Partidak jokatzeaz gain, Sadarren ingelesa ikasten du Alejandro Catenak (Mostoles, Espainia, 1994). Osasunak klaseak eskaintzen dizkie jokalariei, eta Catena lezioa bukatu berritan iritsi da hitzordura. Ekonomia ikasketak ingelesez egin zituen, baina ez du aski horrekin. «Solteago sentitu nahi dut atzerrira bidaiatzen dudanean». Euskara ikasteko aukera ere badute jokalari gorritxoek. «Ederra litzateke, baina oraingoz, aski dut ingelesarekin. Norbaiten laguntza beharko dut elkarrizketa irakurtzeko».
Egutegi trinkoa eduki duzue orain arte. Ongi etorri zaizue geldialdia?
Uste dut beharrezkoa zela, partida asko jokatu baititugu denboraldia hasi zenetik. Eta Europan dabiltzan taldeek are premia handiagoa izango zuten. Fisikoki oso hasiera exijentea izan da. Horrez gain, gelditzeak aukera ematen dizu non zauden ikusteko.
Nola ikusi duzu taldea lehen bederatzi jardunaldietan?
Ongi, emaitza eta sentsazio aldetik. Udan aldaketa handia izan genuen, Jagoba [Arrasate] joan ostean, eta uste dut taldeak oso ongi erantzun duela. Entrenatzaile berria ere ederki egokitu da. Denbora behar dugu teknikariak eskatzen diguna zelaian guztiz islatzeko, baina uste dut ondo ari garela moldatzen, eta horren erakusgarri dira orain arte batu ditugun hamabost puntuak.
Oso deigarria da: etxean lau garaipen lortu duzue, baina bakar bat ere ez etxetik kanpo. Zein da horren arrazoia?
Etxetik kanpoko emaitzak ez dira guztiz txarrak izan. Kontuan izan behar da Getafen eta Valentzia jokatzea oso zaila dela. Vallecasen, berriz, lehen zati egokia egin genuen, baina Rayoren golak min handia egin zigun. Eta Gironakoa katastrofea izan zen. Ez da ohikoa Osasuna horren gaizki lehiatzea, eta aurrerantzean ere ez da ohikoa izango. Garbi dago Sadarren hobeto ari garela, eta arrazoia zaleen babesa izan daiteke.
Alde handia dago teknikari gisa Arrasateren eta Vicente Morenoren artean?
Joko aldetik, uste dut oraindik goiz dela azterketa sakon bat egiteko. Agian, Vicente jokoa atzeragotik saiatzen da sortzen. Bestelakoan, antz handia dute. Jagobarekin ere, arrisku handia sortzen genuen hegaletatik iritsi eta erdiraketak eginez, eta zelai erdian bigarren jokaldiak irabazita. Aurkariari presio egiteko moduan, ordea, desberdintasun batzuk egon daitezke.
«Vicentek [Moreno] asmatu egin du jokalariengana iristeko moduarekin. Pixkanaka hurbildu zaio bakoitzari»
Erdiko atzelari gisa, zertan aldatu da zure zeregina?
Jagobarekin, inguruan genuen aurkaria hartzen genuen erreferentzia gisa; orain, ordea, eremuak ari gara defendatzen, gertu dugun aurkaria aintzat hartuz, noski. Defentsiboki, hori aldatu da gehienbat.
Talde barruan nola hartu zenuten Arrasate joatea?
Eragin handia izan zuen gugan. Ni iritsi berria nintzen Osasunara, baina jokalari askok urteak zeramaten Jagobarekin, eta ez zen erraza izan. Jagoba oso pertsona maitatua izan da hemen, eta ikusi besterik ez dago Mallorcaren aurkako partidan nola hartu zuen mundu guztiak. Hala ere, bukatu zen aro hori, eta orain, oso gustura gaude Vicenterekin. Asmatu egin du jokalariengana iristeko moduarekin. Pixkanaka hurbildu zaio bakoitzari. Giro oso osasuntsua dugu taldean, eta horretaz berehala jabetu da. Pertsona naturala eta gertukoa da, Jagoba bezalaxe.
Fitxatuak ere ongi eta azkar egokitu dira. Atzeko lerroan, adibidez, Boyomo iritsi orduko hasi da nabarmentzen.
Debut aparta izan zuen, bai, eta oso ondo jarraitu du. Egia esan, maila ona dugu erdiko atzelariok: Enzok berak, Jorgek [Herrando], Unaik [Garcia] eta neronek. Bakoitzak ezaugarri ezberdinak ditu, eta uste dut hori ona dela. Elkarren osagarri gara zelaian. Enzo, adibidez, oso ondo moldatzen da zelai zabalean defendatzen.
Bigarren denboraldia duzu Osasunan. Orain artekoaz zer laburpen egingo zenuke?
Denetarik izan dut. Lehen denboraldia ez zen onena izan. Ez nuen nire benetako maila erakutsi. Ordea, sinetsita nago: lesioek errespetatzen banaute, denboraldi honetan benetako Catena agertuko da. Pozik egon nahi dut taldeari egiten diodan ekarpenarekin, eta zaleek ere hori sentitzea gustatuko litzaidake.
Sadarren txistu batzuk ere entzun zenituen iragan sasoian. Halako momentuak nola bizi izan zenituen?
Kritikak gure lanaren parte dira. Batzuetan min egin ahal dizute, baina iaz egoera naturaltasunez eramaten saiatu nintzen. Jokalariok beti aritu nahi dugu ondo, gorabeherarik gabe, baina oso arraroa da hori gertatzea. Gauzak okertzen direnean, lasai egon behar duzu, eta lanean jarraitu. Nik urte dezente daramat psikologo batekin lan egiten, eta, iragan denboraldian, funtsezko sostengua izan zen. Zelaian ondo aritzeko, burua da garrantzitsuena.
«Psikologoa funtsezko sostengua izan zen niretzat iragan sasoian. Zelaian ondo aritzeko, burua da garrantzitsuena»
Zer moduz egokitu zara Iruñeko bizimodura?
Hiri polita eta erosoa da. Madrildarra naizenez, txikia da niretzat. Horrek ez du zertan txarra izan: egunerokoa lasaiagoa da. Madrilen aisialdi aukera gehiago duzu, baina hemen gertuago zaude naturatik. Horrez gain, jendea oso begirunetsua da. Beti errespetatu naute; okerren jokatu dudanetan ere bai. Halaber, deigarria egin zait jendeak Osasunari dion atxikimendua.
Osasunarekin 2028ra arte sinatu zenuen. Zer helburu daukazu aurrera begira?
Osasuna uzten dudanean, klubaren barruan eta zaleen artean oroitzapen gozoa utzi nahiko nuke, zelaian eta maila pertsonalean egindako ekarpenarengatik. Eta, horrez gain, Europan barna jokatu nahiko nuke Osasunarekin. Benetan jokatzeaz ari naiz, ez atariko bat jokatzeaz, iaz bezala. Merezi dugu halako esperientzia bat.