Soka are gehiago tenkatu da

Garaik azaldu du COVID-19ak eragindako egoerari egokitu behar izan dutela. Jakinarazi duenez, astelehenean da biltzekoa pilotari taldearekin, baina haiek mobilizazioak iragarriko dituzte gaur

Jose Ramon Garai Baikoko zuzendari nagusia, azalpenak ematen, atzo Bilbon emandako prentsaurrekoan. GORKA RUBIO / FOKU.
Julen Etxeberria.
Bilbo
2020ko urriaren 2a
00:00
Entzun
Egunek aurrera egin ahala, gero eta tenkatuagoa dago soka Baiko eta haren pilotarien artean. Jose Ramon Garai Baikoko kirol zuzendariak lehen aldiz hitz egin zuen atzo, eta enpresak esandakoari eutsi zion: «COVID-19aren pandemiak eragindako egoera ekonomiko txarrari egokitu behar» izan dutela azken erabakiak hartzean. Halere, «hitz egiteko prest» azaldu zen, eta, horretarako, jakinarazi zuen astelehenean asmoa zuela pilotari taldearen ordezkaritza batekin biltzeko. «Nire sakelakoaren zenbakia dute. Azken egunetan haietako batzuekin hitz egin dut».

Auzia konpontzeko bidean aurrerapauso bat zirudien bi aldeak elkartzeak, baina Garairen agerraldia amaitu eta gutxira zabaldu zen Baikoko pilotari talde horrek agerraldia egingo duela gaur goizeko hamaiketan, Bilbon, ELA sindikatuaren egoitzan, «datozen egunetan egingo dituzten mobilizazioen berri emateko».

Pilotariek duela bi aste pasatxo Tolosako (Gipuzkoa) Beotibar pilotalekuan egin zuten agerraldian argi utzi zuten enpresak azkenaldian izandako jarrera aldatu ezean, mobilizazioren bat egiteko prest zeudela. Astebete geroago, berriz, ohar batean salatu zuten enpresak ez ziela ezer esan egindako eskaerez, eta Garairen jarrerak, «aldatu beharrean, orain arteko bide autoritario beretik» segitzen zuela. Unai Lasori kontratua ez berritzea salatu zuten ere. Horregatik, laguntza eskatu zieten erakunde publikoei. Hiru egun geroago, berriro salatu zuten enpresaren «isiltasuna». Babesa ere eskaini zioten enpresatik kanpo geratu berri zen Jon Mariezkurrenari. Bada, nahikoa dela uste dute, eta neurri gogorragoak hartzeko prest dira. Gaur jakinaraziko dute zeintzuk izango diren.

Horren berririk ez zuen Garaik prentsaurrekoa eman zuenean. Lehen agerraldia zuen hura buru duen enpresako pilotari gehienek euren salaketa ezagutarazi zutenetik. Baikoko kirol zuzendariak hasieratik utzi nahi izan zuen argi zergatik hartu dituzten azkeneko erabakiak. «Ikusle kopuruaren mugek eta jaialdietan hartu behar izan diren osasun neurriek eragin handia izan dute pilota profesionalaren ustiapenean, eta, zehazki, gure erakundean. Baiko Pilota zenbaki negatiboetan dago, galerak ditu». Hainbat datu eman zituen COVID-19aren pandemiaren ondorio ekonomikoak azaltzeko: «%48 jaialdi gutxiago egin dira aurten, eta %45 sarrera gutxiago saldu. Gure aurreikuspenen arabera, denboraldian diru sarrerak % 35 eta % 40 artean murriztuko dira, sasoi arrunt batekin alderatuta. Eta gure aurreikuspena da ere egoera ez dela itzuliko COVID-19ren aurreko egoerara bi urte igaro arte. Horren ondorioz, baliteke aurreko urteko aldi berarekin alderatuta diru sarrerak udan lortutakoak baino portzentaje handiagoan jaistea: %28,44. Eta hori, osasun neurriak murriztaileagoak ez badira eta edukiera are gehiago murriztu behar ez bada». Baina Garairen arabera, egoerari «aurre egin» diezaiokete, «pilotariek euren soldatak murrizten badituzte [%20 arte jaistea eskatu diete pilotariei eta beste langileei] eta ikusleak frontoietara joaten badira». Horren harira, azpimarratu zuen Baikoko pilotariek«lan baldintza duinak» dituztela, euren «jardunarekin bat» datozen soldatak kobratzen dituztela, eta «goi mailako kirolari batek behar dituen kirol laguntzak» jasotzen dituztela. Baina zehaztu zuen Baikok 150 langile dituela, eta horietatik %30 direla pilotariak. Jarraian, jakinarazi zuen sustapen faseko kontratua duten pilotariek batez beste 25.484 euro gordin jasotzen dituztela urtean, eta beste pilotariek batez beste 91.733 euro urtean. «Baikok ez du inor kanporatu, eta langile guztiek %100 jaso dute udan. Zein beste kirol taldek edo erakundek esan dezake hori?».

Taldeak berritzearen alde

Garaik oso argi utzi nahi izan zituen Baikoren kirol oinarriak. «Kirol profesionalak pilotari taldeak berritu behar ditu. Publikoak erreferente eta pizgarri berriak behar ditu frontoietara joateko, aurpegi berriak behar ditu. Pilotari berriek debuta egin dezaten, beste batzuek tokia utzi behar dute. Azken hori funtsezkoa da kirol profesionalerako; oinarrietako bat da. Kirol bakoitzak arnasa hartzen jarraitu ahal izateko behar duen oxigenoa da. Horrela,kirol profesionaleko enpresek, eta Baiko Pilotak ere, pilotari jakin batzuei aukera emateaz arduratu behar dute, pilotari gazteak arlo profesionalera sar daitezen. Hori saihetsezina da, gustatu ala ez. Baiko Pilotak orain artean egin du, eta egiten jarraituko du».

«Oinarri horiei eutsita» hartu ditu Baikok azkeneko kirol erabakiak. Garaik berritu ez duten pilotarien kasuak aztertu zituen: Iñaki Etxegoinek, berak erabaki zuen uztea; Iker Arretxeri eta Victor Estebani kirol arrazoiengatik ez zieten berritu kontratua; Iosu Eskirozi, kontratu berri bat eskaini zioten ekainaren 5ean, baina, denbora luzez ez zienez ezer esan, eta egoera ekonomikoak okerrera egin zuenez, eskaintza erretiratu zioten; Unai Lasori, berriz, zeukan kontratuaren antzeko bat eskaini zioten, eta hark %28 gehiago eskatu zuen, eta ez zioten onartu; Jon Mariezkurrenarekin, azkenik, urte hasieran hasi ziren hizketan, eta zeukan kontratuaren bikoitza eskaini zioten, baina ez zuen onartu, eta gero, egoerak behartuta beste eskaintza bat egin zioten, zeukanaren antzekoa, eta ez zuen onartu. «26 urtetik behera dituzten pilotari guztiei eskaini diegu jarraitzea. Ez duenak jarraitu, berak hala nahi izan duelako ez du jarraitu. Zer dago horren atzean? Zergatik ez du jarraitu nahi pilotari gazte batek jokatzen? Nik ez dakit. Zilegi da gehiago irabazi nahi izatea, baina dugun egoera kontuan hartu behar da. Baikok ez du COVID-19a ekarri».

Jarraituko ez duten pilotariek bueltatzeko atea irekia duten galdetuta, Garaik esan zuen pilotari multzoa «itxita» dagoela. «22 pilotari ditugu, tartean azken bi fitxaketak: Iker Larrazabal eta Iker Elizegi».

Pilotariek leporatutako «tratu eta jarrera txarrez» galdetuta,Baikoko buruak esan zuen ez duela bere burua islatuta ikusten hitz horietan. «Betikoa naiz. Pilotari horietako ia guztiekin akordioak lortu eta eskua emandakoa naiz».

Azkenik, Ander Imazi elkartasuna adierazi zion, Jon Mariezkurrenak Imazi leporatu eta gero informazioa filtratu izana. «Ez da egia, eta oso minduta gaude ikusita nola zapaldu den Imazen irudia. Onartezina da. Langile profesional eta zintzoa da. Urte askoan ariko da Baikon. Lan egingo dugu haren irudia garbitu eta merezi duena izan dadin».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.