Sinetsi, eta sinetsarazi

Kasik ez jokatzen hasi, eta, azkenean, buruz buruko finalean da Erik Jaka. Bere nortasunaren eta lanaren fruituak jasotzen ari dela nabarmendu dute Iraitz Olaetxeak, Xabier Tolosak eta Mikel Saizarrek.

Erik Jaka, garaipena ospatzen, larunbatean. ARITZ LOIOLA / FOKU.
jon eskudero
2020ko azaroaren 25a
00:00
Entzun
Ezohiko birus baten ondorioz, buruz buruko txapelketari uko egiteko zorian egon zen Erik Jaka. Grebaren erruz lehiaketa atzeratu izanak eman zion aukera parte hartzeko. Besteak beste, lehen partida jokatu bezperan erabaki zuen txapelketa jokatzea, eta ia gehienentzat ezustean, urteko finalik handienean sartu da. Lagun mina izango du aurkari igandean, Bilbon: Jokin Altuna. Galdu edo irabazi, lizartzarra urteetako lanaren fruituak jasotzen ari dela nabarmendu dute haren inguruko hiru lagunek: Iraitz Olaetxeak, Xabier Tolosak eta Mikel Saizarrek. Haien esanetan, bere buruarengan sinesteagatik iritsi da Jaka lehen lerrora. «Inork ez dio ezer oparitu», nabarmendu dute.

Kasik jaiotzerako ezagutzen du Jaka Olaetxeak, haren kuadrillakoa, herrikidea eta botilero ohia izaki. «Hiru urte zaharragoa naiz ni, baina txikitatik ibili izan gara biok pilotaleku inguruan. Beti pilota eskuan ezagutu izan dut. Kalera, eskolara edo edozein tokitara pilota eramaten zuen beti». Horregatik, galtza zuriak jantzi eta azkar hasi zen nabarmentzen txapelketetan. Ondo gogoan du Tolosak, Aspeko pilotariak. «Ia ezinezkoa izaten zen hura menderatzea. Mutil indartsua zen, ahaltsua, eta ordurako ezker boleaz aho zabalik uzten zituen pilotazaleak». Mikel Saizar lehengusuak ere entzun ohi zuen familian pilotari ona zetorrela Jaka. «Kanpoan harrapatu ninduen haren gaztaroak, Zipreko AEK Larnaca taldean atezain ari bainintzen orduan. Esaten zidaten ona zetorrela lehengusua, baina ez genuen uste hainbesterainoko urrun iritsiko zenik».

Besteak beste, Amezketako Zazpi Iturri elkartean egin zuen profesionalak bitarteko ibilbide osoa, eta haren trantsizio garrantzitsuena ondo ezagutu zuen Tolosak. Izan ere, atzelari postutik aurreko koadroetara igarotzean, Jakak eta Tolosak osatzen zuten bikotea. «16 bat urterekin hasi ginen elkarrekin jokatzen, eta Euskadiko txapeldun izan ginen berehala. Aldaketa handia eginagatik, ikusten zitzaion bazituela dohainak aurrean ondo jokatzeko: gantxoa, ezker bolea, kolpea... Defentsan sufritzen zuen gehien, mugimenduetan. Hala, Aspeko begiraleengan azkar piztu zuen arreta Jakak. Bergaran finala genuen elkarren kontra. Yoldi eta ni ginen, Jaka eta Rezustaren aurka. Ustez , ni ikustera joan ziren begiraleak, baina partida ikusi ondoren, Jaka eta Rezusta igo zituzten profesionaletara. Jakak erakustaldia eman zuen, eta ohartu ginen pilotari handia izan zitekeela onenen artean ere», dio Tolosak.

2013an egin zuen Asperako jauzia lizartzarrak, eta datozen bi urteetan binakako txapeldun izan zen Bigarren Mailan: Rezustarekin 2014an, eta Tolosarekin 2015ean. «Dagoeneko maila horretako pilotarien artean nabarmendu egiten zen, baina sekulako aldea dago orduko Jaka ikusi edo oraingoa. Izugarrizko sinesgarritasuna irabazi du, berme handia ematen du, eta azken hiru urteetan eboluzio handiena izan duen pilotaria da». Ados dago Olaetxea. «Egin duena, beti gora egin izan du. Gogoan dut Donostiako torneoan izan zuela estreinako aukera lehen mailako lehiaketa bat jokatzeko. Ez zuen berea eman, eta ia mundu guztia gainera bota zitzaion, maila horretarako balio ez zuela argudiatuz. Bere horretan lanean jarraitu du Jakak, dohainetan sinesten duelako, eta lanaren emaitzak jasotzen ari da».

Gakoa, nortasuna

Kasualitatetik gutxi du buruz buruko finalerako sailkatu izanak, Olaetxearen esanetan. «Nortasun handiko mutila da, bai pilotalekuan, baita handik kanpo ere. Oso metodikoa da». Saizarrek ongi daki hori. «Haren etxera joan izan naizen gehienetan topatu izan dut ariketak egiten, eta eliteko kirolean oso garrantzitsua da langilea izatea. Elikadurari ere arreta handia jartzen dio, eta detaile guztiak zaintzen ditu». Tolosak ere ezagutzen dio arlo hori enpresako kideari. «Entrenamenduetan ikusi besterik ez dago zer-nolako intentzioa jartzen duen. Gainera, ez zaio gustatzen ezertan galtzea. Hobekuntza perfekzionismo horretatik datorkio».

Besteak beste, bi alorretan egin du gora Jakak: arlo teknikoan eta fisikoan. Teknikoari dagokionez, gaur egungo jokamoldeak mesede egiten diola dio Olaetxeak. «Itsu-itsuan jokatu beharreko estilo hori ezin hobeto datorkio. Inspirazio aparta dauka tantoa bukatzeko; esango nuke horretan lehen mailako pilotaririk onena dela». Ordea, ezer gutxirako balio du horrek arlo fisikoak laguntzen ez badu. «Fisikoki ere gora egin du. Horregatik, txapela janzteko ere aukerak ikusten dizkiot».

Psikologikoki ere indartsua da. Familian jaso dituzten kolpe gogorrek buruz are indartsuago egin dute Aspeko pilotaria, Saizarren esanetan. «Zoritxar dezente bizi izatea tokatu zaio aspaldian. Lesio ugari izan ditu, baina dudarik gabe, txarrena amaren heriotza izan da. Kolpe hark erakutsi dio bizitzan zein gauza diren baloratu beharrekoak, eta orain pilota gozatzeko hartzen duela uste dut». Olaetxeak ere nabaritu dio hori lagunari. «Une txar asko pasatu behar izan du, eta horregatik, beterano bat ematen du kantxan, nahiz eta 26 urte besterik ez izan. Esperientzia txarrek eraman dute emozionalki oso orekatuta egotera; bere buruan kontrol izugarria dauka, eta ondo baino hobeto daki gauza bakoitzak ze garrantzi daukan. Gozatu egiten du pilotan, eta gozatu egiten du pilotaz hizketan. Plazera da harekin hizketan jardutea».

Entrenatzaile lanetan

Entrenatzaile lanetan ere aritzen da Jaka, astean hiru egunez. Bi egunetan Lizartzako haurrekin ibili ohi da ordubetez, eta nagusiagoak entrenatu ohi ditu astean behin. «Eskertzekoa» da haren jarrera, Olaetxeak dioenez. «Soilik frontoian ongi pasatzera joan ohi direnekin ibiltzen da. Besteak beste, pilota gozatzeko tresna moduan ikusten duelako. Ohorea da herriarentzat bera horretarako prest egotea».

Igandeari begira, guztiek telebistari begira ikusi beharko dute finala, beste erremediorik ez eta. Pena handia du Saizarrek. «Behin iritsiko halako final batera, eta etxetik ikusi beharrak tristura eragiten du. Ni neu, oso urduri egoten naiz. Ederra izango zen Bilbora joatea. Halere, badakigu zein den egoera, eta telebista bidez bultzaka izango gaitu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.