Frantziako Tourra

Skyrena da Tourra

Geraint Thomasek irabazi du Frantziako Tourra. Chris Froome Parisko podiumean izango da. Tom Dumoulinek irabazi du Lapurdiko erlojupekoa

Skyrena da Tourra.
2018ko uztailaren 29a
00:00
Entzun
«Inoiz baino sasoi hobean nago». Musean handira hordago jo aurretik, erabakia behar bezala pentsatu behar izaten da. Nork bere kartekin jokatu behar du ahalik eta zuhurren. Geraint Thomasek (Sky) ez zuen inor engainatu nahi izan Tour bezperan eginiko adierazpenetan. Gaur, Parisen, Thomasek hamargarren egunez jantziko du elastiko horia, Tourrari hamarreko amaiera emateko. Frantziako Tourra irabazi duen lehen galestarra izango da; are gehiago, itzuli handi batean gailentzen den aurrena da. Berak, gainera, lehen hamar postuetan amaitzen duen hiru asteko aurreneko itzulia ere badu. Parisko podiumean ezker-eskuin izango ditu Tom Dumoulin (Sunweb) eta Chris Froome taldekidea. Skyk Tourrean erakutsi duen nagusitasunaren ispilu da podiumean izango duen bikotea. Britainiako taldeak erreskadan irabazten duen laugarren Tourra da.

Thomasek alde zituen estatistikak, Senpere eta Ezpeleta arteko erlojupekoari ekiterako. Tourraren historian, inor ez da gai izan azken erlojupekoan 2.05 minutu liderrari jateko. Ikusmin handiagoa zuen podiumerako postuen borrokak. Izan ere, Tourra bakarkako lanarekin amaitu den azken hamabi aldietatik seitan, aldaketaren bat egon da podiumeko postuetan. Tom Dumoulinek (Sunweb), Primoz Roglicek (Lotto Jumbo) eta Chris Froomek (Sky) asko zuten jokoan, beraz. Dumoulin erlojupeko munduko txapeldunaren eta Roglic txapeldunordearen artean hemeretzi segundoren aldea zegoen. Bistakoa zen txapeldunarentzat ibilbidea oso aproposa zela; ez zirudien, beraz, arazorik izango zuenik. Roglicen eta Froomeren artean, ordea, hamahiru segundo soilik zeuden. Herenegun, Pirinioetako azken etapan, esloveniarrak erakustaldia eman zuen maldan gora nahiz behera. Froomek, aldiz, igoeretan gabeziak erakutsi zituen. Denboraldian zehar jazarpen probetan emandako mailan ere, Roglic zen ziurtasun handiagoa ematen zuena. Apustuek Roglicen aldeko joera zuten nabarmen; baina txirrindularitzan nekez dira bi gehi bi lau.

Uztaritzeko lehen mugarrian nabarmen gelditu zen ez zela Roglicen eguna. Froomekiko 30 segundo ari zen galtzen, eta Dumoulinekiko, 28. Ordurako, Froomek kendua zion hirugarren postua. Bigarren mugarrian zuloa hazi egin zen: 49 eta 47 segundoko tartea. Bien bitartean, Thomas erlojuari astindu ederrak ari zen ematen. Galestarrak indar erakustaldi handia eman zuen bigarren mugarrira bitartean, bederen. Tourreko hirugarren garaipena lortuko zuela zirudien. Handik helmugara, Dumoulin izan zen nagusi. Pinudietako igoeran gora eta behera, 29 segundo atera zizkion Thomasi. Galestarrak, itxura batean, ez zuen arriskatu nahi izan azken jaitsieran. Dumoulinek Froomen denbora gainditu behar zuen irabaztekotan. Makina bat tentsio eta emozio egon zen Dumoulin helmugaratu zenean. Izan ere, Froomen denborarekin akatsen bat izan zen. Dumoulinek berak ere irabazi zuela ez zuen sinisten kasik. Amaiera «zoratzeko modukoa» izan zen. Roglicen gainbeherak, berriz, ez zuen etenik izan, eta Dumoulinekiko 1.12ra helmugaratu zen. Podiumean lekua galdu izanagatik, esloveniarra «harro» agertu zen eginiko Tourrarekin.

Mikel Landak (Movistar) lan kaskarra egin zuen. Suitzako Itzuliko erlojupekoan ez zen aritu espero zen mailan, eta argi gorria piztu zen. Murgiako igotzaile finak beste behin erakutsi zuen ez dela ongi moldatzen bakarkako lanean. Ondorioz, seigarren postua kendu zion Romain Bardetek (Ag2r). Ezpeletako helmugan, lehen euskal txirrindularia Jonathan Castroviejo (Sky) izan zen. Haren atzetik sailkatu zen Ion Izagirre (Bahrain). Dumoulinekiko 1.31 eta 1.41 minutu galdu zituzten. Denbora luzez, Michael Hepburnena (Mitchelton) izan zen denborarik onena. Marc Solerrek (Movistar), ordea, erakutsi zuen ibilbidea ez zela espezialista peto-petoentzat. Kataluniako txirrindulariak azken mugarrian hamazazpi segundo galdu bazituen ere, helmugan denbora hobetu zuen bost ehunenekogatik. Kilometro horietan kokatuta zegoen Pinudietako igoera tentea izan zen horren errudun. Soren Kragh Andersenek (Sunweb) aurrena, eta Michal Kwiatkowskik (Sky) ondoren, hobetu zuten Solerren marka. Bazirudien Ilnur Zakarinek (Katuxa) egingo zuela denborarik onena. Errusiako txirrindulariak, ordea, Pinudietako muinoaren txanponaren beste aldea ikusi zuen. Azken mugarrian hamar segundo alde izatetik, helmugan hamabi galtzera pasatu zen. Horrenbestez, Kwiatkowskik egonaldi luze samarra egin zuen garaileen aulkitxoan; taldeburuak iritsi ziren arte.

Daniel Martin (UAE) izan zen eguneko beste irabazlea. Irlandarrak eginiko ahalegina saritu zuen Frantziako Tourrak, aurtengo txirrindularirik borrokalarienaren saria emanda.

Gaur, Parisko esprinta

Esprinterrentzako hain preziatua den Parisko etapa jokatuko dute gaur. Ospakizunez betetako etapa lauaz eta lasaiaz gozatu ostean, lanerako prest izango dira, besteak beste, Arnaud Demare (FDJ), Alexander Kristoff (UAE) eta Peter Sagan. Etapa arratsaldeko zazpiak inguruan amaituko dela espero da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.