Haizeak bizi jotzen du Z7 zelaian, eta bizi azaldu da Emma Ramirez Realeko jokalaria ere elkarrizketara (Cornella de Llobregat, Herrialde Katalanak, 2002). Zelaian den modukoa da hizketan ere: bizi mintzo da, eta gauzak argi esanez. Argitasun horrekin aztertu du talde txuri-urdinak azken neurketetan daraman bolada txarra. Multzoaren batasuna eta gauzak ondo egiteko grina azpimarratu ditu.
Igandean Levanteren aurka galdu eta gero, seigarren partida pilatu zenuten irabazi gabe. Nola zaudete?
Kolpe gogorra izan zen, eta izorratuta gaude, amorratuta. Zaila da bolada txar hau ulertzea eta kudeatzea. Dena den, multzoak ez du irabazteko gogo eta grina hori galdu, eta hori da inportanteena. Helburu berarekin segitzen dugu denek, eta goiko postu horietan segitzen dugu. Sinetsita gaude posible dela oraindik hirugarren geratzea. Lau-bost puntura gaude, eta oraindik puntu asko geratzen dira jokoan. Denboraldi hasieran zortzi jardunaldi falta zirela gauden tokian egongo ginela esan balidate, bitan pentsatu gabe sinatuko nuen.
Aztertuko zenuten zergatik dagoen taldea hain bolada txarrean. Zein izan da ondorioa?
Zaila da jakiten. Taldea ez da aldatu, berdin ari gara jokatzen, eta, egunerokoan ere, lehen bezala segitzen dugu. Arrazoiren bat aipatzekotan, golak sartzeko dugun zailtasuna aipatuko nuke. Baloiaren jabetza daukagu, baina kostatzen ari zaigu aurkariaren atean arriskua sortzea eta gola egitea. Gugan gehiago sinetsita aritu behar dugu aurkariaren ate inguruan: urrutitik gehiago jaurti, erdiraketak daudenean bete-betean joan errematera... Horretan jarri beharko dugu arreta, eta lanean jarraitu.
«Gugan gehiago sinetsita aritu behar dugu aurkariaren ate inguruan: urrutitik gehiago jaurti, erdiraketak daudenean bete-betean joan errematera...»
Eta galdu arren, zer izan da partida hauetan taldeak ondoen egin duena?
Jokatzeko erari eutsi diogula, eta denek argi dugula hori dela bidea. Ez dugu behin ere zalantza egin. Gainera, oso batuta egon gara. Aldagelan ez dut ikusi aurpegi txar bakar bat ere. Uste dut batasun horrek eramango gaituela bolada txar hau gainditzera.
Irabazi ezinik egon zareten sei partida horietatik, zeinek utzi dizu aho zaporerik txarrena?
Hasteko, Deportivoren aurkakoak, Eleneri atera zioten txartel gorria oso eztabaidagarria delako. Horrekin batera igandekoa aipatuko nuke, Levanteren aurkakoa. Uste dut, nahiz eta aukera askorik ez sortu, lehen zatian ondo jokatu genuela. Gainera, aurretik joan ginen atsedenaldira. Bigarren zatiaren hasieratik, ordea, gauzak goitik behera aldatu ziren. Haiek aukerak sortzen hasi ziren, partidaren kontrola galdu genuen, eta azkenerako galdu egin genuen. Ulertezina da.
Partidetako une zailetan, bolada txar horren zama antzematen duzue?
Partidan zehar ez, baina bukaeran bai. Etxera joan eta berriro partida ikusteko ohitura dut, ni nola aritu naizen aztertzeko. Etxekoei ere deitzen diet, kanpoan nola ikusi duten jakiteko. Behin hori ikusita, eta ondorioak aterata, hurrengo erronkan pentsatzen hasten naiz.
Erronka hori ez da nolanahikoa: Atletico Madrilen aurka jokatuko duzue, hirugarren postu preziatu horretan dagoen taldearen aurka.
Oso partida garrantzitsua da, Atletico Madril aurkari zuzena da eta. Bi taldeak ez gaude bolada onean. Partida polita eta lehiatua izango da. Irabaztea bultzada handia litzateke, berriro ere ondo sentitzeko eta etenaren aurretik dugun azken partidari, Real Madrilen aurkakoari, konfiantzaz heltzeko. Gainera, zaleek merezi dute. Izan ere, Zubietan jokatu ditugun azken partidetan ezin izan diegu erakutsi eta eman nahi genuena. Garrantzitsua izango da haien joan-etorriko jokaldiak zaintzea, eta baloia inozoki ez galtzea. Izan ere, Atletico Madril kontraerasora oso bizkor ateratzen da. Baloi jabetza izatea ere funtsezkoa izango da, eta haiek korrika egitera behartzea.
Zuen entrenatzailea, Sanchez Vera, haserre mintzatu zen Levante Badalonaren aurkako partidaren ostean, eta adierazi zuen erreferente izan behar zuten jokalariak ez zirela ari eman behar dutena ematen. Nola hartu zenituzten jokalariek adierazpen horiek?
Apur bat gogorra da teknikariari hori esaten entzutea. Denak gaude minduta bolada txar honengatik. Hitzetatik harago, emaitzek ematen digute min guztioi. Ez dago taldekide bakar bat ere galtzea min ematen ez dionik, eta gogor ari gara lanean hobetzeko.
Europarako ez sailkatu arren, laugarren edo bosgarren amaituta, denboraldia ona litzateke?
Bai. Are gehiago kontuan hartuta aurreko denboraldia nolakoa izan zen. Baina hirugarren tokia hain gertu egonda, ez dugu konformatu nahi. Amaiera arte egon nahi dugu hirugarren postu hori lortzeko borrokan.
Nola ikusten duzu hirugarren postua eskuratzeko lehia?
Estu. Atletico Madril eta Athletic hor daude, baina Granada eta Tenerife ere bikain ari dira. Oraindik elkarren arteko partida asko falta dira. Guk, adibidez, Atletico Madrilen, Granadaren eta Teneriferen aurka jokatu behar dugu oraindik. Dena den, uste dut urrutira begiratu gabe, partidaz partida joan behar dugula, eta bolada txar honetan egoteagatik dugun amorrua energia bihurtu, egoera iraultzeko.
Egoera honetan nor da multzoa lasaitzen duen jokalaria?
Lucia Rodriguez, ziurrenik. Tenple handia dauka. Badaki noiz estutu behar duen, baina baita noiz lasaitu behar duen egoera ere. Oso gauza politak transmititzen dizkigu. Haren estiloa oso gustuko dut.
«Entrenatzailea eta taldekideak ematen ari zaizkidan konfiantzari esker, berriro ere etengabe gora eta behera ari den hegaleko jokalari hori naiz»
Realera etorri zinen lehen aldian denboraldi bikaina egin zenuen. Aurreko sasoian itzuli zinen Donostiara. Lehen aldi hartako jokalaria izatetik gertuago zaudela sentitzen duzu?
Bai. Duela hilabete batzuetatik hobeto ikusten dut neure burua. Aurreko denboraldia, batez ere lehen zatia, oso zaila izan zen niretzat. Bartzelonan apenas jokatu nuen. Asko ikasi nuen horretatik ere, baina konfiantza gutxirekin nengoen. Berriro egokitu behar nuen asteburuero jokatzeak dakarren erritmora, eta Nataliari eta taldeari ezin izan nien merezi zutena eman. Denboraldi honetan gauzak oso bestelakoak izaten ari dira. Entrenatzailea eta taldekideak ematen ari zaizkidan konfiantzari esker, aurrerapauso bat eman dut, eta berriro ere etengabe gora eta behera ari den hegaleko jokalari hori naiz, intentsitate handikoa, eta gol aukerak sortzen dituena. Oso eroso nago, gainera, taldeak duen jokatzeko erarekin.