander artean jokatuko den etapan. Esprinterako aukera ere egon liteke, betiere tropelak lasterketa kontrolatzeko borondatea eta indarra badauka.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.