Soka lepoan, baina bizirik

Portugalete azken aurreko lekuan da hasieratik San Miguel ligan, eta ez jaisteko kanporaketa jokatuko du hilabete barru. Angel Gomez entrenatzaileak onartua du egoera, eta itxaropenari eusten dio, gainera.

Portugaleteko trainerua ziaboga emateko prestatzen, sasoi honetako San Miguel Ligan Orion jokaturiko estropadan. GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS.
Aitor Manterola Garate.
2015eko abuztuaren 20a
00:00
Entzun
San Miguel liga hastear zela, lehiaketari begirako aurreikuspenetan, zalantza handienak atzeko multzokoen traineruen ingurukoak ziren. Ez zegoen garbi zein ibiliko ziren zuloan. Meira aipatzen zen iragarpen askotan talde txarrena bezala, baina aurrekoa zein izango zuen aipatzean zalantzak ziren nagusi. Ligak aurreneko hiruzpalau estropada jokatu orduko, nabarmen geratu zen Meira bai, Meira izango zela azkena ia beti, eta Portugaletek bete beharko zuela azken-aurrenaren lekua. Ez da egoera aldatu harrezkero.

Portugalete honek ez du batere zerikusirik aurreko urtekoekin. Goian ibiltzeko egitasmoa zeukana zuloan dago orain. Taldea ia erabat berritu behar izan zuen aurreko udazkenean, eta emaitzak, bistan dira, ez dira onak izaten ari. Angel Gomez (Pedreña, Espainia, 1977) da entrenatzailea, eta lehen urtea du klubean. Uda hasieran, ez zuen azaldu nahi izan bere taldea non ikusten zuen, eta,esan zuenez, gauzak aurrera joan ahala argituko ziren kontuak. Ilundu egin zaizkio argitu baino gehiago, eta onartu egin du egoera: «Ez zaizkigu gauzak atera guk nahi genuen bezala, eta oso garbi dugu kanporaketa jokatu beharko dugula ez jaisteko, hilabete barru».

Nahiko bitxia ari da izaten taldearen bilakaera negutik hona. Prestakuntzaren aurreneko zatian, traineru jaitsierak jokatzen diren garai horretan, maila bikaina eman zuen Portugaletek. Onenen pare ibili izan zen ia jaitsiera guztietan. Ezustetzat hartuak izan ziren halako emaitza onak, taldea ia berria delako. Baina udaberrian eta uda hasieran, erabat irauli zitzaion egoera; desagertu egin zen neguko talde distiratsu hura. Zuria beltz bihurtu izan balitz bezala. Eta, orain, zuloan dago, neguan agertu zuen mailatik urrun.

Gomezek ez du azaldu nahi izan zerk eragin duen hain maila kaskarra ematea: «Denboraldiaren amaieran aztertu beharko dugu guztia, eta orduan aterako ditugu ondorioak». Bitartean, badaki zer egin behar duen taldeak: «Animoari eutsi behar diogu, eta horretan bikain ari da taldea. Sekulako lana egiten dabil, amore eman gabe, eta horrela jarraitu behar dugu hilabete honetan». Aspalditxotik dabil kanporaketa prestatzen. Beharko ibili, egoerak hala behartuta.

Ari da aztertzen kanporaketa horretan aurkari izango dituen taldeak, eta ez dago batere lasai: «Maila bikaina ari dira ematen, eta gauzak oso ondo egin beharko ditugu haien aurretik ibiltzeko. Oso garbi daukat berdindua egongo dela kanporaketa, eta inor ez dela nagusituko hamabost segundoko aldearekin».

«Hobeto ari gara orain»

Luzera begira jarri behar horretan, kanporaketako lehen estropada dauka begiz jota: Bermeokoa. Itsas zabalekoa. «Eguraldia ez da ona izaten garai horretan, itsasoa mugitua egoten da, eta, ikusirik itsasoan ibiltzeko patroirik ez genuela, Lur Uribarren ekarri dugu berriki». Egin ditu patroi berriak estropada pare bat, eta Gomezek lasaitua hartu duela onartu du: «Eman digu behar genuen zerbait itsasoko estropadetan. Lasaiago dago orain taldea harekin, eta ekarpen ona egin digu. Balekoa izaten ari da Lurren lana».

Sailkapenaren atzealdean ibilita, ez da erraza izaten gauza onak nabarmentzea. Gomezek, baina, antzeman dio hobekuntza taldeari azkenaldian: «Estropadetan fisikoki hobeto irauten ari gara orain». Itxaropenari estropada zehatz bat jartze aldera, Zarauzko aurrenekoa aipatu du: «Denboraldiko onenetakoa izan zen guretzat, nahiz eta azkeneko luzean arraunketa galdu genuen, presaren presaz arraun egiteagatik, baina itxura ona eman zuen taldeak. Ikusi genuen gai garela lan ona egiteko, eta horretan segi behar dugu».

Hobekuntza horri heldu beharko dio hemendik aurrerako lana taxuzkoa izateko. Atzean dabilen taldearentzat edozein pizgarri izaten baita balekoa. Abuztuarekin batera bukatuko zaie liga lau azkeneko lau sailkatuei. Gero, Kontxako sailkatze estropada izango dute. Baina Portugaleteren aurtengo Kontxa kanporaketak dira, eta horko alegiazko bandera luke preziatuena. Soka lepoan dauka, eta estu samar gainera, baina bizirik dago oraindik. Hilabete barru ikusiko da sokak itoko duen edo ez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.