Txirrindularitza. Espainiako Vuelta

Sky garaile; Peter Kenaugh lehen liderra

Berdintasun osoz hasi da 2016ko Espainiako Vuelta, Skyk soilik ehunenekoengatik irabazi baitu taldekako erlojuaren aurkako proba

Skyko txirrindulariak podiumean, atzo, garaipenaz gozatzen. JAVIER LIZON / EFE.
2016ko abuztuaren 21a
00:00
Entzun
Uste baino gogorragoa izan zen Espainiako Vueltako taldekako erlojuaren aurkakoa, Ourensen (Galizia) Balneario de Laias eta Castrelo de Miño artean atzo egin zena. Gogorra eta berdindua. Gogorra, amaiera aldera zegoen aldaparen ondorioz talde guztiak bost edo sei txirrindularirekin iritsi zirelako helmugara —Giant izan ezik, guztiekin heldu baitzen—; eta berdindua, Sky eta Movistar denbora berean iritsi zirelako helmugara. Ehunenekoen aldeagatik irabazi zuen Skyk, eta Peter Kenaugh abiatuko da elastiko gorriarekin gaurko etapan.

Lehen egunetik lider jarri da Chris Froomeren taldea, baina denbora berean dauka aurkari nagusia, Nairo Quintana (Movistar). Alberto Contador (Tinkoff), berriz, faboritoetatik kaltetuena izan zen, 52 segundora iritsi baitziren bera eta taldekideak. Esteban Chavesen Orica izan zen hirugarren, sei segundora, eta zazpira BMC. Estatu Batuetako taldeak egin zuen denborarik onena bigarren tarteko erreferentzian, baina goiz geratu ziren bost txirrindularirekin, eta amaieran ordaindu egin zuten hori. Beste hautagaien artean, Jumbok eta Steven Kruijswick liderrak seigarren amaitu zuten, 28 segundora. Talderik kaltetuenetariko bat Astana izan zen. Hasi eta berehala Miguel Angel Lopez kolonbiar gazteak arazo mekanikoak izan zituen, eta talde osoak bere zain geratu behar izan zuen. Azkenean, 58 segundora iritsi ziren.

Bestalde, Caja Rural taldeari nabaritu zitzaion ez dela haientzako modalitaterik aproposena: hemezortzigarren amaitu zuten, minutu eta 36 segundora.

Gaurko etapa, berriz, esprintean amaituko da, txirrindulari azkarrenek dituzten aukera apurrenetako bat ez baitute galdu nahiko. 160,8 kilometroko etapa da, Ourense eta Baiona tartean egingo dutena. Vueltako lehen mendatea igo beharko dute, hirugarren mailako Alto de Montefria, baina helmugatik urruti dago. Halere, tropelak lasterketa kontrolatzeko arazoak izan ditzake, bi koskatxo baitaude amaiera aldean. Azkena, helmugatik hamar kilometrora.

Mendiaren zain

Atzoko probaren eta hemeretzigarren etapako 37 kilometroko erlojuaren aurkako etapa lauaren ondorioz, diferentziak egingo dira sailkapen nagusian, baina Vuelta mendian erabakiko da, urtero bezala. Era guztietako etapa menditsuak ditu aurtengoak. Guztira hamabi izango dira, eta aldapa gora hamar aldiz amaituko dute txirrindulariek. Orotara, 51 mendi puntuagarri igaroko dituzte Madrilgo helmuga pasatu aurretik.

Aldapen zain ez dira askoan egongo, gainera, bihar Mirador de Ezaro gogorra igo beharko baitute etapa amaieran. 1,8 kilometroko igoeratxoa da, baina %13,8ko pendiza du, batez beste. Biharamunean ere goian amaituko dute, baina bigarren mailako Mirador de Veixian gora. Lehen azterketa serioa zortzigarrenean iritsiko da: etaparen %95 laua den arren, lehen mailako Alto de la Camperonan amaituko dute txirrindulariek. 8,5 kilometroko igoera da, eta %7,4ko pendiza du batez beste; hasiera xamurrago baten ondoren %20 inguruko aldapak ditu azken kilometroetan.

Lehen atseden eguna abuztuaren 30ean izango da; aurreko eta ondorengo bi egunetan, ordea, lanak izango dituzte. Hamargarren etapak 188,7 kilometroko luzeera izango du, eta bi mendate igoko dituzte: lehen mailako alto del Mirador del Fito lehenik, eta maila bereziko Lagos de Covadonga ospetsua amaitzeko. 12,2 kilometroko eta batez besteko %7,2ko aldapa gogorra da. Atseden egunaren ondoren, bestalde, Peña Cabargan amaituko da etapa. Etapa nahiko laua da, eta azken igoera motza, baina gogorra da: 5,6 kilometro %9,8ko pendizarekin.

Etaparik gogorrena hamalaugarren etapan iritsiko zaie txirrindulariei. Tour itxurakoa da, lehen mailako hiru mendate igaro ondoren Aubisque maila berezikoan amaituko baita. Azken mendateak 16,5 kilometroko luzeera du, eta %7,1eko batez besteko pendiza. Hurrengo egunean eta hamazazpigarren etapan ere goian amaituko dute, baina zailtasunik handiena 20. etapan iritsiko zaie. Azken lasterketa eguna izango da —aitzin-etapa ospatzeko izan ohi da—, eta aurreko egunean erlojuaren aurkakoa dute txirrindulariek. Bigarren mailako lau mendate igo beharko dituzte, eta maila bereziko Alto de Aitanan amaitu. Oso igoera luzea da: 21 kilometro ditu, %5,9an.

Aurten, hiru egunez pasatuko da Euskal Herritik. 12. etapa Bilbon amaituko da —2011n Igor Antonek (D.Data) irabazi zuen amaiera bera—, eta biharamunean Bilbo eta Urdazubi artean ariko dira txirrindulariak, ibilbide oso gogorrean. Azkenik, hamalaugarrena Urdazubitik aterako da, Pirinioen bila.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.