Soka eten ez dadin

Gaztedik urrezko bi domina irabazi zituen martxoan Txinan jokatutako lur gaineko Munduko Sokatira Txapelketan. Laukizko taldea oso errotua dago herrian, eta inguruko herrietara ere zabaldu du sokatirarekiko zaletasuna. Taldeko tiralariek irailean dute hurrengo erronka, Hegoafrikan: han jokatuko da lur gaineko Munduko Txapelketa.

Jon Iñaki Mardaras, Nerea Egurrola, Itziar Ansoleaga eta Jose Ignacio Goirigolzarri. ARITZ LOIOLA / FOKU.
ainara arratibel gascon
Laukiz
2018ko maiatzaren 1a
00:00
Entzun
«Batasuna eta elkartasuna: horiek dira sokatira talde batek arrakasta izateko gakoak». Jose Antonio Goirigolzarri Laukizko (Bizkaia) Gaztedi taldeko tiralari beteranoaren hitzek ondo baino hobeto laburbildu dute klubak sorreratik izan duen filosofia. Sokari tiraka ari direnean ez ezik, kluba sentitzeko eta kudeatzeko orduan ere oso presente dituzte bi balio horiek. Guztiek jartzen dute beren alea Gaztediren soka eten ez dadin, eta inoiz baino tinkoago dago. Horren adierazle dira martxoan Txinan jokatutako goma gaineko Munduko Txapelketan eskuratutako hiru dominak: emakumezkoen 500 eta 540 kiloko mailetan urrezko bi, eta gizonezkoen 560 kiloko mailan zilarrezko bat.

Esteban Urkiaga Lauaxeta poetaren jaioterria izateagatik ez ezik, Gaztedi sokatira taldea bertan errotua egoteagatik ere ezaguna da Laukiz. Herriko ikurretako bat da, haren lorpenek —80 dominatik gora dituzte irabaziak hainbat txapelketatan— bost kontinenteetara eraman baitute Laukizen izena.

Gaztediren jarduna oso presente dago herriaren egunerokoan, eta alderantziz. Frontoira joanez gero, bertan daude entrenatzeko erabiltzen dituzten poleak eta sokak. Bestalde, udaberrian eta udan ohikoa izaten da tiralariak kalean entrenatzen ikustea. «Gazteak eta umeak gu entrenatzen ikustera etortzen dira. Hori da harrobia sortzeko dugun modurik onena. Hau da gure Lezama», dio Goirigolzarrik. Gainera, lortu dute sokatirarekiko zaletasuna inguruko herrietara ere zabaltzea: «Gizonezkoetan eta emakumezkoetan talde bana ateratzea zaila zen urteetan ere eutsi egin genion, eta hori erabakigarria izan da. Belaunaldiz belaunaldi zaletasun hori helarazten jakin da», esan du Itziar Ansoleaga tiralariak.

Horri esker,goman eta lur gainean gizonezkoen eta emakumezkoen taldeak izatea lortu dute. Horretarako bere garaian klubak egindako apustua gogorarazi du Nerea Egurrola tiralariak. «Neskak erakartzea beti izan da zaila, batez ere lur gainekora. Hori dela eta,erabaki zen mutilen lur gaineko talde bat sakrifikatu eta misto bat ateratzea, taldean zeuden neskek jarrai zezaten». Egungo emakumeen taldea apustu horren emaitza da.

Emakumeen meritua nabarmendu dute Goirigolzarrik eta Jon Iñaki Mardaras entrenatzaileak. Egoera zein den azaldu du Egurrolak: «Goman badaude taldeak, eta neguan eta udazkenean baditugu txapelketak. Lur gainean, ordea, ez. Beraz, nazioarteko txapelketetan baino ezin gara lehiatu. Hilabeteak ematen ditugu soilik entrenatzen, eta oso zaila da lehiatu gabe nazioarteko txapelketa bati heltzea».

Emakumeak lurrean lehia daitezen, Euskal Herriko txapelketetan talde mistoak ere ateratzen dituzte. «Horrela, txandaka, aukera dute horietan parte hartu eta nazioarteko txapelketetara sasoi onean iristeko», azaldu du Mardarasek. «Baina ez da gauza bera, gizonek indar handiagoa baitute, eta, beraz, haien soka kolpea desberdina baita. Hortaz, zalantza horrekin joaten zara». Azken urteetan, oso neska gazte gutxi hasi dira klubean, eta hori aldatzea da haien nahia. «Goman bakarra hasi da, eta lur gainean, bakar bat ere ez». Gizonetan ez dute halako arazorik, eta hiru talde ateratzeko moduan dira. Neskak erakartze aldera, Txinan lortutako bi urreak bultzada bat izatea espero dute.

Euskadiko Txapelketan Badaiotzek irabazi zienez, Txinan ez zuten halako lorpenik espero, Ansoleagak onartu duenez:«Tiralari batzuk min hartuta egon ziren txapelketa baino lehen, eta Iñakik ezin izan zuen gurekin etorri. Beraz, nahiko galduta joan ginen». Baina lehen tiraldi oso onak egin zituzten, eta horrek konfiantza eman zien: «Eroso sentitu ginen. Emakumeen Egunean dominak lortzea oso berezia izan zen. Niretzat lehen dominak izan ziren, gainera. Hainbeste urteren ostean, ametsa izan zen». Orain, irailean dute jarria arreta, Hegoafrikan lur gaineko Munduko Txapelketa jokatuko baita. Domina gehiago lor ditzaketela uste dute. «Txinan posible izan bazen, Hegoafrikan ere bai».

Gastuei eutsiz

Bi txapelketak hain urruti izateak ahalegin ekonomiko handia eskatu die. Izan ere, 90.000 euroko aurrekontua du klubak, eta 75.000 euro inguruko gastua dute bidaietan. «Beharbada, tiralariek beren poltsikotik jarri beharko dute dirua bidaiaren zati bat ordaintzeko», azaldu du Goirigolzarrik. Tiralariak ez dira kexu.«Orain arte, doan bidaiatu izan dugu. Beraz, ez da ezer geratzen», kontsolatu da Egurrola. Familia bat dira: «Senideek, ahal duten guztietan, gurekin bidaiatzen dute. Oporraldiak horren arabera antolatzen ditugu tiralariek», azaldu du Ansoleagak.Joaten ez direnek herritik ikusten dituzte txapelketak. «Txinako tiraldiak ikustea oso berezia izan zen. Goizaldean elkartzen ginen, eta Internetez ikusten genituen», gogoratu du Mardarasek.

Aurrekontuko beste 15.000 euroekin, gainontzeko gastuei heldu behar diete. «Orain, Txinan lehiatu ginen gomaren modukoa erosi dugu. 2.000 euro gastatu ditugu». Bidaiez gain, goma gainean erabiltzen dituzten zapatilak kautxuberritzea da gastu handiena eragiten dieten beste gauzetako bat: 3.000 euro inguru. Elizondora (Nafarroa) eramaten dituzte: «Tiralari bakoitzak sasoiko sei bat zapatila erabiltzen ditugu. Zapatila pare bakoitza kautxuberritzeak 20 euro balio du», esan du Ansoleagak. Batzuetan, oso azkar apurtzen dira.

Lurrean, botak erabiltzen dituzte: «Botek asko balio dute, 150euro inguru. Baina asko irauten dute. Zola aldatu besterik ez dugu egin behar izaten», argitu du Egurrolak.Taldeko kide batek hori egiten ikasi zuen, eta hura arduratzen da.

Hegoafrikako txapelketa igaro ostean, 2020an Getxon jokatuko den Munduko Txapelketari begira jarriko dira. «Gure kirolarentzat bultzada handia izan daiteke», uste dute laurek. Erakundeei baliabideak eskatu dizkiete: «Baina, batez ere, aitortza eskatzen diegu», dio Goirigolzarrik.

Ofizialtasunak lagundu egin diela uste du. «Orain, emaitzak lortu behar dira». Koska bat falta zaie onen artean egoteko. «Goma gainean, nazio moduan, hirugarren izan ginen Txinan». Dena den,Ansoleagak gogorarazi du Basque Country ordezkatuz klubak doazela. «Euskadiko txapelketa irabazten duena doa Basque Countryren izenean, eta, nahi badu, aukera du beste taldeetatik tiralariren bat hautatzeko. Selekzio gisa entrenatzeko eta lehiatzeko modua izango bagenu, emaitzak hobeak izango ziren».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.