Denboraldia ordezko aurrelari gisa hasi zuen Kike Solak beste behin, baina, hasierako hamaikakoetan Joseba Llorenteren lekukoa hartu orduko, golak sartuz erantzun zuen Cascanteko aurrelariak. Hobetu beharreko gauza asko ditu oraindik, baina sasoitik sasoira hobeto ari da, eta ez dago ukatzerik une honetan Osasunako aurrelaririk onena dela. Sei gol sartu ditu denboraldi honetan, eta hark sartu du taldean gol gehien —Armenterosek eta Ninok hiru gol sartu dituzte—. Gainera, Solak golen bat sartu duenean Osasunak ez du partidarik galdu, eta haren golek Osasunari hamalau puntu eman dizkiotela esan daiteke. Gorabehera handiko jokalaria izanagatik, badirudi sasoi honetan hainbeste falta izan zaion erregulartasuna aurkitu duela Solak.
2007ko ekainean Jose Angel Zigandaren eskutik estreinako aldiz lehen taldearekin jokatu zuenean, mundu guztia zur eta lur utzi zuen. Betisen zelaian 0-5 irabazi zuten gorritxoek, eta Solak bi gol egin zituen. Gol ikusgarriak izan ziren, gainera, aurrelari onenek sinatzeko modukoak. Zigandak pazientzia eskatu zuen, ordea. Larraintzarko entrenatzaileak bazekien gorabehera handiak izaten zituela Solak. Bigarren taldean Mikel Arruabarrenaren ordezkoa zen —Eibarren ari da orain aurrelari tolosarra—, eta onena eta txarrena egiteko gai zela bazekiten Osasunako harrobiko arduradunek. Solak dohainbereziak zituela begibistakoa zen, dena dela. Gorputz ikaragarria du, errematatzaile ona da buruz zein eskuin oinarekin, eta mugimendu onak egiten badaki. Horregatik, erremateak egiteko ona zen burua beste gauza batzuetarako ez zen hain ona. Gauzak okertzen hasten zitzaizkionean buruari buelta gehiegi ematen zizkion Solak, esaterako. Larritu egiten zen, bere burua estutzen zuen, eta ez zuen asmatzen bere dohainak baliatzen.
Psikologo batekin lanean
Psikologo baten laguntza behar zuela erabaki zuten klubean, eta jokalariak asko eskertu zuen laguntza hori. «Askotan buruari buelta gehiegi ematen nizkion, eta ezin izaten nuen nire futbola erakutsi. Psikologoak asko lagundu dit, lasaitu egin nau, burua sendo izaten erakutsi dit, eta gero eta hobeto ikusten dut neure burua entrenamenduetan», aitortu zion BERRIAri 2008an aurrelari nafarrak.
Hala ere, bere estreinako partidan erakutsitako balioa berretsi ezinda jarraitzen zuen lehen taldean. Bigarren denboraldian hamabi aldiz soilik aritu zen hasieratik, eta hiru gol besterik ez zuen sartu. Eta hirugarren sasoian zazpi partidatan soilik aritu zen hasieratik, eta golik ez zuen sartu. Jose Antonio Camachorekin sasoi hasiera guztietan ordezkoen aulkian edo deialdietatik kanpo egotera ohitu zen.
Etxean ematen ez zizkioten aukeren bila kanpora joatea erabaki zuen 2009-2010eko denboraldian. Numantziara joan zen utzita, baina Soriako (Espainia) taldean ere ez zuen bere maila erakutsi ahal izan. Espainiako Bigarren Mailan arrakasta lortu ezin eta urte berean Greziako Ligara joatea erabaki zuen. Levadiakos taldera joan zen, Greziako maila nagusian jaitsiera saihesteko borrokan zebilen taldera. Eta Grezian ondo hasi zen: lehen partidetan gol garrantzitsuak sartu zituen. Baina lesio bat tarteko, jokatzeari utzi zion Grezian ere, eta sasoi amaieran jokatu gabe eta taldea Bigarren Mailarako bidean utzita itzuli zen Iruñera.
2010-2011ko denboraldian ere ez zuen aintzat hartzen Camachok, baina Osasunako zuzendaritzak entrenatzaile espainiarraren ordez Jose Luis Mendilibar fitxatu zuenean argia agertu zen Solaren etorkizun ilunean. Sasoiko azken txanpan, taldea mailari eusteko borrokan ari zela, Solaren aldeko apustua egin zuen entrenatzaile zaldibartarrak, eta hamabi partida hasieratik jokatuta zazpi gol egin zituen. Hain zuzen ere, zazpi golekoa da Solaren marka onena Lehen Mailan. Taldeak Lehen Mailan jarraitzeko, ezinbestekoa izan zen Solaren ekarpena, eta amaitzear zuen kontratua berritu zion klubak, 2014ko ekainaren 30era arte. Bazirudien behingoz bere bihotzeko klubean arrakasta lortuko zuela Solak.
2011-2012ko denboraldian, ordea, lesioek ilundu egin zuten berriz Solaren etorkizuna. Sei partidatan soilik jokatu zuen hasieratik, eta gol bakar bat ere ez zuen sartu. Taldeak sasoi bikaina egin zuen, eta Solaren golekin inor ez zen gogoratu, dena dela. Ibrahima Balde, Dejan Lekic, Javad Nekunam eta Raul Garcia arduratu ziren golak sartzeaz. Eta bazirudien Sola inoiz ez zela gai izango Patxi Irigibel eta Ziganda aurrelari historikoen lekukoa hartzeko. Zaleek behingoz aurrelari nafar golegile bat izateko aukera imajinatu zutenean, Solari bizkarra eman zion zorteak.
Sasoi hau ere ordezko gisa hasi zuen. Joseba Llorente zen Mendilibarren apustua. Baina golei esker, tokia berreskuratu du. Lehen itzulian Mallorcaren aurka lortu zuen sasoiko lehen gola; banakoarekin amaitu zen partida. Espanyolen zelaian lortutako garaipen garrantzitsuan (0-3) bigarrena sartu zuen Solak. Rayoren aurkako 1-0ekoan ere harena izan zen gorritxoen gol bakarra. Getaferen zelaian lortutako banakoan ere bai. Deportivori irabazitako partidan lehendabiziko gola sartu zuen (2-1), eta azken jardunaldian Solak hirugarren minutuan buruz egindako gol dotorea nahikoa izan zen Zaragoza menderatzeko (1-0). Sei gol, lau partida irabazi eta bi berdintzeko.
Solak dauka gola
Osasunako aurrelariak sei gol sartu ditu jada sasoi honetan, eta hark sartu du taldean gol gehien; bi falta ditu bere marka ontzekoAurrelariak denboraldi honetan golen bat sartu duenean Iruñeko taldeak ez du galdu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu