Sinetsi egiten du

Athleticek Espainiako Kopako finalerako sailkatzea du jokoan, gaur, Granadan. Joanekoan 1-0 irabazi eta gero, gol bat sartzea izan daiteke kanporaketako giltza

haritz gallastegi
2020ko martxoaren 5a
00:00
Entzun
Athletic Espainiako Kopako finaletik pauso batera dago. Azken 11 urteotako laugarren finala izango litzateke. Bosgarrena Europa Ligakoa aintzat hartuz gero. Bizkaitarrentzat finalak jokatzea ohikoa dirudi azken hamarkadako emaitzak aintzat hartuz gero. Bi edo hiru urtetik behin izaten du txapelketa bat irabazteko aukera, allegia. Baina ez da horrela. Azken hamarkadakoa salbuespena da, Bosman Legea onartu zutenetik. Lehendik ere indartsuak ziren klubak munduko jokalaririk onenak fitxatzen dituzten selekzio bihurtu dira. Hori gutxi ez, eta telebista eskubideek are eta gehiago zaildu dute Athleticen ibilbidea. Horregatik, Athleticeko jokalariek zein jarraitzaileek aukera guztiak azkena izango balira bezala bizi behar dute. Sinetsi egiten dut aukera horietan, gainera.

Granadaren aurkako gaurko finalerdietako itzulikoak ilusio handia sortu du. Taldearen ligako jardunean eragin zuzena izan du. Athletic ez da gai izan bi lehiaketetan neurria emateko. Gaizka Garitanok Koparen aldeko apustua egin du, eta ligan ordaindu egin du. Jarraitzaileek, berriz, ez dute beste ezer buruan. Pentsa, gaurko partida ikusteko ia 4.000 sarrera eskari izan zituen Ibaiganek. Neurketa aste barruan eta Granadan jokatuta ere, bazkide askok izan dute neurketa bertatik bertara ikusteko interesa. Bazkide ez diren asko ere aritu dira sarrerak lortu guran. Gehienak etxean geratuko dira. Izan ere, Granadan ere ez baitute beste konturik. Hiria taldearen koloreekin jantzi dute gaurko egunerako. Taldeari harrera beroa prestatu diote autobusa Los Carmensera iristen denerako. Harmailak gainezka egongo dira.

Beraz, Athleticek presiopean jokatuko du. Granadak babes handia izango du. Baina Athleticek emaitza ona lortu zuen joanekoan. Zuri-gorriek gol baten errenta dute, eta, San Mamesen golik sartu ez zietenez, berdinketak ez eze gol batengatik galdutako ia edozein emaitzak ere balio die. Beraz, gol bat sartzeak asko emango lioke Garitanoren taldeari.

Dani Garcia gabe

Granada talde lehiakorra da. Gogorra. Indar handiarekin jokatzen du, eta hasieratik estutuko du. Athleticek sufritu egin beharko du. Prest dago horretarako, baina Dani Garciaren ekarpenaren falta sumatuko du, txartelengatik zigortuta baitago. Euskarria ezinbestekoa da defentsako lan sendoa egiteko. Gainera, boladagozoan dago. Mikel San Josek ordezkatuko duela dirudi. Bestalde, litekeena da zuri-gorriek hiru erdiko atzelarirekin aritzea. Williamsek, Yurik eta Iñigo Martinezek txartela ikusiz gero, eta Athletic finalerako sailkatuko balitz, ez lukete finala jokatuko. Granadan Soldado dago zigortuta.

GRANADA-ATHLETIC
Granada. Rui Silva; Victor Diaz, German, Duarte, Neva; Herrera, Gonalons, Foulquier, Puertas;Machis eta Carlos.
Athletic. Unai Simon; Capa, Yeray, Nuñez, Iñigo; Yuri; San Jose, Vesga; Muniain, Raul Garcia eta Williams.
Epailea. Del Cerro Grande.
Lekua. Los Carmenes (19.336 ikusle)..
Ordua.21:00 (Cuatro)..
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.