Jon Bautista. Realeko jokalaria

«Sinesten dut nigan, eta helduko zaizkit aukerak. Ez dut presarik»

Irribarrea ezpainetan bizi da Bautista, pribilegiatu sentitzen baita Realean jokatuta. Orain arte asko jokatu ez arren, gustura dago egindako ekarpenarekin. Taldeari dagokionez, ez du kezkatzen azken boladako beherakadak, eta «unean uneko hutsen» ondoriotzat jo du. Baikor egoteko motiboak badirela uste du.

jon eskudero
Donostia
2017ko urriaren 6a
00:00
Entzun
Lehen agerpena egin zuela urte eta erdi joan den arren, ofizialki bi hilabete eskas baino ez daramatza Realeko jokalari gisa Jon Bautistak. Futbolaren gorenera iritsita pribilegiatu sentitzen da, baina oinak ondo lurrean ditu. Nabari zaio hizketarako garaian. Futbol munduak sortu ohi duen burbuilatik urrun, kaleko gazte bat da, atsegina eta naturala. Pozik dago orain arte egin duen lanarekin, baina ez da konformatzen erraza. «Gol asko eta asko sartu nahi ditut». Iraganaz, orainaz eta gehiagoz mintzatu da BERRIArekin, luze eta zabal.

Asteburuan ligarik ez, eta ezohiko astea duzue hau. Jende asko inguratu da zuek ikustera eta sinadurak eskatzera. Ohitu al zara egoera horretara?

Oraindik ere harritu egiten nau gure inguruan sortzen den mugimendu guztiak. Duela gutxira arte ni neu haur bat nintzen, eta gustatzen zitzaidan Realeko jokalariengandik gertu egotea. Orain, egoeraren beste aldean nago, eta pixkanaka ari naiz ohitzen. Talde barruan eroso sentitzen naiz, bat gehiago naizelako. Gainera, hamar urte daramatzat Zubietan. Kalean jendeak geratzen nauenean, baina, arraro egiten zait egoera. Hartuko diot neurria.

Zuk zeuk ba al duzu etxean gorderik txikitako sinadurarik edo?

Ez, baina makina bat bildutakoa naiz. Papera galtzea erraza da, badakizu. Elastikoak ere baneuzkan: Nihatena, Kovacevicena... Haiek ere bidean galdu dira. Bi jokalari horiek jokatzen zuten garaian bikain ari zen Reala, eta sutsu bizitzen nituen partidak.

Betidanik izan al zara Realeko zalea?

Bai, eta osabekin joaten nintzen Anoetara tartean, haiek bazkide baitziren. Gero, Zubietako harrobian sartu nintzenean, partidak gertuagotik ikusteko aukera izaten nuen, askotan baloiak biltzen jartzen gintuzten eta. Gogoan dut klubaren mendeurreneko partidan han izan nintzela, Casillasen atearen atzean. Gogoratzen dudanez, Realak 0-1 galdu zuen Real Madrilen aurka.

Zein jokalari izan duzu ispilu?

Nola ez, Kovacevic asko gustatzen zitzaidan. Guztiontzat eredu zen. Nazario Ronaldo ere bikaina zen. Halere, Forlan gustatzen zitzaidan gehien. Haren jokatzeko moduak asko erakartzen ninduen, eta hainbat bideo dauzkat ikusita. Era guztietako golak sartzen zituen.

Txikitatik izan al zara futbolaria?

Bai, baina gauza gehiagotan ere ibiltzen nintzen: euskal dantzan, pilotan, eskubaloian... Besteak beste, eskubaloian maila polita neukan, eta galdetu zidaten ea talde indartsuago batean hasiko ote nintzen. Ordurako Realean probak egiten ari nintzen, eta ezezkoa eman nuen. Halabeharrez, futbolera soilik bideratu nuen kirol bizitza, eta ondo atera zait apustua.

Aurrelaria zara orain, baina beste postu asko probatu izan dituzu, ezta?

Bai. Touringen, Errenteriako taldean, zelai erdian jokatzen egin nituen bi urte oso. Gero, Realera etorri nintzenean, hamabi urterekin, defentsako eskuin hegalean jarri ninduten. Txikitan handia nintzen gainerakoekin alderatuta, eta, abiadura ere banuenez, uste dut horregatik jarri nindutela postu horretan. Gero toki gehiago ere probatu nituen, baina, azkenean, aurrelari gisa amaitu nuen.

Posturik zailena ez al zenuen aukeratu?

Egia da aurrelariarena oso postu konplikatua dela, baina nik hor jokatzen dut gustuen eta erosoen. Beti esan didate area barruan gol sena badudala.

Familia futbolzalekoa al zara? Osaba futbolaria baitzenuen.

Realaren bigarren taldean ibili zen, baina ez zuen lortu azken jauzia ematea. Halere, Bigarren Mailan hainbat taldetan jokatu zuen: Eibarren, Burgosen, Lorcan, Celtan... Gurasoak ez hainbeste, baina familiako beste kideak oso futbolzaleak dira, eta hortik datorkit zaletasuna. Orain, guztiek jarraitzen eta babesten naute. Hasieran beldur pixka batekin hartu genuen dena, mundu handi batean sartzera bainindoan, baina ari gara ohitzen. Zorionez, oraindik kritika askorik ez zaigu ailegatu.

Familian ez ezik, lagun kuadrillan ere maite dute futbola, ezta?

Izugarri. Iazko apirilean egin nuen debuta Vila-realen, eta, lehen taldearekin bidaiatuko nuela jakin bezain laster, kuadrillako lagunei idatzi nien. Bi aldiz pentsatu gabe, autoetan banatu eta Vila-realera joan ziren. Beraiekin ere, nola ez, nire aita izan zen. 89. minutuan zelairatu nintzen, eta txikitako ametsa bete nuen, debuta eginda. Hori bai, bigarren taldearekin jokatzen nuenean ere lagunak beti etortzen ziren ni ikustera, etxeko partidetan. Haien laguntza handia dut.

Haiek futbolzaleak, eta zu lagunzalea.

Egunero geratzen naiz haiekin. Gurasoen etxean bizi naiz, Errenterian, eta arratsalderoko plana da lagunekin egotea. Futbol mundutik aldentzeko modurik onena izaten da.

Jaten futbolak ematen dizu, halere. Badirudi luzerako iritsi zarela lehen taldera, ezta?

Hala nahi nuke. Denboraldia hasterako banekien zail izango nuela asko jokatzea, lehiakortasun handia dagoelako, baina pozik nago orain arteko ekarpenarekin. Beti izan dut konfiantza handia neure buruarengan, banekien aukerak izango nituela, eta, adibidez, Zeniten aurka hasieratik jokatu nuen. Opari polita izan zen. Ez zen egunik onena izan, egurra eman zigutelako, baina ikusi ahal izan nuen entrenatzaileak nirekin kontatzen duela.

Willian Jose, Agirretxe, Juanmi... Lehiakide handiak dituzu.

Oso zaila daukat asko jokatzea, batez ere Willian Jose oso ondo ari delako. Golegile petoa da, eta gure jokoan garrantzitsua. Alde onari begiratu behar diot. Harengandik asko daukat ikasteko, bizkarrez jokatu behar dudanean ez bainaiz oso ongi moldatzen. Maisurik onena etxean daukat, eta, hobetuz joanda, iritsiko da nire garaia. Ez daukat presarik.

Athleticek atea jo zizun. Zenbaterainoko tentazioa izan zenuen Reala uzteko?

Eskaintzak egon edo ez, banekien nire etorkizuna Realean eraikitzeko aukera nuela, eta ez nuen bi aldiz pentsatu. Non egongo naiz etxean baino hobeto! Reala da nire kluba, beti amestu dut lehen taldeko jokalaria izatearekin, eta orain ez dut alde egingo. Klubeko arduradunek konfiantza dute nigan, 2023ra arte daukat kontratua, eta oso lasai nago.

Izan ziren egun batzuk prentsan zure izena tituluetan agertu zena. Lo lasai egiten al zenuen?

Zortea izan nuen. Eskaintzak jaso nituen egunetan isilik egon zen kontua, eta prentsan ez zen agertu halako konturik. Kazetariek gerora jakin zuten Athletic nire bila etorri zela, baina ordurako amaituta zegoen kontua, eta ni oporretara joana nintzen. Lasai asko egon nintzen hemendik kanpo.

Realean geratu, eta lidergoan hasi zenuten sasoia. Orain behera egin duzue nabarmen. Nola azaldu halako gorabehera?

Ilusio izugarria sortu zen denboraldi hasieran, jokoa eta emaitzak bikainak izan baitziren. Gerora gauzak ez dira hain ondo joan, baina, nire iritziz, ez da izan taldeak erantzun ez duelako. Ia beti ongi lehiatu gara, baina unean uneko hutsegiteek kondenatu gaituzte. Batez ere defentsan izandako okerrengatik bolada txarrean murgildu gara. Bestalde, egun gutxitan partida asko ere jokatu behar izan ditugu, eta horrek eragiten du. Talde honek indar handia du, eta, hutsegite horiek zuzenduz gero, onenen artean ibiliko gara, ziur nago. Ligako etenaldiak mesede egin digu, orain arteko lana hausnartzeko eta jokalariak indarberritzeko. Duela hilabeteko jokora itzultzea da helburua.

Eta zein da luzera begirako xedea?

Jokatzen dugun dena irabaztea, baina badakigu hori ezinezkoa dela. Nik neuk Europan ahalik eta urrunena iristea markatuko nuke helburu gisa. Taldeak badu horretarako gaitasuna, nahiz eta Zenitek erakutsi zigun zer den Europa. Ikaragarrizko giroa jarri zuten zaleek harmailetan, harrituta geratu nintzen, eta zelaian ere jan egin gintuzten. Lezioa ikasia dugu. Titulu bat lortzea latza litzateke. Zaleek merezi dute.

Zuk zer helburu pertsonal duzu?

Ahalik eta gol gehien sartzea. Jokatzen ditudan minutuei etekina ateratzen saiatuko naiz, horrek eramango bainau gero eta gehiago jokatzera. Horrez gain, hobetzen jarraitu nahi dut, eta Lehen Mailari neurria hartzea. Aldaketa handia sumatu dut gorengo mailara iritsita. Espazio gehiago egon ohi dira min egiteko, baina zailagoa da, jokalari denak oso azkarrak direlako.

Zertan duzu hobetu beharra?

Uste dut nahiko ondo moldatzen naizela erasoko mugimenduetan eta area barruko jokaldietan, baina bizkarrez jasotako baloietan badut zer hobetu. Halere, Eusebiok beste gauza bat eskatzen dit: odol hotzari eustea. Presioa egiten dugunean itsu-itsuan ibiltzen naiz lasterka, eta ikasi behar dut ero moduan ez jokatzen. Emozioak kontrolatu beharra dago.

Herritarra duzu eredu onena: Jesusmari Zamora.

Ez dut sekula berarekin egoteko aukerarik izan, baina asko hitz egin didate sartzen zituen golei buruz. Nahiz eta inoiz ez dudan ikusi jokatzen, oso ona omen zen, eta ondo merezita irabazi du ospea gure herrian. Denentzat eredua da. Ea posible dudan bere mailara gerturatzea. Saiatuko naiz.

Lehengoak joan ziren, eta oraingook sortu duzue ilusioa. 95eko belaunaldiak eman du fruitua.

Guztira bost gazte igo gaituzte lehen taldera, eta harro egoteko modukoa da. Bistan dago klubak konfiantza duela harrobian, eta lagun kuadrilla bat elkarrekin goi mailan aritzeak ez du preziorik. Uste dut etorkizun ona izango duela taldeak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.