Sinestea bakarrik falta

Irene San Sebastian tolosarrak bigarren postu ona lortu du Espainiako Errepideko Txapelketan, Anna Ramirez kataluniarraren atzetik

Eider Merino, Irene San Sebastian, Sheyla Gutierrez, Anna Ramirez, Alicia Gonzalez eta Leire Olaberria, atzo. RFEC.
unai zubeldia
2014ko ekainaren 29a
00:00
Entzun
«Gozatu egin nahi dut esperientzia honekin». Hala adierazi zion Irene San Sebastianek (Bizkaia-Durango) BERRIAri martxoan. Gantetik. Flandriatik. Erasmus bekarekin, tolosarrak han egin du Arkitekturako ikasketen amaierako proiektua. «Eta esperientzia honek erakutsi dit egunez egun bizi beharra dagoela, ezin dela egin etorkizuneko planik. Ez dut baztertzen ezer». Eta hobe du ez baztertzea, bi gurpilen gainean jartzen den bakoitzean erakusten duelako zenbateko balioa daukan. Klasikozale amorratua da izatez, eta maila altua eman zuen atzo ere Espainiako Txapelketan, errepideko proban. Ez zuen irabazi. Urrun geratu zen Anna Ramirez kataluniarraren balentria. Baina zilarrezko domina kolkoratuta biribildu zuen orain arteko denboraldi ona.

Ikasketak eta txirrindularitza uztartuz, dotorea ari delako izaten tolosarraren garapena. Bere burua harrituz ekin zion denboraldiari, Flandriako klasikoetan —11. izan zen Omloop Het Nieuwsbladen, eta zortzigarren Cholet Pays de Loire Damesen—. «Bertakoek baietz esaten zidaten, emaitza onen bat lor nezakeela. Baina nik ez nuen sinesten». Martxoko hitzak dira, baina sinesten hastea hobe du, gaia badaukalako barru horretan. Hamabigarren izan zen gero Dottignieseko Sarian, 27. EPZ Omloop van Borselen, 28. Maarten Wynants Sarian... Atzo erakustaldi dotorea eman zuen Ramirezek, helmugara iristeko 30 kilometro falta zirela erasoa jo eta, Ponferradako helmugara iritsi artean, erlojupeko lan bikaina eginda. 2.52 minutura iritsi zen bigarren taldetxoa, eta hirugarrenez irabazi zuen Espainiako Txapelketa; orain hamar urte irabazi zuen lehenengoz.

Leire Olaberria, laugarren

Ramirezengandik urrun, San Sebastian bizi ibili zen gero lau txirrindulariko esprintean, Sheyla Gutierrez errioxarrari eta Leire Olaberria eta Eider Merino euskal herritarrei aurrea hartuta. Horixe falta izan zuen podiumak bete-betea izateko, Olaberria edo Merino ere bertan izatea. Hori bai, oso aipagarria izan zen ikaztegietarraren lana, laugarren postua gehitu ziolako erlojupekoan lortutako urrezko dominari. Merinok, berriz, zilarrezko domina eskuratu zuen 23 urtez azpikoetan, Sheyla Gutierrezen atzetik. Sailkapenean atzerago eginda, zazpigarren eta zortzigarren amaitu zuten, hurrenez hurren, Ainara Elbusto eta Gloria Rodriguez nafarrek, hamargarren Dorleta Eskamendik, hamabigarren Lierni Lekuonak eta hamahirugarren Ane Santestebanek; gipuzkoarrak hirurak.

Gizonezkoen txanda izango da gaur Espainiako Txapelketako errepideko proban. Erlojupekoan gertatu bezala, Movistarren esku egongo da lasterketaren kontrola. Besteak beste, dominen borrokan sartzeko aukera ona daukate Ion eta Gorka Izagirrek, Jonathan Castroviejok, Imanol Erbitik, Beñat Intxaustik eta Igor Antonek. 09:30ean hasiko da proba, eta 200,8 kilometro egin beharko dituzte —11 itzuli zirkuituari—. Gainerako herrialdeei dagokienez, Italiatik iritsi zen albistea, denboraldiko lehen garaipena eskuratu zuelako Vincenzo Nibalik. Tourraren atarian, motibazio iturri izango du atzoko balentria.

Tamalez, ordea, gainerako albisteei gaina hartu zien Roman Kreuzigerren (Tinkoff) «pasaporte biologikoko irregulartasunek». Txirrindulariak dena ukatu duen arren, egoera argitu bitartean taldetik kanpo utziko du Tinkoffek. Ondorioz, txekiarra ez da ariko Tourrean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.