Tadas Sedekerskis. TD Systems Baskoniako jokalaria

«Sinetsi egin behar dugu Valentziari irabazteko gai garela»

Baskoniaren harrobiko jokalari gazteak Dusko Ivanovicen konfiantza irabazi du, eta jokalari garrantzitsua da taldean. Bihar ekingo diote ACB ligako lehen kanporaketari, Valentzian, eta baikor da Lituaniakoa.

SASKI BASKONIA.
Aitor Manterola Garate.
2021eko maiatzaren 30a
00:00
Entzun
Baskoniako Komunikazio arduradunari deitu, eta hark pasatu behar zion telefonoa Tadas Sedekerskisi (Nida, Lituania, 1998), baina Oiane Domaikak segituan: «Egon pixka bat, oraindik ez dute entrenamendua bukatu». Handik hamar minutura deitu dio kazetariari Domaikak, eta Sedekerskis jarri da.

Valentzia duzue zain bihar, ACB ligako lehen kanporaketako aurreneko partidan, han (19:45). Aurkari zailenetako bat da.

Oso talde ona da, bai, eta aparteko indarra dauka erasoan.

Zertan da ona Valentzia?

Oso ausartak dira, eta, konfiantza hartzen uzten bazaie, oso arriskutsuak. Barruko jokoan Dubljevic jokalaria daukate, esaterako, eta kanpoan, Prepelic eta Kalinic. Postu guztietan dira oso arriskutsuak, eta defentsako lan bikaina egin beharko dugu haien jokalariak geratzeko.

Baskoniak ez badu defentsa onik egiten, jai izango du kanporaketa honetan?

Uste dut gakoa izango dela guk defentsako lan ona egitea. Hainbat jokalditan oso onak dira: postean bikain jokatzen du Dubljevicek, blokeoan eta jarraipenean ere abilak dira Van Rossom eta Tobey, eta Prpelicen jaurtiketak. Horiek dira Valentziaren ezaugarri onenak.

Defentsako lanean, aldiz, ez da hain talde sendoa, ezta?

Tira, erasoan talentu gehiago dute, baina ezin dugu esan txarrak direnik defentsan. Azkenean, talde handia da: Euroligako Top 8an sartzeko atean geratu ziren, eta ACB ligan lau aurrenetan bukatu du.

Hainbat partida galdu dituzue ligako azkeneko zatian, eta nola dago taldea?

Aste honetan, oso entrenamendu onak egiten ari gara, eta oso motibatuta gaude Valentziaren aurka jokatzeko. Gogo handia daukagu, eta prest egongo gara borrokatzeko.

COVID-19aren eraginez [sei kasu taldean], hainbat astez egon zineten entrenatu ezinda. Erabat eten zizuen erritmoa.

Arazo asko izan genituen, birusarekin ez ezik, lesioekin ere. Lehiatzeko erritmoa galdu genuen, ia hilabete oso batez egon ginelako partidarik jokatu ezinda. Horrek kalte egin digu, baina eman diogu buelta, eta topera gaude berriz.

Denboraldi bukaera aldera geratu behar izatea eta berriz lehian hastea ez al da oso astuna?

Oso gogorra da. Denboraldia oso luzea izaten da, hamar hilabetekoa, eta Baskonian lan asko egiten da. Baina, irabazi nahi bada, lan handia egin behar da, eta sufritu. Gauzak ez dira besterik gabe lortzen. Hori barneratua izatea oso garrantzitsua da.

1.500 zale izango dira Fontetan bihar, baina Buesa Arenan ez asteazkenean. Ez da erabakigarria izango, ezta?

Gogoa dut zaleen aurrean jokatzeko, baina haiek gozatzea ere bada gure ardura. Pozgarria da pixkanaka-pixkanaka harmailetara itzultzen ari direla ikustea. Pena da Buesa Arenan ez izatea inor; haien falta sumatzen dugu.

Kanporaketa guztiak oraingoan hiru partidara izango dira, motzak: bi irabazi behar aurrera egiteko. Zer iritzi duzu?

Esan nahi du ez dagoela denborarik ezertarako. Esan nahi du ezin dugula lo atera jokatzera. Esan nahi du minutu bakoitza, jokaldi bakoitza erabakigarriak izango direla. Eta esan nahi du partida bat galduz gero ia-ia kanpoan zaudela. Kontzentrazio handiz jokatu behar dugu. Jokatu bakarrik ez, entrenatu ere bai. Horrela ari gara aste honetako aurreneko entrenamendutik, eta horrela jarraitu behar dugu azken partidako azkeneraino. Gero, jakina, sinetsi egin behar dugu Valentziari irabaz diezaiokegula. Irabazi egin behar dugu, ligako txapeldunak gu garelako.

Hauxe ari da izaten zure denboraldirik onena?

Zain egon naiz minutu asko jokatzeko. Aurreko sasoietan ez dut aukera handirik izan jokatzeko, eta jendeak ezin ninduen ikusi. Beti izan naiz oso langilea, eta beti jakin izan dut oraingo une hau helduko zela. Banekien erakusteko gai izango nintzela banaizela kapaz saskibaloian jokatzeko. Duskok [Ivanovic, entrenatzailea] konfiantza dauka nigan. Defentsan asko laguntzen dut, erreboteetan ere bai, eta postu askotan jokatzeko gai naiz. Hegaleko gisa jokatu dut, hegal pibot gisa ere jarri nau [Ivanovicek], baita pibot moduan ere. 23 urte dauzkat oraindik, eta ikasten segitu nahi dut, esperientziak pilatuz, eta jokatzen jarraituz. Ez dut nahi bilakaera on hau etetea. Lagundu nahi diot Baskoniari ahalik eta goren iristen.

Zure hobekuntza horretan hurrengo pausoak erasoan izan behar du?

Minutuak jokatzeko aukeraren zain pazientziaz egon naiz, eta erasokoa ere etorriko da. Duela pare bat urte ia inork ez zuen uste lehen taldera iritsiko nintzenik, eta heldu naiz. Orain, nahi dute erasoan puntu asko sartzea, baina ni lasai nago. Pazientzia berriz ere. Beti saiatzen naiz nire jokoari ekarpenak egiten, eta hori ere helduko da, lanarekin eta entrenatzailearen konfiantzarekin.

Lau aldiz bidali zaitu Baskoniak beste talde batzuetara utzita, Huescara, Burgosera eta Lituaniako Nevezis eta Neptunas taldeetara. Zer da gazte batentzat utzita joan behar izatea?

Dena da esperientzia. Burgoskoa gaizki atera zen. Gaztea nintzen, eta jokatu nahi nuen, baina ezin izan zen. Ez da ezer gertatzen. Gero, Lituaniara itzuli nintzen, etxera. Jokatu nahi nuen, akatsak eginez ikasteko, eta aurreko denboraldian, asko jokatu nuen. Berriz hasi nintzen gozatzen saskibaloian. Gazteek asko jokatu behar dute, huts eginez ikasteko.

Lituaniako selekziotik deitu dizute aurreneko aldiz, noiz eta Olinpiar Jokoetara sailkatzeko txapelketaren atarian.

Etxean jokatuko dugu, Kaunasen. Presio handia daukagu irabazi eta Tokiora joateko. Handia izango litzateke Baskoniarekin egiten ari naizen denboraldi onari selekzioarekin jokatzearena gehitzea.

Baskoniarekin duzun kontratua 2022an bukatuko zaizu. Berritzeko hizketan ari zarete bi taldeak?

Denboraldi amaieran lasaiago heldu diezaiokegu gaiari. Hala ere, beste sasoi bat geratzen zait, eta lasai nago. Baskoniak nahi badu, arazorik ez hitz egiteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.